Beste goi-tentsioko linea bat egin nahi du Forestalia enpresak Araban, Berantevilla eta Erriberabeitia artean

  • Hirugarrena izango da, Lautadan eta Arabako Errioxatik igarota Añanan planteatu baititu beste bi. Hainbat herritako udalak aurka agertu dira.

Artikulu hau CC BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2021eko azaroaren 10an - 08:08
Azken eguneraketa: 09:13

Forestalia enpresa pribatuak goi-tentsioko hirugarren linea bat egin nahi du Araban, El Correok aurreratu duenez. Zaragozako parke eolikoetatik datorren energia Miranda de Ebrora garraiatuko luke, Erriberabeitia, Armiñon eta Berantevillatik. Hamar dorre jartzeko asmoa helarazi diote Lurralde Politikako Ministerioari, 46 metrokoak: hiru Berantevillan, lau Armiñonen eta beste hiru Erriberabeitian.

Ministerioari aurkeztutako proiektu horren arabera, goi-tentsioko linea nekazaritza lurren gainetik pasako da Berantevillan, Zadorra ibaia zeharkatuko du, Armiñongo abeltzaintza intereseko lurzoru urbanizaezinetatik ere igaroko da eta Erriberabeitian hiri-lurzoruko 425 metro hartuko ditu.

Zaragozatik Miranda de Ebrora, guztira, 185,1 kilometro izango ditu lineak lur gainetik eta 1,24 lur azpitik, eta 309,6 megawatt garraiatuko ditu.

Beste bi linea Araban

Forestalia enpresak beste bi proiektu ditu Araban. Batak Arabako Errioxako eta Añanako kuadrillen zati bat zeharkatuko luke, goi-tentsioko 30 bat dorrerekin, 45 eta 70 metro arteko altuerakoak. Horietako hogei Bastidan egongo lirateke, balio paisajistiko eta enologiko handiko mahastietatik gertu. Inguruko herrietako udalak eta Arabako Foru Aldundia aurka agertu ziren.

Arabako Lautada gurutzatuko luke proiektatutako bigarren lineak, 72 metroko altuerako 88 dorrerekin. Asparrena, Donemiliaga, Agurain, Iruraiz-Gauna, Barrundia eta Burgeluko udalerriei eragingo lieke, eta Arrazua Ubarrundia azpiestazioan amaituko litzateke.

Pasa den astean, Aguraineko Udalak baztertu egin zuen Forestalia Renovables enpresak Arabako Lautada zeharkatuz egin nahi duen goi-tentsioko linea, osoko bilkuran. Batetik, azpiegitura horrek eskualdean inpaktu larriak eragingo zituela argudiatu zuten eta, bestetik, proiektuak energiaren garraioa pribatizatzeari bidea irekitzen ziola, EH Bilduren arabera.

Barrundiako Udalak ere goi-tentsioko linearen aurkako ebazpena onartu zuen astelehenean aho batez. Azaldu dutenez, "energia berdearen izenean, onartezina da enpresa pribatu batek 200 km-an hiru autonomia erkidego zeharkatuz eta alternatibak aztertu gabe zentral eoliko batzuetan sortutako energia garraiatzea".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Goi tentsioko linea
2022-05-16 | Jon Torner Zabala
Nafarroa eta Gipuzkoa artean 431 elektrizitate dorre eraikitzearen aurka agertu dira ia 200 elkarte

Nafarroa eta Gipuzkoa artean, Barasoain eta Gabiria lotuko dituzten 80 metroko 431 elektrizitate dorre eraiki nahi dituzte REE Espainiako Elektrizitate Sareak eta Forestaliak. Autopista Elektrikorik Ez plataformak batzarra egin du Etxarri Aranatzen; bertan, proiektuaren aurkako... [+]


Goi-tentsioko beste linea bat egingo dute Nafarroan, Erriberritik Castejoneraino

Forestalia enpresak Nafarroan beste poligono eoliko bat eraikiko duela jakinarazi du Sustrai Erakuntza Fundazioak. Nafarroari eragiten dioten goi-tentsioko bi linea ere baditu enpresa honek.


2021-11-03 | Hala Bedi
Iruraiz-Gaunako Udalak Arabako Lautada zeharkatzen duen goi tentsioko linea elektrikoa ez egiteko eskatu du

Txosten tekniko batek udalerrian izango dituen eragin larriez ohartarazi ostean, Iruraiz-Gaunako Udala proiektuaren aurka agertu da eta alegazioak aurkeztea erabaki dute udal taldeek.


2019-07-17 | Z. Oleaga
Bizkaiko golkoan goi tentsioko kablea urpetik pasatzeko egindako ikerketak dio lurra ezegonkorra dela

Capbretoneko arroila inguruko lurra ezegonkorra dela adierazi du Red Eléctrica de España (REE) eta Réseau de Transport d'Electricité (RTE) enpresen ikerketa geologikoak. Kablea botatzeko ibilbide berrien aukera aztertu bitartean proiektua... [+]


2018-07-09 | Guaixe .eus
Autopista elektrikoaren aurkako mila hautetsi

1000 baietz ekimena martxan jarri du plataformak eta irailean batzarra eginen dute. Autopista Elektrikorik Ez plataformak jakinarazi du goi tentsioko argindar sarearen kontrako mila hautetsiren babesa jasotzeko kanpaina hasi duela. Dagoeneko plataformak sustatutako... [+]


Eguneraketa berriak daude