Bina hilabeteko espetxe zigorra Frantzian epaitutako Greenpeaceko 55 kiderentzat

  • Greenpeaceko 55 kide epaitu dituzte Frantziako Colmar hiriko auzitegian, aurtengo martxoan Fessenheimeko zentral nuklearrean protesta ekintza bat egiteagatik. Bete beharko ez duten bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri die epaileak denei.


2014ko irailaren 5ean - 07:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
Utzi Europa arriskuan jartzeari!, eskatu zuten Greenpeacekoek Fessenheimeko zentral nuklearrean ipinitako pankartan. (Arg.: Greenpeace/Daniel Mueller)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Talde ekologistako militanteek instalazio nuklearren segurtasun falta salatu nahi izan zuten. Martxoaren 18an Frantziako Estatuko zentralik zaharrenean sartu ziren –1977tik dago zabalik–, eta euretako hogei erreaktoreetako baten gainera igo eta pankarta bat jarri zuten, Stop risking Europe! (Utzi Europa arriskuan jartzeari!) testuarekin.

Poliziak ekintzaile guztiak atxilotu zituen. Gehienak alemaniarrak ziren –Fessenheimeko zentrala Alemaniako mugatik oso gertu dago–, baina baziren beste hamazazpi herrialdetakoak ere. Epaiketan hiru besterik ez dira izan.

François Hollande Frantziako presidenteak hitz emana du 2016 amaieran itxiko duela zentrala. Greenpeacek berehala ixteko eskatzen du, ordea. Martxoaren 18ko ekintza azaltzeko kaleratutako agirian, talde ekologistak adierazi zuen “zentralek Europari zer nolako arriskua ekartzen dioten” agerian utzi nahi izan zutela.

“30 urte irauteko egindako zentralak dira, eta bada 40 urteak bete dituenik”. Fessenheimekoak, hain zuzen, 37 urte daramatza lanean. Bere kokapena dela-eta, inguruan lurrikara edota uholdea gertatzea bereziki arriskutsua izango litzateke; gainera, zalantzan jarri izan da diseinu egokia ote duen.


Greenpeace kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.