Bi langile hil dira astelehenean, Buñuelen eta Arratzun: 2025ean hamalau dira jada

  • Buñueleko (Nafarroa) kasuan, 34 urteko gizona makina batean harrapatuta geratu da. Arratzun (Bizkaia), aldiz, garabiak goi-tentsioko linea bat ukitu ostean hil da 61 urteko gizona.

Nafarroako Buñuel herrian hil da langileetako bat.

2025eko martxoaren 18an - 11:17
Azken eguneraketa: 13:19
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Arratzuko (Bizkaia) langilearen istripua astelehen goizean jazo da. Behargina aire librean lanean ari zela goi-tentsioko linea baten deskarga elektrikoak jota hil da  09:00ak inguruan. SOS Deiak larrialdietarako zerbitzuei dei egin diete, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez: "Anbulantzia bat, suhiltzaileak eta Ertzaintzaren hainbat patruila bertaratu dira, baina ez dute langilea salbatzerik izan".

Baserri bateko teilatua konpontzen ari zen langilea. Teilak garraiatzeko garabia zerabilen eta horrek goi tentsioko kable bat ukitu duenean jo du deskarga elektrikoak. 61 urteko behargin portugaldarra zen, Amuriza Cubiertas y Rehabilitaciones SL enpresarentzat lanean, Loiolako baserri batean.

LABek gertatutakoaren inguruan adierazpenak egin ditu: ohartarazi du Luma garabiak erabiltzeko "berariazko prestakuntza" behar dela eta goi-tentsioko instalazioak hurbil egoteak prebentzio neurriak eta lana "behar bezala planifikatzea" eskatzen duela. Istripuan gutxieneko segurtasun baldintzak bermatu ez direla ere salatu du sindikatuak.

Nekazaritza-enpresa batean, Buñuelen

Buñueleko (Nafarroa) langilearen istripua astelehen gauean izan da. Ezbeharra Buñuelgo La Mina inguruan dagoen lehortegi batean gertatu da, langilea, 34 urteko gizon bat, makina batean harrapatuta geratu denean, 23:00ak inguruan. SOS Nafarroako larrialdiak kudeatzeko zentroak izan du gertaeraren berri. Horrek, Tuterako parkeko suhiltzaileak, Buñuelgo mediku-taldea, bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia bat eta Tuterako Foruzaingoaren polizia-etxeko patruilak bidali ditu. Hala ere, larrialdi zerbitzuek ezin izan dute ezer egin bertan hil den gizonaren bizia salbatzeko.

Asteleheneko bi istripu hauetan hildakoekin, 2025ean hamalau langile hil dira jada.


Lan istripuak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.