Epaiketak hastear, abokatua ere auzipetu dutela salatu dute Bizitza Da Handiena-ko eragileek

  • Prentsara bidalitako ohar baten bidez jakinarazi dute joan den maiatzean Bizitza Da Handiena dinamikan parte hartzeagatik atxilotu eta identifikatutakoen aurkako epaiketak datorren astean hasiko direla. Kontzentrazioak deitu dituzte Egiako epaitegiaren aurrean, Donostian. Gogor salatu dute mugimendu sozialen abokatu Haizea Nuñez ere auzipetu izana, defentsa lanak egiten aritu zen arren. Gaur elkartasun argazkia aterako dute 19:00etan Tabakalera aurrean.


2018ko irailaren 12an - 13:02
Defentsa eskubidea ere urratzen ari direla salatu dute Bizitza Da Handiena dinamikako kideek.

Maiatzean Munduko Turismo Erakundea Donostiara joatekoa zela baliatuz, Bizitza Da Handiena lelopean protesta sozialen astea gauzatu zuten elkarrekin 61 herri mugimendu eta sindikatuk. Lotura honetan ikus daitezke eragile guztiak.

"Oso esperientzia positiboa izan zen, eragile mordoak gure artean lan egin baikenuen proiektu konkretu bat aurrera ateraz, aliantzak osatuz, gure artean elkar hobeto ezagutuz eta nolabait esatearren, lubaki ezberdinek fronte bakarra osatuz", diote oharrean.

Egungo eredu politikoari kritika egiten zioten dozenaka ekimen egin zituzten astebetean. Ekimenik ikusgarriena, ziurrenik, 15 urtetik gora hutsik zeraman zortzi solairuko eraikin publikoa Donostiaren erdialdean okupatzea izan zen. Maddi Txintxurretak erreportaje honetan jaso zituen astearen nondik norakoak.

Oharrean salatu dute hasieratik argi utzi zutela beraiek ez zutela biolentziarik erabiliko, eta espero zutela boteretik ere ez erabiltzea. "Lege eta politika injustuei aurre egiteko gure tresnak desobedientzia zibila, kolaborazio-eza, ekintza zuzena eta erresistentzia izango zirela esan genuen, eta hala izan zen. Horren aurrean zer egin zuten Euskal Erregimena deitu genien horiek? Beren polizia politikoa bidali eta erabat legitimoak diren protesta sozialak zigortu, kolpatu eta eraso zituzten. Dozena bat lagun identifikatzeaz gain, bi lagun atxilotu zituzten. Agerikoa da beren eredua zalantzan jartzeko gai garela, eta ez dutela inondik ere zirrikiturik irekitzerik nahi", salatu dute.

Abokatua ere auzipetua

Eragile sozial hauen defentsa lanak egiten aritu zen Haizea Núñez Palacio abokatua auziperatu dutela jakinarazi dute. "Forma juridikoei dagokienez modu erabat deuseztagarria, ezohikoa eta oinarrizko eskubideei zor zaien errespeturik gabekoa. Funtsean, herritarron defentsa eskubidea argi eta garbi urratzen ari dira. Lotsagarria da ikustea abokatu lanetan modu aske eta independentean jarduteko eskubide urraketa hau. Onartezina da herritarrok gure eskubideen defentsan hautatzen ditugun abokatuon lana poliziak eta epaileek jazartzea". Herritarren defentsa eskubidearen aurkako erasoa dela ulertzen dute eta diotenez, bide guztiak jorratuko dituzte bertan behera gera dadin. Eragileek gogor salatu dute eta Donostiako Instrukzioko 2. zenbakiko Epaitegiko Epaileari ardurak eskatuko dizkiete.

Epaiketak irailaren 17an eta 25ean

Irailaren 17an, astelehena, kontzentrazioa deitu dute 9:30ean eta 25ean 10:00etan Egiako epaitegiaren aurrean, epaituei elkartasuna adierazi asmoz. "Ez zaudete bakarrik, herritarrok elkar defendatzen dugu. Euskal Erregimenari mezu bat: zuen isun, eraso eta epaiketak elkarrekin lanean jarraitzeko arrazoi bat gehiago dira, eta jakizue: herri boterea eraikitzen jarraitzeko asmo irmoa daukagu, egungo egoerarekin ez baikaude inolaz ere ados".

Elkartasun argazkia gaur

Asteazken arratsaldean, Tabakalerako maldan elkartasun argazkia deitu dute 19:00etan. Herri mugimendu eta eragile guztiei egin diete bat egin eta aldarriak ekartzeko deia. Tabakalerako maldan Ertzaintzak eraso egin zien herritarrei eta bi lagun atxilotu zituen. Hemen bideoa:

Bizitza Da Handiena dinamika osatu zuten 61 herri mugimendu eta sindikatuek instituzioei mezu hau bidali nahi izan diete: "Herria gu gara, eta antolatuta gaude. Gutako inori eraso egiten badiozue, gu guztiok erasoko gaituzue, herria erasotuko duzue. Zuen bulegoetan herritarrak kontuan hartu gabe hartzen dituzuen erabakiak gure kontra doaz zuzenean, eta guk, bulegoak baino, plazak nahiago ditugu. Bizitza dugu aldarri eta horren alde egingo dugu".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bizitza Da Handiena
2019-09-27 | Topatu.eus
Hainbat identifikatu egon dira Donostian protesta sozialaren aldeko elkarretaratzean
Bizitza Da Handiena ekimenak elkarretaratzea deitu du gaurko Donostiako epaitegien aurrean. Maiatzan izandako borroka astearen harira kide batek zuen gaur epaiketa. Ertzaintza bertaratu egin da eta hainbat kide identifikatu ditu.

2019-05-21 | ARGIA
Irailera arte atzeratu dute oraingoan eraikin publiko bat okupatzea egotzita egiten ari diren epaiketa

2018ko maiatzean borroka sozialen astea egin zuen Donostian Bizitza Da Handiena dinamikak. 2002tik itxita zegoen Gizarte Segurantzako Diru Zaintzaren eraikina okupatu zuten astebetez. Okupazio kolektibo horren arduradun gisa kide bakarra identifikatu zuen Ertzaintzak eta epaitu... [+]


2019-05-14 | ARGIA
Astebete atzeratu dute eraikin publikoa okupatzea egotzita egiten ari diren epaiketa

2018ko maiatzean borroka sozialen astea egin zuen Donostian Bizitza Da Handiena dinamikak eta 2002tik itxita zegoen Gizarte Segurantzako Diru Zaintzaren eraikina okupatu zuen astebetez. Okupazio kolektibo horren arduradun gisa kide bakarra identifikatu zuen Ertzaintzak eta... [+]


Gazte bat epaituko dute Bizitza Da Handienak astebetez eraikin publiko batean eginiko okupazioagatik

Iazko maiatzean antolaturiko Borroka Sozialen Astean okupatu zuten eraikina, protesta gisa eta soilik zazpi egunetarako. Okupazioa ez dela delituaa eta "publikoa dena herritarrena dela" aldarrikatuz, Bizitza Da Handiena dinamika osatu zuten eragileek elkarretaratzea... [+]


Eguneraketa berriak daude