Bilboko 'Supersur' saihesbideko obretan aurrera egiteko, instituzioak COVID-19 izurriteaz baliatu izana salatu dute

  • Autobideko lanak areagotzeko eta Bolintxu haranaren barrenean lanak hasteko gisan, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak COVID-19 izurriteaz eta alarma egoeraz baliatu direla salatu du Supersur Handitzeari Ez plataformak. Gaur egungo egoera sozio ekonomiko zein ekologikoa kontutan harturik, obrak berehala gelditzeko deia luzatu die instituzioei.


2020ko ekainaren 02an - 09:44

Ez da konfinamendurik izan Bilboko Supersur autobidea zabaltzeko obretan, enpresa eraikitzaileak lanean aritu dira eta langileen osasuna ez ezik, herritar guztiena ere jarri dute arriskuan. Egoera "arduragabea" deitoratu du Supersur Handitzeari Ez plataformak.

Koronabirusaren krisiaren biharamunean, gisa horretako egitasmoek tokirik ez dutela argi du plataformak: "Post COVID-19 agertoki berrian, Supersur ez da bideragarria. Une egokia da lurralde-garapen iraunkorragoa zein ingurumena eta klima gehiago errespetatzen dituzten mugikortasun modu berriak mahaigaineratzeko". Gogorarazten du 2019ko uztailaren 30ean Eusko Jaurlaritzak klima-larrialdia adierazi zuela,   Euskal Herria karbonoan neutroa izateko. Beste gisako garraiobide batzuk garatzearen deia gehitzen du ere: oinezkoak, bizikletak eta garraio publikoak.

Proiektu horretarako erabiltzen ari diren eta etorkizunean erabili nahi diren diru-sailak COVID-19aren kontrako borrokara bideratzea eskatzen du taldeak: osasun publikoa indartzera, osasun –eta ekonomia – krisiaren eraginpean dauden pertsona guztientzako gizarte-laguntzetara eta herritarren bizitza hobetzeko interes sozial handiagoko beste obra batzuetara.

47 milioi euro kilometroa

Bilboko Supersur obrak oso garestiak direla salatzen du plataformak, gehituz ekonomia dinamizatu beharrean, egitasmoak "diru publikoa gehiago zorpetzen" duela. Izan ere, plataformak plazaratu datuen arabera, kilometro bakoitza 47 milioi euro kostatzen zaie Bizkaiko biztanleei eta zenbateko horri gehitu behar zaizkio aurreko fasea egiteko hipotekatu dirua zein eskatu diren maileguen interesak eta ustiapen-defizitaren ondoriozko galerak: "Horrek guztiak, datozen 20 urteetan 60 milioi euro baino gehiago urtero ordaintzea ekarriko du".

Egindako erabilera aurreikusitakoa baino askoz apalagoa dela ohartarazirik –aurreikusitakoa baino %50ra ere iristen, eta, gutxi balitz, etorkizuneko aurreikuspenek erabilera are txikiagoa sumatzen dute –, diru publikoa proiektu horretan gastatzea "zentzugabekotzatz" du plataformak.

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Supersur
2020-06-30 | ARGIA
Supersurreko obren leherketek XVII. mendeko jauregia kaltetu dute Bilbon

Autobidea igarotzeko tunel batean izaten ari diren etengabeko leherketek etxebizitzei eta ondare arkitektonikoari eragin diete. Bilboko Bolintxu haraneko herritarrak kexu dira eta Supersur handitzearen kontrako plataformak publiko egin du salaketa.


2020-05-25 | ARGIA
Sabotajea egin dute Supersur saihesbidea handitzeko lanetan

Larunbatetik iganderako gauez hondeamakina bati sua eman diote. Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi du ez dela lehen sabotaje ekintza.


2020-03-02 | ARGIA
Supersur saihesbidea handitzeko obrak gelditzea eskatu dute Bilbon

Supersur Handitzeari Ez plataformak deitutako manifestazioak ehundaka pertsona bildu ditu larunbatean Bilbon. Oraindik garaiz delakoan, obrak gelditzeko eskatu dute.


2020-02-20 | ARGIA
Bolintxuren aldeko manifestazioa egingo dute Bilbon otsailaren 29an

Supersur Handitzeari Ez! plataformak iragarri du manifestazioa. Proiektua geldiaraztea oraindik posible dela sinetsirik, kautelazko neurri gisa obrak geldiaraztea eskatuko dute.


2019-05-08 | Uriola.eus
Errepide batek arriskuan jarri du Bilboko Bolintxu bailara: hau antolatu dute horri aurre egiteko

"Egun bat Bolintxu salbatzeko" izeneko jardunaldia antolatu dute maiatzaren 11n, larunbata. Jardunaldi honetan era guztietako jarduerak egingo dituzte: informatiboak, jolaskoak eta aldarrikatzaileak, Bilboko bailara horren egoeraz kontzientziatzeko.


Eguneraketa berriak daude