Astebete atzeratu dute eraikin publikoa okupatzea egotzita egiten ari diren epaiketa

  • 2018ko maiatzean borroka sozialen astea egin zuen Donostian Bizitza Da Handiena dinamikak eta 2002tik itxita zegoen Gizarte Segurantzako Diru Zaintzaren eraikina okupatu zuen astebetez. Okupazio kolektibo horren arduradun gisa kide bakarra identifikatu zuen Ertzaintzak eta maiatzaren 14an egitekoa zen epaiketa. Ordea, kidea identifikatu eta atestatua idatzi zuten ertzainak ez dira epaiketara joan eta astebete atzeratu da.

Epaiketaren atarian konzentrazioa egin dute.

2019ko maiatzaren 14an - 12:47

Bizitza Da Handiena ekimenak, 63 herri mugimendu eta sindikaturen arteko elkarlanean, borroka sozialen astea egin zuen Donostian iazko maiatzean. Idiakez kaleko 6 zenbakiko eraikin publikoa okupatu zuten, eta okupatu zuen momentuan adierazi zuten bezala, astebetera okupazioa bukatutzat eman zuten. Astearte goizerako zegoen deituta epaiketa, eta dinamikatik bertatik kalean elkartasuna adieraztera eta epaiketa salatzera deitua zuten.

Ertzaintza deklaratzera deitu gabe zegoelako atzeratu da epaiketa

Okupazioak zirauen bitartean, goiz batez ertzainak joan ziren egoitzara eta pertsona bat identifikatu zuten arduradun gisa. Baina pertsona hau identifikatu eta atestatua egin zuten ertzainak ez dira orain epaiketan deklaratzera agertu, ez direlako deituak izan. Hau dela eta, María José Rúa Portu epaileak epaiketa astebete atzeratu du.

Salatzaileak onartu du eraikina erabilerarik gabe zegoela, baina...

Gizarte Segurantzako Diru Zaintzaren Probintziako zuzendariak jarri zuen okupazioaren aurkako salaketa. Aldiz, epaiketan deklaratzera idazkaria etorri da. Aitortu du eraikina desokupatua zegoela eta ez zuela erabilerarik. Egoera hori justifikatzeko eman duen argudioa izan da subasta prozesuan zegoela, eta saltzea zaildu egiten zutela bertako administrazioekin solairu batzuek zuten lagapen baimenek.

"Borroka kolektibo bat indibidualizatu nahi dute"

Epaitua izaten ari den Bizitza Da Handiena ekimeneko kidearen abokatuak adierazi du okupazio hura kolektiboa izan zela, astebeteko ekimenen barruan, eta goiz batez bertan zen kide bakarrari okupazioa egotzita indibidualizatu egin nahi dutela ardura kolektiboa. "Okupazio tenporala" izan zela azpimarratu du, eta epaiketa hau "zentzugabea" dela. Abokatuak salatzaile gisa deklaratu duen Gizarte Segurantzako Diru Zaintzaren Probintziako idazkariari galdetu dio zergatik ez zuten kasu hauetarako dagoen prozedura administratiboa abiatu, eta zergatik jo zuten bide penaletik.

Epaiketa euskaraz

Epaiketa euskaraz egiteko eskaera egin dute epaitutakoek, eta itzultzailearekin aritu dira.

Donostiako Idiakez kaleko eraikin hau okupatu zuten astebetez.

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bizitza Da Handiena
2019-09-27 | Topatu.eus
Hainbat identifikatu egon dira Donostian protesta sozialaren aldeko elkarretaratzean
Bizitza Da Handiena ekimenak elkarretaratzea deitu du gaurko Donostiako epaitegien aurrean. Maiatzan izandako borroka astearen harira kide batek zuen gaur epaiketa. Ertzaintza bertaratu egin da eta hainbat kide identifikatu ditu.

2019-05-21 | ARGIA
Irailera arte atzeratu dute oraingoan eraikin publiko bat okupatzea egotzita egiten ari diren epaiketa

2018ko maiatzean borroka sozialen astea egin zuen Donostian Bizitza Da Handiena dinamikak. 2002tik itxita zegoen Gizarte Segurantzako Diru Zaintzaren eraikina okupatu zuten astebetez. Okupazio kolektibo horren arduradun gisa kide bakarra identifikatu zuen Ertzaintzak eta epaitu... [+]


Gazte bat epaituko dute Bizitza Da Handienak astebetez eraikin publiko batean eginiko okupazioagatik

Iazko maiatzean antolaturiko Borroka Sozialen Astean okupatu zuten eraikina, protesta gisa eta soilik zazpi egunetarako. Okupazioa ez dela delituaa eta "publikoa dena herritarrena dela" aldarrikatuz, Bizitza Da Handiena dinamika osatu zuten eragileek elkarretaratzea... [+]


2018-11-30 | ARGIA
Prentsaurreko batengatik Mozal Legeaz zigortu dituztela eta ez dutela ordainduko jakinarazi du Bizitza Da Handienak

Munduko Turismo Erakundeak Donostian egin zuen bilkuraren atarian, herri mugimendu eta hainbat sindikatuko kideek Ertzaintzak erabilitako bortizkeria salatu zuten prentsaurre bidez. Bada, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Mozal Legea aplikatu die hizlariei. Zigortuek... [+]


Eguneraketa berriak daude