Castejongo zentral termikoak zuritzeko saiakera berria salatu du Sustrai Erakuntzak

  • Europako eskakizunei jarraituz, Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri du hiru zentral termikoen Ingurumen Baimen Bateratuaren berrikuspena. Sustrai Erakuntzaren ustez, gobernuak hori baliatu nahi du Castejongo zentral termikoak balioztatu eta martxan mantentzeko.


2021eko ekainaren 23an - 10:54
Azken eguneraketa: 13:01
Argazkia: Ekologistak Martxan

Zentral horietan elektrizitatea ekoizten dute gas naturala erreta, eta elkartearen ustez, “zaharkituak daude, gutxi erabiltzen dira eta legez kanpokoak dira”. 2000. urtean hasi ziren eraikitzen, 2002an martxan jarri eta 2007an bukatu zen proiektua. Hala ere, azken hamarkadan ia geldi egon dira, bai 2008tik aurrera elektrizitate kontsumoak izan duen beherakadagatik, bai gero eta energia berriztagarri gehiago ekoizten delako.

2019an gorakada handia izan zuten: dauden hiru zentralak –bi Total-enak dira eta bestea Iberdrolarena– 10.000 ordutik gora aritu ziren jardunean, baina aurreko zazpi urteetan geldirik egon ziren, eta 2020an eta 2021ean, OMIE Elektrizitatearen Merkatu Iberiarreko Operadorearen datuen arabera, ordu gutxi batzuk baino ez dira ibili.

Sustrai Erakuntzak bere webgunean zehazten duen gisan, “Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentua instalazio horien Ingurumen Baimen Bateratuak berritzeko izapideak egiten ari da gaur egun. Dokumentu horiek instalazio horien funtzionamendu-baldintzak arautzen dituzte. Kanporatu ditzaketen kutsatzaileen kantitateak zehazten dituzte, bai eta ingurumenean eta pertsonen osasunean izan ditzaketen inpaktuekin zerikusia duten beste baldintzatzaile batzuk ere”.

Ingurumen elkarteak susmoa du airera egiten diren isurketak neurtzeko hainbat neurgailu kentzeko saioa egon daitekeela eskakizun berria finkatzean. Salatzen du, halaber, zentralak Castejongo hirigunean daudela, etxebizitzetatik 500 metrora, eta hor jarraituz gero kutsadura akustikoa sortzen jarraituko dutela, “enpresak zeharka aitortzen ari diren bezala”. Enpresek argudiatzen dute lehendik dagoen instalazioa dela eta hori ezin dela aldatu.

Legearen eremuan, Espainiako Auzitegi Gorenak aspaldi eman zien arrazoi Castejongo herritarrei zentralak itxi beharra eskatu dutenean, baina Sustraik salatzen duenez, enpresek eta administrazioak orain arte zirrikituak bilatu dituzte zentralek zabalik jarrai dezaten, eta bere ustez, epai horien exekuzio posible bakarra zentralen desegitea da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Castejongo zentral termikoak
2019-04-12 | ARGIA
Castejongo zentral termikoa gelditzea eskatzen dutenei Auzitegi Gorenak berriro ere arrazoia eman die

Duela 14 urte Elerebro zentralaren bigarren taldea ezartzeko baimena eman zen. Oraindik ere Castejoneko bizilagunek, Sustrai Erakuntza Fundazioarekin batera, auzitan jarraitzen dute justizia egin dadin, Nafarroako administrazioen laguntzarik gabe. Madrilgo Auzitegi Gorenak... [+]


2017-07-11 | Xalba Ramirez
Nafarroako Plan Energetikoaren barruan Castejóngo zentralak eraistea eskatu du Sustrai Erakuntzak

Nafar Gobernuak energia plan berria aurkeztu du “2030 Ikusmuga Plan Energetikoa” zirriborroan. Energia berriztagarrien erabilpena %21etik %51ra handitzeko asmoa duen arren, planak Castejóngo zentral termikoak ixteari buruz ez duela ezer esaten salatu du... [+]


2017-02-10 | Unai Brea
Castejóngo zentrala ixteko epaia oraindik ez bete izana salatu dute

Joan den urrian eman zuen Espainiako Auzitegi Gorenak Elerebro enpresak Castejónen dituen bi zentral termikoetako bat ixteko epai irmoa, baina ez da oraindik bete, hainbat gizarte taldek eta gaia daramaten abokatuek prentsaurreko bidez salatu dutenez. Horrenbestez, lanean... [+]


Castejongo bigarren zentrala ixteko epaia eman du Espainiako Auzitegi Gorenak

Zentrala hirigunetik 2.000 metro baino gutxiagora dagoela eta ilegala dela berretsi du epaileak. 2007an eraiki zuten ziklo konbinatuko zentral termikoa itxi egin beharko du Elerebro enpresak.


Eskari falta Castejongo zentral termikoak kolpatzen ari da

Aurreikusitakotik oso behera dago Castejongo zentral termikoen funtzionamendua. Eskari falta dela eta, apenas ari diren erabilera orduak pilatzen.


Eguneraketa berriak daude