Bermerik gabe lanean ari den erraustegia berehala ixtea eskatu du GuraSOSek

  • Sutea astelehenean hasi zela, jada hirugarren sutea dela eta guztira erraustegiaren bueltan izandako zazpigarren ezbeharra dela jakinarazi du GuraSOSek agerraldi bidez Donostian. Bermerik gabe lanean ari den erraustegia berehala geratzea exijitu dute.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2021eko urtarrilaren 14an - 08:56

Erraustegian izandako suteari buruz bildu ahal izan duten informazioa eskaini zuen GuraSOSek asteazken goizean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin zuen agerraldian. Batetik, sutea ez da Zubieta gaineko azpiegituran jazotako lehenengoa izan, GuraSOSen esanetan hirugarrena da jada. "Hau baino askoz larriagoa izan zen sute baten berri izan dugu, duela hilabete batzuk gertatu zena. Zehaztapenak ditugunean zehazki noiz izan zen berri emango dugu. Hirugarren sute bat izan zen duela aste gutxi, hau ez hain larria", Joseba Belaustegik hedabideei azaldu dienez. 

Azken suteari dagokionean, "hondakinen gordailuan" piztu zen, baina ez asteartean SOS Deiak-ek berri eman zuenean. Bezperan baizik, astelehenean, GuraSOSek berri eman duenez. Langileak aritu dira sutea itzali nahian, lehendik ere gertatu diren suteetan bezala, aipatu elkartearen esanetan. Langileok ordea "ez dute gaitasun eta formakuntza nahikoa halako lanak egiteko". Asteartean suhiltzaileen laguntza behar izan zuten. "Oraindik ez dago guztiz itzalita, ke gutxiago ateratzen ari da baina ateratzen segitzen du". Zaldibarren ikusi genituen irudiekin parekatu du GuraSOSek erraustegian gertatzen ari dena. "Honek Zaldibarren bigarren partearen aurrean gaudela erakusten du". Hondakinen gordailuan gertatu eta itzaltzen ez diren suteak.

 

 

"Hemen akats sistemiko bat dago"

Hiru sute hauei, urteotako beste bost istripu larri erantsi behar zaizkie. Besteak beste, iazko maiatzean erraustegiko eremutik Arkaitzerrekara isuritako amoniakoa, ehunka arrain hil zituena, edota transformagailuan izandako leherketa eta matxurak. Argi esan dute GuraSOSek, "hemen ez gaude zorte txarraren edo istripu isolatuen aurrean. Hemen akats sistemiko bat dago", Belaustegik salatu duenez.  Eta GuraSOSen esanetan akats sistemiko horrek azalpen argia du: "Segurtasuna, ingurumena eta osasunaren gainetik interes pribatu eta ekonomikoak jartzen ari dira".

Agintariak "arduragabekeriaz, gardentasun ezarekin eta mespretxuz ari dira jokatzen ingurumen, segurtasun eta osasunarekiko". Eta suteak Zaldibarko zabortegian izandako hondamendiarekin parekatu dituen arren, gertaera hauekiko erantzuleak Bizkaiko hondakindegiarekin alderatuta, ezberdinak dira GuraSOSek nabarmendu duenez. "Hau ez da Zaldibarren gertatu zen moduan enpresa baten errua. Kasu honetan enpresak badu bere ardura baina gu zaindu behar gaituena ez da enpresa, gure zergekin ordaintzen ditugun agintari eta erakundeak baizik. Haiek dira interes publikoa lehenetsi behar dutenak eta ez interes partikularrak". 

 

 

Erraustegiaren itxiera eskatu dute

Arduragabekeria eta gardentasun faltarekin jokatzea egotzi diete erraustegiaren sustatzaileei. "Hau al da hainbesteetan propaganda hutsez saldu zaigun Europa mailako instalazio moderno eta aitzindaria? Halako arriskuarekin eta ezinegonarekin bizitzea, horiek al dira Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak eskaintzen dizkiguten bizi baldintzak? Nola fidatu gaitezke aurrerantzean ematen dizkiguten datuekin? Zer sinesgarritasun dute gezurtero hauek? Batere ez", adierazi du GuraSOSek eskaera argi bat exijitzearekin batera. GuraSOSen esanetan asko dago jokoan; batetik herritarrei dirutan eginiko kaltea. Zifra zehatza jarri diote jada kalte horri; 41,6 milioitik gorakoa. Kalteez hitz egiterakoan, "preziorik ez duen" kaltea ere nabarmendu dute; herritarren eta erraustegian lanean dabiltzanen segurtasuna eta osasuna. "Bakoitzak egin beharrekoa egin dezala, denok bermatua izan dezagun bizitza duin, seguru eta osasuntsua". 

Egoera honen aurrean, urteak plazaratzen daramaten eskaera egin diete agintariei; bermerik gabe lanean ari den Zubietako erraustegia berehala geratzea exijitu dute, "gure seme-alaben osasuna bermatu egin behar dugulako eta ikusten dugulako erraustegiak ez duela egiten". Horregatik, "behin eta berriro egin dugun moduan, erraustegiaren itxiera eskatzen dugu ez baitu ez gure seme-alaben ezta herritar guztien osasuna bermatzen". 

Helburuok lortu eta egia osoa argitu arte "agintariek egin beharko luketen" baina GuraSOSen esanetan egiten ez duten lan hau egiten, hau da, erraustegiaren bueltan gertatzen ari denaz informatzen jarraituko dutela iragarri du GuraSOSek, egia argitzeko lanean . "Agintariek herritarrak informatu behar dituzte. Egiten ez dutenez, egia esaten ez dutenez, herritarrok antolatu eta betebehar hori betetzen segiko dugu, jendartea informatzen".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan

GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez, egungo arazoen aurrean beste alde... [+]


Jose Ignacio Asensio ikerketapean dago, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik

Ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat egin ote duen eta dokumentuak faltsutu dituen ala ez ikertzeko eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak, GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.


Sutea piztu da berriz Zubietako erraustegian

Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, erraustegiko biolehortze-plantan gertatu da ezbeharra.


Eguneraketa berriak daude