Bizkaian arte eszenikoak sustatzeko laguntzak kendu izana salatu dute ekoizleek

  • Bizkaiko Foru Aldundiak ezabatu egin ditu ekoizpen eszenikoen sustapenera bideratutako diru-laguntzak, Eskenak (Euskadiko Ekoizle Eszenikoen Elkartea) prentsa ohar baten bidez salatu duenez. Aldundiaren aurrekontu osoa iazkoa baino %2,6 handiagoa izan arren Kultur sailarena %5,4 jaitsi dela azpimarratu dute, halaber.


2016ko maiatzaren 16an - 13:11
Iaz 80.000 euro bideratu zituen Bizkaiko Aldundiak antzerki eta dantza ikuskizunak sustatzeko.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

“Arte eszenikoak sustatzeko zegoen diru-laguntza bakarra ezerezean utzi dute, sektorean ari diren enpresen alderdi ahulenetariko bat izan arren”, adierazi du Eskenak.

Hutsaren hurrengotik hutsera

Aldundiaren erabakiak berez estua zen egoera okertuko du, Eskenaren ustez, kendutako diru-laguntza murritza baitzen bestela ere: 80.000 euro.

Krisiak gogor jotako sektoreari beste traba bat ipini diotela nabarmendu dute ekoizleek, BEZaren igoeraren oraindik jasaten ari direnean.

Haien esanetan, Aldundiko Kultur Sailaren aurrekontu jaitsiera ez da neurri berekoa izan haren azpiatal guztietan: “Antzerki konpainiei, katearen begi ahulenari, zuzen-zuzenean eragingo die”. 

Aldundia, "harrituta"

Eskenaren oharraz galdetuta, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur Sailak adierazi du Sareari (EAEko Antzoki Sarea) emandako laguntzak lehenetsi gura izan dituela, "sareko programazioa estimulatzearren". Zehazki, 2016an 600.000 euro bideratuko dituzte Sarean dauden Bizkaiko udalentzat eta haien barruko erakunde autonomo, sozietate publiko eta fundazio publikoentzat. "Helburua Bizkaiko antzoki publikoen programazioei laguntzea da". 

Aldundiko iturrien arabera harrituta geratu dira Eskenak hedabideetara bidalitako oharra ikusitakoan. Gehitu dutenez, Eskenarekin egindako azken bileran 2017rako laguntza-politika hobetzeko proposamena egin zezan eskatu zioten elkarteari, baita akordiorako deia egin ere, baina hark ez die erantzun.


Eguneraketa berriak daude