Burujabetzaren izenean, solitarioan tranpetan

  • Panorama politikoa etsigarria da. Umezurtz sentitzen gara herritar asko: agintean daudenak, eta oposizioan daudenak ere, ez dira ausartzen esatera bizimodu kapitalista ero hau amaitu egin dela.


2022ko azaroaren 18an - 07:37

Hainbatetan burujabetzaren izenean gabeziak ezkutatzen dira. Hitzaren ponpoxoan hartzen du demagogiak babeslekua; eta geure buruari egin nahi dizkiogun tranpetan erori.  Orain dela urte batzuk, arduradun politiko batek adierazi zuen elikadura burujabetzaren bidean ekarpen interesgarria zirela Gaubean ekoizpen hidroponikorako eraikitzekoak ziren negutegiak. Horrela, Almeriatik edo Marokotik ekarri beharrean, izango genuela, urte osoz, bertako tomatea.

Eskuinak duen burujabetzaren kontzeptuan, baztertu egin du eskualdean zer nolako inpaktua izango duen proiektuak. Ahaztu egin zaio aipatzea Hispalus multinazionalaren ekimena dela –bertan Cultivos Araba izena hartzen badu ere–, tartean bertako inbertitzaileak –Eroski...– dauden arren, dirua ez dela bailaran geldituko. Pasatu, aipatzea negutegi horien funtzionamendurako behar den energia kontsumoa –gasa eta argindarra– eta landare horiek lurrik gabe hazteko behar dituzten produktu kimikoak. Neiker eta Haziren babesa du proiektuak.

Bi hilabete pasatu dira zentral eolikoen bueltako elkarrizketa batean Gipuzkoako hautetsi batek baserritar bati esan zionetik arazoa dela denoi gustatzen zaigula urdaiazpikoa jatea, baina inork ez duela makrogranja bat etxe ondoan nahi.

Ezkerrekoak onartuta dauka urdaiazpikoa izango bada, haragi-fabrika batean gizendutako txerri batena izango dela eta animaliak ez duela eguzkia ezagutuko eta lotuta egongo dela azkarrago gizentzeko. Barneratu du mokadu horrek ekarriko duen kutsadura, natural-natural; eta txerriak bere bizitza osoan jan duen guztia Bilboko portutik edo autopistaz sartu dela. Denak baitu prezio bat, kaltea jokoaren parte da.

Bata eskuin bestea ezker, biak ari dira solitarioan tranpak egiten, biak menpeko. Izan ere, errealitatea tematia da, eta tomateak sasoitik kanpo eta lurrik gabe sortu nahi izanez gero, gerta liteke batzuek argindarra, gasa eta uraren prezioak igotzea erabakitzea; eta alferrik izendatu zuen tokiko erakundeak interes publikokoa tentsio erdiko linea elektrikoa. Hara non 15 hektarea zirenak bostean geratzen diren; eta pasa den irailean saltzeko prest izango zenituen tomateak oraindik ere ez omen dira heldu.

Zentral eolikoa defendatzeko urdaiazpikoaren argudioa erabili zuena ez da konturatu ez ditugula haragi- edo esne-fabrikak nahi ez Euskal Herrian ez inon; badirela inguruan baserritarrak txerriak libre eta errespetuz hazten dituztenak; bere alderdiak ere ez duela gustuko ekoizpen eredu industriala, eskuinekoak bultzatu duen tomate-lantegi horren kontra ere hitz egin duela, publikoki.

Lehenengoak ezkerrak erabiltzen duen kontzeptua bahitu egin du eta burujabetzatik gutxi duen proiektua babestu, dituen erakunde guztietan. Bigarrenak eskuinak darabilen arrazoi bera bota dio herriko mendian zentral eolikoa etxe ondoan izango duenari. Almerian edo Mauritanian badaude, hemen nahi ez izatea, zurikeria galanta.

Biei ahaztu egin zaie burujabe izateak, nahitaez, esan nahi duela egingo duzun ala ez erabakitzea; eta, egitekotan, prozesuak kontrolatzea, hasieratik bukaera arte, ondorioz, bertan egiten den inbertsioaren etekina –ez bakarrik ekonomikoa– bertan gelditzea. Eta hori horrela da bizitzaren edozein arlotan, baita elikadura eta energia esparruetan ere.

Burujabetzaren izenean denak ez du balio, eta ereduari erreparatu ezean, menpeko izango gara, nahiz eta solitarioan tranpak egin. Nire ustez, aukera bakarra dago burujabetzaren bide horretan, eta irizpide hauetan ardaztu beharko genuke edozein erabaki, baita energiarekin lotutakoak ere: ekologikoa, gertukoa, pertsonen neurriko proiektuak, ekonomia sozial eta solidarioan oinarritu.

Izango al da ekologikoa landa-eremua eta mendiak zentral eolikoz edo eguzki plakaz betetzea? Non geratzen da bioaniztasuna, non bertan bizi direnekiko errespetua? Nola babestuko gaitu mendiak, guk bera babestu ezean?

Zer gertuago energia kontsumitzen den lekuan bertan ekoiztea baino, izan etxea edo bestelako eraikina? Zer egokiago ahalik eta kable eta instalazio txikiena egitea baino?

Aerosorgailu handi horiek noren tamainakoak dira, multinazionalenak ala azpian bizi diren pertsonen neurrikoak? Nor zorpetuko dute? Egiatan kapitalaren logikatik at dago burbuila berdea? Benetan uste dute multinazionalak pertsonen beharrak asetzera etorri direla?

Egia esan, panorama politikoa etsigarria da. Umezurtz sentitzen gara herritar asko: agintean daudenak, eta oposizioan daudenak ere, ez dira ausartzen esatera bizimodu kapitalista ero hau amaitu egin dela. Nahiago dute alderdia elikatzen jarraitu, aparatua, herritarrekiko duten ardurari erantzun baino.

Nola egokitu gizartea eta ekonomia energia kontsumoa nabarmen jaisteko? Zer nolako antolaketa izango dugu petrolioa eta beste lehengai asko hona heltzen ez direnean –edo ez behintzat gehiengoarentzat–? Inork pentsatu al du, modu errealista batean, zer industria mota behar dugun –behar– ongi bizitzeko? Nola egokitu balioko ez duten horiek pertsonen egiazko behar horietara, baliabideak ahalik eta hobekien aprobetxatzeko? Noiz aldatuko legeak ahalbidetzeko norberak bere etxean, enpresan edo komunitatean burujabe izateko energia mailan? Elikaduraren inguruan bada lanketarik, herritarron bertako janari osasungarria bermatzeko? Zer toki izango du lehen sektoreak, zer funtzio beteko landa-eremuak eta nola babestu pertsonak? Zer estrategia dago jendea baserrietara etortzeko, modu errealista batean –berriz ere– hiperteknologizaziorik gabe? Borondate politikoa baino ez da falta beste bizimodu bati ekiteko.

Norabidea aldatu behar dugu, berandu baino lehen. Pausoak eman behar garapenaren izenean sortu dugun munstroa deseraikitzeko. Eta eginkizun hori gobernuetan dauden arduradun politikoei dagokie, dudarik gabe. Ezkerrari dagokio, orain ere, errealismotik abiatzen den pertsonentzako proiektua irudikatu eta herritarrekin lantzea, gerra eta kapitalaren logiketatik at; non natura ustiagarria izatetik bidelaguna izatera pasatuko den.

Ezin ezkuta hitzen atzean. Ezin jarraitu solitarioan tranpak egiten.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude