Pasa berri den asteburuak gertakari latzak utzi ditu itsasoan. Larunbatean, Melillara iristea xede zuten 47 pertsona zeraman patera denboralearen ondorioz urperatu zen Alboran Itsasoan, eta uretara salto egin zuten guztiek.
Ez zuten Melillara ailegatzea lortu: 21 gorpu aurkitu dira, eta gainontzeko 26ak desagertuta daude.
Ostiralean, 90 errefuxiatu zeraman barku bat hondoratu zen Libiako itsas barruan. Zuwara hondartzan hamar gorpu agertu ziren ostiral goizaldean, tragediaren berri emanez. Ia ehun pertsonatik hiru agertu ziren bizirik –bik itsasertzeraino egin zuten igeri eta beste bat arrantzale barku batek erreskatatu zuen– eta gainontzeko 77ak desagertu egin dira.
IOM Nazioarteko Migrazio Erakundearen arabera, hondartzan hilik aurkitu zirenetatik zortzi pakistandarrak ziren, eta bi libiarrak. Erakundeak uste dute ontzian zihoazen gehienak pakistandarrak izango zirela.
Erakundearen datuen arabera, iazko urtarrilean bederatzi pertsonak baino ez zuten egin Pakistanetik Libiarako ibilbidea, Italiara iristeko asmotan. Orotara, 3.138 pakistandar iritsi ziren Italiara iaz. Aurten, urtarrilean bakarrik, 240 pakistandar itsasoratu dira helburu berdinarekin.
2018. urtearen atarian gertatu dira ezbeharrak, iazko datu ikaragarriei buelta eman barik: IOMek kaleratu zuen 2017ko balantzeak dio iaz 2.247 pertsona hil zirela Mediterraneo itsasoan, Europara iristeko saiakeran. Horietatik gehienek Italia zuten helburu.