Birus batek militarren lotsak agerian uzten dituenean (edo galoidun ergel baten frustrazioa)

  • Defentsako Estatu Nagusiko (JEMAD) buruak hilaren 20an adierazi zuenez, "Bizitzea edo borrokatzea egokitu zaigun gerra irregular eta arraro honetan, denok gara soldaduak"; hala, bezperan egindako adierazpenetan azpimarratzen zuen "armarik gabeko gerra" honetan baliagarriak direla "balio militarrak": diziplina eta sakrifizio-espiritua. Eta baita "garaipenaren morala" ere. "Badakigu irabaziko dugula".


2020ko martxoaren 22an - 11:44

Eta esan behar dugun lehenengo gauza da ulertzen dugula. Benetan gogorra eta etsigarria izan behar du, "segurtasunerako mehatxu eta erronkei" aurre egiteko erakunde gisa saldu diguten ordezkariarentzat, bat-batean birustxo mikroskopiko bat iristea eta militarren gauzeza biluztea. Ez hori bakarrik. Gure gizarteko pertsona ahulenen bizitzak arriskuan dauden honetan, agerian geratu da Espainiako Estatuaren gastu militarra –20.000 eta 30.000 milioi euro artean– ez duela ezertarako balio gizartea mehatxatzen duen birustxo horri aurre egiteko orduan. Ez hori bakarrik. Biztanleria ez da ohartu soilik, bat-batean, gastu militarrak dozenaka mila milioi euro zaborretara botatzea dakarrenaz. Badakar ere orain gehien behar den horretan gutxiago inbertitzea: osasun-baliabideak maila guztietan (materiala, ekipamendua, ikerketa, langileak, azpiegiturak …). Militar batek emandako datu txiki baina adierazgarri bat besterik ez:

“2007an Kanpainako Ospitalearen Elkartea sortu zen, 30 milioi euroko kanpainako ospitale bat erosiz — ia bakarra munduan —. Ospitaleratutako 96 paziente har zitzakeen, egunean 80 osasun-baja ere har zitzakeen, 3 ebakuntza-gela edo ZIU plaza, prebentzio-medikuntza eta hematologiako oheak, analisi klinikoen laborategiak edo mikrobiologia –bi adibide jartzeagatik–, garbitegia, sukaldeak, gorputegia, farmazia, albaitaritza, odontologia, psikologia, kirurgia orokorra eta digestioa, traumatologia, anestesia eta bizkortzea, neurokirurgia. Diru publikoaren 30 milioi euro horiek haurtzaindegietarako 200.000 bekaren parekoak dira (bekak 150 eurokoak izanez). Ziur aski diputatu batek, zeinaren izena ez baitut gogoratu nahi, eta "adituek" aholkatuta, esango dizu ospitalea beharrezkoa zela Indar Armatuentzat. Baina, 10 urte geroago, unitatea desegin egin dute benetako arreta mediko bakar bat ere egin gabe. Ospitaleetako itxaron-zerrendak maila nazionalean murriztu bazitzakeen ere; ez da benetako praktikarik egon egiazko zaurituekin”.

JENNER López Escudero, Behin-behineko Kabo espedientatua (Publiko 2020-03-21)

Dena den, gauza bat da haren frustrazioa ulertzea, eta beste bat, oso bestelakoa, haren doilorkeria eta koldarkeria onartzea. Izan ere, JEMADek nerabe talde makarrek egiten duten antzera jokatzen duela erakutsi digu: askoren artean biktima bat inguratuta eta lotuta dutenean "ea orain ausartzen zaren!" oihukatu. Horregatik, gure etxeetan eskuak lotuta eta hesituta gauzkaten honetan, merezi duten erantzuna emateko irten ezinik, zera esaten digu: "Denok gara soldadu".

Gainera, inozokeriak ez dio uzten ohartzen egungo egoeran giza bizitzaren galerak minimizatzea posible egiten ari diren balio sozialak balio militarren aurkakoak direla, hain zuzen ere. Elkartasuna eta elkarrekiko babesa izaten ari dira ahulenak diren herritarrentzat benetan baliagarria izaten ari den jokabide sozialaren oinarria gure hiri eta herrietan. Eta pertsona horiekiko elkartasunagatik ari gara gehienok autokonfinamendua egiten –kalera irten eta JEMADari erantzuna ematea ezinezko egiten badu ere–. Estamentu militarra egoera erabiltzen ari da ez soilik bere diskurtso militarista garatzeko, baita gure kaleak militarrez betetzeko ere. Gehienetan eskularrurik eta maskararik gabe, konfinamendua eta osasun orokorra arriskuan jarriz.

Berriro diogu: birustxoa militarren gauzaeza biluzten ari da. Alferrik xahutzen dira urtero dozenaka mila milioi euro. Egiaren ordua iristen denean, diru hori funts publikoetatik jasotzen dutenek kaleak desinfektatu eta oheak muntatu baino ezin dute egin. Zeregin horretarako baditugu benetan profesionalak diren pertsonak, eraginkortasun, diziplina eta sakrifizio-espiritu handiagoarekin aritu daitezkeenak… eta aurrekontu militarraren % 1arekin soilik. Zertarako balio dute bere armategiak eta armagintza fabrika guztiak? Segurtasunaren kontzeptu militarra da garatu behar duguna, edo beste batzuk dira giza segurtasunerako oinarrizko auziak? Orain osasuna da arazo nagusia, baina gure gizarteetako pertsona ahulenak mehatxatzen dituzte ere pobreziak, bazterkeriak, suntsipen ekologikoak, xenofobiak, pertsonak beren etxeetatik eta jatorrizko lekuetatik kanporatzen dituen arrazakeriak… Eta horien guztien aurrean ez dute inolako erabilgarritasunik militarrek, armategiek eta militarismoak; are gehiago, zorigaitz horien gehienen kausa dira.

Bitartean –hain gogoko duten jargoi militarista horretan adierazita– birusaren aurkako "lehen borroka-lerroan" daudenak medikuak, erizainak, oinarrizko produktuen banatzaileak eta saltzaileak, garbiketako langileak, garraiolariak eta abar dira. Pertsona zibil horiek guztiek beren hurkoagatik ari dira. Beharrezko baliabide profilaktikorik gabe aritu ere, kasta militarra milioiekin asebetetzea lehenetsi delako. Militarismoak gure jendartean sortzen duen kalteaz ohartzeko orain.

Egongo da denbora koronabirusa aitzaki inposatzen ari den militarizazioaren beste alderdi batzuetan sakontzeko. Oraingoz, urgentziazko lerro hauek JEMADen militarismoa alferrikakoa dela agerian jartzeko dira. Haren aitorpenen ergelkeria ez ote da izango hain harro erakusten dituen galoi eta dominetarako merezimenduen isla?

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


Eguneraketa berriak daude