Bingen Zupiria: "Euskarazko hedabideak lerratuegiak daude posizio politiko-ideologiko batzuetara"

  • “Euskarazko komunikazioa 2020ko hamarkadan» jardunaldien lehen eguna egin da astelehen honetan EHUko udako ikastaroetan. Euskal Hedabideen Behategiak antolatu du gogoeta, Hekimen herri ekimeneko hedabideen elkartea eta EHUko Nor ikerketa taldearekin batera diseinatua. Bertan egin ditu adierazpenak Kultura sailburuak.


2020ko irailaren 15an - 10:15
Finantzazio sistema berriaren berri eman zen unea. (Argazkia: Hekimen)

Egun oso bateko irakurketarik egitea gaitza da, baina saretik egindako jarraipenean entzundako ideietatik irakurketa orokorrik egin beharko banu honakoa litzateke: Euskarazko hedabideek azken lau hamarkadetan asko aurreratu dugu, arrazoi ugarirengatik, besteak beste bere garaian aro digitalari heldu geniolako. Asko hazi gara, beraz, baina gure inguruko beste hizkuntzak ere bai, gu baino gehiago gainera, eta beraz, ezinbestean lortu behar ditugu euskarara ekarritako euskaldun berriak gureganatzea, bereziki ikus-entzunezkoen esparruan, hori baita egungo gazteek gehien kontsumitzen dutena eta etorkizunean ere gehien kontsumituko dena.

 

Ez da makala laburpena, arriskutsuegia agian, baina horrekin geratuko nintzateke. Gero, hizlari bakoitzak euskarazko hedabideak indartzeko bere ikuspegia eskaini du. Horien artean zegoen, goizeko azken ekitaldia. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu eta bozeramaile berri Bingen Zupiria eta Mikel Irizar Goienako sortzaileetakoa aritu dira solasean.

 

Mikel Irizarrek aurrera egiteko sistema bat adostu beharraz hitz egin du, gogoeta estrategikoan oinarrizko akordioetara iritsi beharraz, eta etorkizun horretan tokiko hedabideek izan behar duten garrantziaz. Tokiko hedabideen eta nazio mailakoen arteko informazioa elkar trukatu beharra ere aipatu du, eta horretarako sarri erabili izan duen igogailuen irudia erabili du, non informazioa tokikoen eta nazio mailakoen artean gora eta behera ibiliko litzatekeen. Euskal instituzioen eta euskal hedabideen arteko elkarlanerako garai ona bizi dugula iritzi dio, eta horren adibide gisa jarri du 2018an diru-laguntzen bueltan lortutako akordioa.

 

Bingen Zupiria ezkorrago agertu da egoeraz eta gogoeta ugari egiteko gonbitea egin du, baina gonbitea, edo hori iruditu zait niri behintzat, batez ere euskarazko hedabideei egin die. Aurretik mundua existituko ez balitz moduan –exajerazioa da–, berehala jarri da COVID-19ko garaiari begira, honek dena aldatuko duela azpimarratuz. Sasoi honetan, mundu zaharra eta berria bereizi ditu eta horien muga digitalizazioan jarri du.

 

Etxealdian egoera nola ikusi duen aipatu du: banaketaren mundua, liburutegi digitala, Netflix, gertuko informazioaren audientzia arrakasta... hori guztia mundu berria da bere aburuz. Egunkariak, telebista (batez ere aparailu klasikoaren aurrean jarri eta entzutea)... Funtsean gure komunikazio sistema mundu zaharraz hornitzen dela esan du eta gazteak ez daudela mundu horren truke ordaintzeko. “ETB, Berria, Deia... mundu berria egiteko lantokiak izan daitezke. Baina orduan, nola finantzatu hori guztia?”. Ekonomikoki ere garai oso estuak datozela gogorarazi du eta horretaz guztiaz gogoeta egin beharra aipatu du. Eusko Legebiltzarra jo du gogoeta horretarako esparru egokitzat.

 

Eguneko harri-bitxia izan dena bere hitzaldiaren amaierarako utzi du eta Bilbora alde egin behar zuenez, ez da horretaz hitz egiteko aukerarik egon. Pena. Edozein modutan, badirudi gaurkoan mezu hori argi bota nahi zuela, dagokionak ondo apunta dezan. Hemen esandakoa:

 

“Komunikazioa euskaraz egiten duten hedabideak oso lerratuak daude posizio politiko-ideologiko batzuetara eta hori oso deserosoa izan daiteke. Ez dakit hain identifikazio nabarmenak izatea, eta halako deserosotasunak eta zailtasunak sortzea, lagungarria den euskarazko produktuen kontsumorako.

 

Pentsa dezakegu euskal hiztun garen guztiok naturaltasunez hartzen ditugula euskaraz sortzen diren eduki horietako asko, baina, benetan diotsuet, barru-barrutik, ez da horrela. Etenaren arriskua ikusten dut euskal hiztun gaituak diren pertsonen artean. Horrek kezkatzen nau.

 

Niri Jaurlaritzatik bizitzea tokatu zait otsailaren 5etik hasi –Zaldibarrekin gertatua– eta gero pandemiaren garai honetan ikusi dudan oldartze handia, eta uste dut horretan protagonismo handia izan dutela euskarazko eduki komunikatiboek. Eta, zinez, horrek deserosotasun handiak sortu ditu”.

 

Hor bukatu dira sailburuaren hitzak. Lehendik ere instituzioetatik sarri aipatu izan da euskarazko hedabideak lerratuegiak direla politikaren esparru jakinetara eta mundu hori aspalditik jarraitzen duenak zer esan nahi duen interpreta dezake agian, baina galdera ikurrak argitzeko aukera airean geratu da.

 

Eduki interesgarri ugari egon dira beste parte-hartze batzuetan ere eta horiek bigarren kapitulu batean jorratuko ditugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskarazko hedabideak
ETBk 40 urte
Ardatz bertikala, erabakien adierazle

40 urte bete ditu euskal telebistak, eta 40 urteko ibilian goitik behera aldatu dira gauzak: telebista konbentzionala etxe batzuetan egotetik, guztietan presentzia hartzera pasatu da; baina egun, ikus-entzunezkoak nahieran ikusteko gehiago baliatzen da telebista,... [+]


2024-04-02 | ARGIA
Arrosa sareak Basaburuan egingo ditu aurtengo topaketak, Esan Erran irratiaren eskutik

Arrosa Irrati Sareak Nafarroan ospatuko du lehen aldiz komunikazio librearen aldeko eguna. Mende laurdena bete berri duen Esan Erran irrati txikian dute hitzordua, apirilaren 13an, Basaburuan. "Guretzat elkartzeko egun bat da, elkar gehiago ezagutu eta elkarlanaz... [+]


2024-03-04 | ARGIA
Hekimenek konpromisoak eskatu dizkie erakunde publikoei euskarazko hedabideak garai berrietara egokitzeko

Datozen eraldaketa sakonen aurrean euskarazko hedabideek iraungo badute, erakunde publikoei prozesuak azkartzeko laguntza eta konpromisoak eskatu dizkie Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkarteak.


Euskal Hedabideen Urtekaria Euskalerria Irratian aurkeztu du Behategiak

Trantsizio digitalarengatik eta lehengaien garestitzeagatik, 2023 urtea zaila izan dela nabarmendu du Hekimeneko zuzendari Igor Astibiak


Eguneraketa berriak daude