Baztango euskara plana bertan behera utzi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak

  • Euskararen normalizaziora bidean Baztango Udalak onarturiko planaren aurka egin du Nafarroako Auzitegi Nagusiak. 2014ko abuztuan euskara lehenesteko hainbat neurri onartu zituen erakundeak; tartean zeuden webgunearen euskarazko bertsioa lehenestea eta seinaleetan euskara erabiltzea.


2016ko maiatzaren 26an - 10:11
2014ko abuztuan euskara lehenesteko hainbat neurri onartu zituen Baztango Udalak (Arg: Kontseilua).
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Baztango Udalak onarturiko neurri sortaren aurkako salaketa jarri zuen orduko Nafarroako Gobernuak, legearen kontrakoa zela argudiatuta. Bada, salaketatik bi urte igaro direnean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio.

Auzitegi Nagusiaren arabera, juridikoki ez zen zuzen egin euskararen normalizaziorako plana. “Ez dira administrazioaren eremuko jarraibide edo irizpideak, arau baten edukia duten neurriak baizik”, dio. Arau baten tramitazioa jarraitu beharko zukeela argitzen du.

Bestetik, Nafarroako Auzitegi Nagusiak iritzi dio Udalak mugak gainditu dituela: “Herritarren hezkuntza eskubideak errespetatuko direla esan arren, zenbait alderditan euskara erabiltzea da benetako xedea”. Haren esanetan, Euskararen Legeak eta administrazio publikoetan euskara erabiltzeko dekretuak ezarritako mugak gainditzen ditu neurriak. Baztango euskara ordenantza bera urratzea ere egozten dio Udalari.

Kontseilua: euskaldunen aurkako neurriak indargabetzeko eskaera

Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aurkako idatzia igorri du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Euskaldunen eskubideak irmotasunez defendatzen jarraitzeko erabakia berretsi du eta “lege berriak, egokiak, egiteko bideari ekiteko” eskatu dio Nafarroako Gobernu berriari, euskaldunen eskubideak bermatze aldera.

Salatu dute legea bera “traba” dela euskaraz bizi ahal izateko eta “euskaldunentzat kaltegarriak diren arau eta legeak berandu baino lehen” indargabetzeko deia egin die erakundeei. Ekainaren 4an “Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu” lelopean egingo duten manifestaziora joatearen garrantzia azpimarratu dute.


Irakurri gehiago: Euskara Nafarroan Euskara
Euskara Nafarroan kanalean gehiago
2026ko martxoaren 22
Korrika Iruñean / Irauli egitasmoa martxan
Iruñea iraultzeko, begirada luze eta pausoak motz

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.