Beste bi eraso homofobo iragan asteburuan, Gasteizen eta Ibarran

  • Larunbatean eraso homofoboa egin ziotela salatu du Gasteizko gazte batek. Azkenaldian ugari dira ezagutzera ematen diren LGBTI kolektiboaren aurkako erasoak, eta zenbait adituk sektore tradizionalaren erreakziotzat jotzen dute.

LGBTI Harrotasunaren Nazioarteko Eguneko manifestazioa, Bilbon (Argazkia: Ecuador Etxea)

2021eko irailaren 08an - 08:30
Azken eguneraketa: 11:23

Gasteizko gazte batek sare sozialen bidez salatu du larunbatean jasandako eraso homofoboa. Azaldu duenez, taberna batetik atera eta lagunekin bildu asmoz Foru plazara bidea hartutakoan jazo zen erasoa. Kalean barna zioala, gizonezko batek iraindu egin zuen, “marikoi zikina” esanez. Nork iraintzen zuen jakin asmoz biratutakoan, erasotzaileak ukabilkada jo eta lurrera bota zuela azaldu du erasotuak.

Erasoaren ondotik antsietatea pairatzen ari dela jakinarazi du kaltetuak, baina ondoezaren erroak larunbateko erasoaz harago doazela jakinarazi du: “Nazkatuta nago Twitter eta Instagram bidez Gasteizen izandako eraso homofoboen istorioen berri izateaz. Ez dut ulertzen nola eta zergatik, maitatzeko edota izateko era desberdinengatik, pertsona batzuk irainduak sentitzen diren. Ez niri ez inori ez litzaioke halakorik gertatu behar. Larunbatean nire bikotekidearen eta lagunen beldurra, amorrua eta kezka ikusi nituen neure begiekin”.

Ibarran ere bai

Tolosako Atarian irakurri daitekeenez, eta Itaiak azaldu duenez, Ibarrako (Gipuzkoa) erasoa larunbat gauean gertatu zen, gizon talde batek hainbat gizon homosexualen aurka irainak, mehatxuak eta gatazka fisikorako saiakerak egin zituenean.

Tolosaldeko Itaiak sare sozialetan zabaldu duenez, "larunbat gauean zehar, gizon talde batek irain homofoboak, mehatxuak eta gatazka fisikorako saiakerak errepikatu zituen hainbat gizon homosexualen aurka". Emakumeen Antolakunde Sozialistak erasoa gaitzetsi eta babesa adierazi die eraso homofoboa jasan zutenei.

LGBTI kolektiboari erasoak, eskuin muturraren diskurtsoak legitimatzen duen erreakzioa

Ugariak dira azkenaldian ezagutzera emandako eraso homofobo, lesbofobo zein transfoboak. Ez da denbora asko atzera egin behar Araban bertan gertatu eta ezagutzera emandako beste eraso homofobo batekin topo egiteko: abuztuan Amurrion pairatutako erasoa salatu zuen gazte batek.

Espainiako Estatu mailan ere, LGBTI kolektiboaren aurkako erasoei dagokienez, gertaera larriak jazo dira azken hilabeteetan. Erasorik muturrekoena 24 urteko Samuel Luizen hilketa izan da; uztailaren 3ko goizaldez Coruñan (Galizia) gazte talde batek emandako jipoiaren ondorioz hil zen. Erasoek ez dute etenik izan, eta aste honetan bertan jakinarazi da, astelehenez, Madrilgo Malasaña auzoan zortzi kaputxadunek 20 urteko gazte bat zauritu eta labanaz “marikoia” hitza gorputzean markatu diotela.

Ana Requena Aguilar eta Cristina Armunia Berges kazetariek elDiario.es-en argitaratu duten artikulu batean "erreakziotzat" jotzen dituzte LGBTI kolektiboaren aurkako erasoak. Bertan azaltzen denez, artikulua osatzeko erabilitako iturriek ondoko irakurketa egiten dute: jendarteko zati baten borrokak eskuin muturraren diskurtsoaren legitimazioa du orain, eta bataila sozial, kultural eta sinbolikoan dihardu, oharturik aniztasuna eta berdintasuna irabazten ari direla.

LGBTI kolektiboaren aurkako erreakzioaren logika zertan datzan azpimarratu du Laia Serra abokatuak: “Argi dago mugimendu batek espazio publiko gehiago konkistatzen duenean lehia handiagoa dagoela sektore tradizionaletatik. Feminismoaren aurka gertatzen den gauza bera gertatzen da. Inoiz ez da izan feminismorik hain presente, eta horrek jarrera bortitzagoak dakartza”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LGBTfobia
Kontzientziazioa “handitu” dela ondorioztatu du Iruñeko LGTBIfobiaren Aurkako Behatokiak

Harrotu zerbitzuak Iruñeko Udaleko LGTBIfobiaren Aurkako Behatokiaren txostena argitaratu du: urtebetean 34 erasoren berri izan duela; iaz baino zortzi gehiago. Behatokiak ustetan du zerbitzua geroz eta ezagunagoa delako izan daitekeela.


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Bilboko eraso homofoboa Legebiltzarrera iritsi da

Santomasetan bi homofobok sudurra apurtu zioten 23 urteko gazte bati eta kasu horren harira hainbat galdera egin dizkio Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzari, LGBTfobiari aurre egiteko neurrien inguruan. Bilboko EHGAMek ere badu zer esana: "Zisheteronorma babesten... [+]


Bi homofobok sudurra apurtu diote Asierri Bilbon: "Kikilduta nahi gaituzte, erantzun egin behar zaie"

Mutil-lagunari eskua emanda zihoan Asier; atzetik bi gizon gazte agertu eta muturreko bat eman zioten, hain bortitz, ezen sudurra apurtu zioten eta lurrera bota zuten. Sudurreko ebakuntza egin berritan hitz egin du ARGIAk berarekin: "Diskurtso faxista indartzen eta... [+]


2023-08-24 | Ilargi Manzanares
Pertsona trangeneroen aurkako erasoak handitu egin dira

Eraildako Trans Pertsonen Behatokiak egindako “Trans hilketen monitorizazioa” txostenean 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 30era 44 herrialdeetan izandako 327 pertsona transen hilketak salatu dira.


Eguneraketa berriak daude