Truke.eu webgunean erabiltzaileak harremanetan jarri ahalko dira jada erabiliko ez dituzten arropa, etxetresna eta bestelako gaiak trukatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Lurralde Antolaketa Sailaren laguntzaz abiatutako egitasmoa da. Irabazi asmorik gabeko elkartea da eta 30 bat lagun inguruk osatzen dute Truke. Helburu nagusia kontsumo gaiak bigarren aldiz erabiltzea da eta horretarako hiru aukera ematen ditu webguneak. Lehenik, behar ez duzuna oparitzeko aukera duzu; bigarrenik, trukea egin dezakezu; eta hirugarrenik, saldu egin dezakezu. Dagoeneko mota guztietako gaiak daude erakusleihoan, hala nola, arropa, baserriko lan tresnak, jostailuak, oinetakoak, etxetresnak eta altzariak.
Erabiltzaileek zuzenean egingo dute tratua, hala ere, Trukeren helburua kontsumo ohiturak aldatu nahi dituzten herritarrak harremanetan jarri eta komunitatea sortzea da.
Egitasmoa ez da sare sozialetara mugatuko, kalean ere egongo da, berrerabilpenarekin eta kontsumo kolaboratiboarekin zerikusia duten ekimenetan antolatzaile, laguntzaile eta parte-hartzaile.