Azken txanpan sartu da Bizitza Da Handiena: pentsiodunen manifestazioa eta okupazioaren azken gaua

Zuzeneko jarraipena
  • Maiatzaren 19tik 26ra Donostiako kaleetara ateratzeko dei egin du Bizitza da Handiena kanpainak. "Agintetik aurrera eramaten ari diren herritarron aurkako politiken aurka" eta "herritarron kapitalaren alde" egitea du helburu, eta hainbat sindikatu eta herri mugimenduk atxikimendua adierazi dute sare sozialetan. Turismoaren Mundu Erakundea asteartean iritsi da Donostiara, eta Bizitza Da Handienak ekimen ugari antolatu ditu horren kontra.

"WTO (World Tourism Organization) go home" dioen pankarta Londres hotelaren aurrean. (Argazkia: Lander Arbelaitz)

2018ko maiatzaren 24an - 09:15
Gakoak
2018-05-16
2018-05-16
Goizean Polizia erakinera hurbildu da eta kide bat identifikatu dute

 

Astebeteko behin behineko egitaraua publiko egin dute

Sare sozialen bidez aste osorako egitarau bat publikatu dute. Adierazi dutenez, hori jada lotuta dagoena da. Hortik aurrera, asanbladetan ekimen gehiago prestatzeko aukera izango da.

 

Eraikin publiko bat okupatu dute Donostian "Bizitza Da Handiena" astea hasteko
Argazkia: Noaua.


Donostian urte luzez itxita egon den eraikin publiko bat okupatu dute, Idiakez kaleko 6. zenbakian. Boulebarrean egina zeukaten deialdia, 11:00ak inguru 250 bat lagun atera dira trikilarien atzetik, Gros aldera lehenik, ondoren Victoria Eugenia eta Maria Cristina hotelaren aurretik igaro, eta Askatasunaren Hiribidetik Idiakez kaleko seigarren atera.

Aurretik sartuta eta zerraila aldatuta zeukaten kanpainako kideek. Iritsi eta dozenaka barnera sartu dira, kanpaina deitu duten eragileen banderak leihoetan jartzen hasi dira bi pankarta handirekin batera: "Herri boterea" eta "Poder popular".

Eraikinaren aurrean prentsaurrekoa eskaini dute, bertan adieraziz eraikin publiko hori urteetan itxita izan dela, "publikoa hitzak esan nahi du herritarrena dela, ez administrazioarena; eta herritarrok behar batzuk ditugu".

Agintariei ohartarazi diete legearen arabera, hamar eguneko epean ezin dutela polizia bidali, eta hau astebeteko kanpaina izango dela. Horrenbestez, polizia bidaliz gero legea urratuko luketela agintariek eta dokumentatu egingo dutela.

Arratsaldero 19:30ean asanblada deitu dute, eta eraikinetik botaz gero, "hiriko plazetan kanpaldia egingo dugu".

Arratsaldean auzolanera eta herritarrei bertaratzeko dei egiten ari dira.

Egin duten irakurketa

Hauxe da prentsaurrean irakurri duten mezua:

Iritsi da udaberria!

Ezerezetik bezala, baina batez ere behetik gora, herritarrok sorpresa eman dugu: Maiatzaren 19tik 27ra handiena bizitza dela aldarrikatuko dugu kalean eta elkarrekin! Has dadila festa!

Bizitza Da Handiena kanpaina, borroka sozialen aste hau, herri mugimendu eta sindikatu mordoaren indarren bateratze hau baliatuko dugu egunero egunero zapaltzen gaituzten horiei aurre egiteko, herri boterea eraikitzen jarraitzeko.

Herritarron gehiengoaren aurka eta gutxiengo baten alde inposatzen dizkiguten politika eta erabakiei aurre egiteko astea izango da.

Horren adibidea da 78ko Euskal Erregimeneko indar politikoek inposatu nahi diguten turismo eredu suntsitzailea. Turismo politika horren aurka hainbat herri ekimen garatu genituen Donostian joan den urtean eta zein izan da herri protesta horren aurrean instituzioek emaniko erantzuna? Batetik, hotel bat okupatu zuten 20 bat gazte donostiar auziperatu dituzte; bestetik, herritarrak zigortzeko isunak iristen hasi dira; eta, azkenik, inolako lotsarik gabe, agintariek diru publikoa xahutuko dute Turismoaren Munduko Erakundearen batzarra Donostian antolatuz. Herritarrez trufatu dira berriro ere. Eskandalu bat da. Nola ulertu horrelako jokabide arduragabea Donostian, hain justu turismoak itota duen gure hirian?

Desastre horren aurrean, herritar guztiei dei egiten diegu bizipoza hartu eta kalera ateratzeko, kaleak guztionak direla ozen esateko, eta ez kameraz bete eta bertan aurrez baimenik eskatu gabe biltzen garenean polizia bidaltzen duten instituzioetako jauntxoenak.

Aste oso bat ekimenez josiko dugu, kolorez jantziko dugu Donostia, elkartasunetik, alaitasunetik eta herritik borrokatuz. Astebeteko kanpaldi bat egingo dugu horretarako. Astebeteko kanpaldi bat abiatuko dugu, eta herritar guztiak deitzen ditugu arratsaldero 19:30ean egingo den asanbladan parte hartzera.

Etxean eta desanimatuta nahi gaituzten arren, kalea bizi-bizirik dago, bizi-bizirik gaude, gainean dauzkagun hauek nahi ez badute ere.

60 herri mugimendu eta sindikatuk babesten dugun mugimendu honek, beraz, instituzioei dei zuzen eta garbia egiten die: Herria gu gara, eta antolatuta gaude. Gutako inori eraso egiten badiozue, gutako guztiok erasotuko gaituzue, herria erasotuko duzue. Zuen bulegoetan herritarrak kontuan hartu gabe hartzen dituzuen erabakiak gure kontra doaz zuzenean, eta guk, bulegoak baino, plazak nahiago ditugu. Bizitza dugu aldarri eta horren alde egingo dugu.

Guk garbi diogu: ez dugu biolentziarik erabiliko, eta espero dugu boteretik ere ez erabiltzea. Lege eta politika injustuei aurre egiteko gure tresnak desobendientzia zibila, kolaborazio-eza, ekintza zuzena eta erresistentzia izango dira.

Eraikin publiko honetan sartu gara, urteak direlako hutsik dagoela hiri erdian, herritarren beharrak izugarriak direnean. Eraikin publikoak ez dira administrazioarenak, herritarronak dira, publiko hitzak ongi dioenez. Horregatik ireki ditugu ateak eta gardentasun osoz diogu, astebeteko Bizitza Da Handiena kanpainak iraun bitartean egongo garela hemen.

Okupazio mugimenduarekin lan egiten duten abokatuek argi diotenez, polizia ezin da sartu eraikin hau desalojatzera 10 eguneko epean, eta beraz, gu 7 egun egongo garenez, argi jakinarazi nahi dugu sartuko balira legea hautsiko luketela eta azken xehetasuneraino dokumentatuko genukeela gertakaria. Horrezaz gain, gure eskubideen aurka, eraikin honetatik botatzea erabakiko balute, kanpaldia egingo genuke hiriko plazetan. Beraz, bi aldiz pentsatu dezatela egin behar dutena. Izan ere, Donostialdean Udaltzaingoak, Ertzaintzaren laguntzaz, burutu dituen azken hiru kaleratzeak legez kanpokoak izan dira eta Erregimenaren prentsak gertakari larri hauek ezkutatu baino ez ditu egin.

Gauzak horrela, aste hau eta bere planteamendua babesten dugunok honakoak gara, orden alfabetikoan irakurriko ditugu:

Mugimendu Feministak bi ekimen: Gudaren aurkako emakumeen nazioarteko eguna eta pentsionisten manifestaziora blokea
Gipuzkoa Zutiken babesa eta Angula Ustelak hitzaldia

Gipuzkoa zutikek babesa adierazi dio BDH kanpainari eta maiatzaren 26rako Angula Ustelak hitzaldia antolatuko dutela Donostian jakinarazi dute.

LAB sindikatuaren babesa
Kortxoeneak ere deitu du larunbatera
CNT sindikatuaren atxikimendua
Kataluniarekin elkartasunez sortutako Oraingoan Bai plataforma
Euskal Herrian bizi diren galegoak
Txitxibitxiak Antiguoko Talde Feministak ere bat egin du
Ustelkeriaren aurkako Adi! elkartearen babes mezua
ELAren atxikimendua
Zinemaldi Alternatiboaren atxikimendua
Hotel+EZ kolektiboaren atxikimendua
Eleak mugimenduaren atxikimendua eta Mozal Legearen aurkako lasterketa
Askekintzaren atxikimendua
Ernairen atxikimendua
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak bat egin du kanpainarekin
Aske Guneak ere bat egin du Bizitza da Handienaren deialdiarekin

 

Donostiako feministak BDHrekin bat: "feminismoa herri borroka delako"

 

Donostiako Babes Sareak BDH kanpainari atxikimendua adierazi dio

 

Larunbateko deialdia indartzen ari da Bizitza da Handiena

 

Bizitza da Handienak larunbat goizean abiatuko du “borroka sozialen astea”

Bizitza da Handienak maiatzaren 19an goizeko 10:30ean Donostiako Boulebarrera agertzeko dei egin die herritarrei. “Borroka sozialen asteari” hasiera emango zaio orduan, eta “herritarron kapitala” aldarrikatuko dute, “agintetik aurrera eramaten ari diren herritarron aurkako politiken” aurka. “Adin eta esparru ezberdinetako jendea” deialdira agertzera animatu dute.

“Euskal Erregimenaren ereduari kontrapuntua” adierazteko ekingo dute astebetez, izan ere, horretarako “arrazoiak pilatzen” ari zaizkiela nabarmendu dute, eta borroka bateratuarekin erantzungo dute. “Etxean eta desanimatuta nahi gaituzten arren, kalea bizi-bizirik dago”, diote.

Prentsaurreko bidez azaldu duenez, herri mugimendu eta sindikatu ugarik bat egin dute Bizitza da Handiena kanpainarekin. Oraindik ez dute publiko egin eragileen zerrenda, baina aste honetan zabalduko dutela iragarri dute. Hala ere, hainbat eragile atxikimendua publikoki adierazten ari dira sare sozialen bitartez. Bestalde, “kanpainaren filosofiarekin bat datozen Euskal Herriko herri mugimendu eta sindikatuei” atxikimendua eskatu die. Horretarako, bizitzadahandiena@gmail.com helbidera idazteko eskatu dute.

Hainbat borroka eredu

Bizitza da Handiena kanpaina “ez da ezerezetik abiatzen”, adierazi dutenez: “Mundu mailan ematen diren esperientzia ugariren iturritik edaten dugu, baita Donostian gertatu direnetatik ere”. Eredu dituzten mugimenduen adibideak eman dituzte, kasurako: atxiloketen aurkako herri harresiak, etxe kaleratzeen aurkako borroka, 15M, Nuit Debout, “M8 emakumeok* planto” greba feminista, prekarietatearen aurkako langile mugimenduaren borroka edo pentsionisten mobilizazioak.

Aipatu borroka ereduetatik jarraiki, Bizitza da Handienak ere “desobedientzia zibila, kolaborazio-eza, ekintza zuzena eta erresistentzia” izango ditu borrokarako tresna. “Beren bortxa agerian utziko dugu guk biolentziarik erabili gabe”, esan dute.

 

<< <
1 2
> >>

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bizitza Da Handiena
2019-09-27 | Topatu.eus
Hainbat identifikatu egon dira Donostian protesta sozialaren aldeko elkarretaratzean
Bizitza Da Handiena ekimenak elkarretaratzea deitu du gaurko Donostiako epaitegien aurrean. Maiatzan izandako borroka astearen harira kide batek zuen gaur epaiketa. Ertzaintza bertaratu egin da eta hainbat kide identifikatu ditu.

2019-05-21 | ARGIA
Irailera arte atzeratu dute oraingoan eraikin publiko bat okupatzea egotzita egiten ari diren epaiketa

2018ko maiatzean borroka sozialen astea egin zuen Donostian Bizitza Da Handiena dinamikak. 2002tik itxita zegoen Gizarte Segurantzako Diru Zaintzaren eraikina okupatu zuten astebetez. Okupazio kolektibo horren arduradun gisa kide bakarra identifikatu zuen Ertzaintzak eta epaitu... [+]


2019-05-14 | ARGIA
Astebete atzeratu dute eraikin publikoa okupatzea egotzita egiten ari diren epaiketa

2018ko maiatzean borroka sozialen astea egin zuen Donostian Bizitza Da Handiena dinamikak eta 2002tik itxita zegoen Gizarte Segurantzako Diru Zaintzaren eraikina okupatu zuen astebetez. Okupazio kolektibo horren arduradun gisa kide bakarra identifikatu zuen Ertzaintzak eta... [+]


Gazte bat epaituko dute Bizitza Da Handienak astebetez eraikin publiko batean eginiko okupazioagatik

Iazko maiatzean antolaturiko Borroka Sozialen Astean okupatu zuten eraikina, protesta gisa eta soilik zazpi egunetarako. Okupazioa ez dela delituaa eta "publikoa dena herritarrena dela" aldarrikatuz, Bizitza Da Handiena dinamika osatu zuten eragileek elkarretaratzea... [+]


Eguneraketa berriak daude