Bizkaiko zaborren formula


2013ko otsailaren 21an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

Berrian Maite Asensio Lozanok bildu duenez, “Azpiegiturak teknologia ‘modernoena’ erabiliko duela nabarmendu du ahaldun nagusiak. Hala, ‘inbidia emateko moduko’ instalazioa dela gaineratu du, Gipuzkoako bizilagunei begiratuta: ‘Beste batzuek gurako lukete guk arlo honetan lortu dugun maila lortzea. Hemendik ez oso urrun, oraindik ez dakite zer egin biltzen duten zaborrarekin’”.

Hain ‘inbidia emateko modukoa’ ote da Bizkaiko hondakinen kudeaketa?. Titulu eta foto deigarrien azpiko letra txikia leitu beharra dago hobeto jakiteko. TMB berria zertara datorren, alegia. Gipuzkoarako ere bai baitago TMB bat aurreikusia. Arraizen Bizkaiko Foru aldundian eraiki duen TMB berria loturik dago Zabalgarbi errauste plantaren beharrekin. Berrian eta Deian ez dira zifrak berdin eskaintzen, baina bien kroniketan ere nabarmen ageri da TMB honek bertara eramandako zaborretatik gutxiena birziklatuko duela eta gehiena errausteko prestatu.

Hondakinez zerbait irakurri duenak badaki etxeetatik zaborrak ondo berezita ez biltzekotan, Ecoparque formula dela errauste plantei janari hobea emateko modua, hala dira Katalunian eta hala izanen dira Baionan bezala Bilbon. Funtsean, etxeetako hondakinen %40 baino gehiago den organikoa (txarri-jana) lehortzeko. Organiko bustiak berotze ahalmena kentzen dio zaborrari, paperak ondo erretzen dira, plastikoek bero handia ematen dute, zapi eta oihalek ere bai, baina organikoa hezea da. Tratatu dezagun zaborra organikoa lehortzeko, bide batez ahal den gasa kenduz, eta zaborrari berotze ahalmena handitu diogu.

Baina diru kontuei ondo erreparatu. Formula honek baditu irabazle gutxi batzuk eta gehiengo zabala osatzen duten petzeroak. Nork pagatu du TMB berria? Bizkaitarrek beren zergekin pagatu dituzte hor gastatu diren 43 milioi euroak. Zertarako? Zabalgarbi konpainia pribatuak kiskali behar dituen hondakinak erretzeko hobeto prestaturik eskuratu ditzan. Beraz, Bizkaiko herritarrak kaleko kontainerrean (ez Hernanikoak bezalako poste itsusi horietan, Jainkoarren!) lagatako bere zabor nahasia pagatu du behin eta berriro: biltzeagatik pagatzen dio multinazional handi bati, lehortuz tratatzeko TMBa eraikitzeko pagatu du, Zabalgarbi konpainia pribatuak kudeatzen duen azpiegiturak eraikitzea pagatu zuen, zaborrak Zabalgarbin kiskaltzea pagatzen du, Zabalgarbik kiskalitako tona bakoitzaren 1/3 diren eskoria eta errautsak nonbait uztea pagatzen du ostera… Ez aipatzearren erreketak sortutako kutsaduraren ondorioak, horiek kalkuluetatik kanpo geratzen dira beti. Bizkaiko hondakinen benetako kostea zehaztu beharko luke auditoria on batek… baldin eta egia bada diru publikoak urri direla eta behar sozialak izugarri handi.

Bizkaiko hondakinen formulak, hala ere, badauka are arazo larriagoa, ondoko lurraldeekin alderatzen hasita. Okerrena egiten dutela ere, Gipuzkoak eta Nafarroak oraindik erabakitzeko ahalmena daukate. Bizkaia urte luzetarako dago Zabalgarbiko inbertsioei kateaturik. Bihotza errauste planta duen kudeaketa eredu hori dela medio, bizkaitarrentzako gehiago birziklatzea arazoa da.

Oharra: Artikulu hau Pello Zubiriaren Xehe blogetik hartua da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Espainiako Estatuan inoiz baino ur gehiago botilaratu da, eta behera egin du Hego Euskal Herrian

2022an errekor historikoa hautsi zen Espainiako Estatuan, ia 8.700 milioi litro ontziratu baitziren, Geologia eta Meatzaritza Institutuaren estatistikaren arabera. Aurreko urtean baino 580 milioi gehiago dira horiek, eta 2019an ezarritako mugarria baino % 4,8 gehiago.


Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude