Badoa eta badator odolaren mintzoa

  • Mundua bildu zen Urepelen atzo. Euskararen jende mundu bat. Hauetako bati hauxe aditu genion: “Kasu emazue, egun urepeldarrak Urepelen galduko zirezte”. Alabaina, tema gara jendea gero, den-denok karrika beretik ibili ginen beheitik goiti, goitik beheiti. Hori bai, denok euskararen alde. Gehienak euskaraz mintzo. Gaztelaniaz ere zenbaitzuk, frantsesez ere halaber.


2015eko martxoaren 20an - 05:48

Mundu bat anabasa politean. AEK-k du horren meritua, AEK-ko kideek alabaina, laudorioak egun zoragarria posible egin zutenentzat ukan zituzten. Eta partikularki eskualdeko laguntzaileentzat.

Euria igurikatzen genuen, baina Urepeleko jendearen epelaz gozatu ginen. Zorionak denei!

Goizeko 11:00an hasitako festa, atsaldeko 5etan lehertu zen: “Urepeldarrak, munduko gizon eta emazteak” deiadarraren karietara, Laida Etxemendi eta Peio Iputxe AEKko irakasleek hartu zuten Korrikaren lekukoa.

Abiatu zen Korrika, Alduden beheiti. Hainbat korrikalari Alduderaino joan ziren, Bankaraino ere bai. Baigorri eta Garaziraino ere zenbait.

Korrikak Maule utzi du martxoaren 20ko goizeko lehen tenorean. Donapaleu goizeko hiruretan. Hazparnetik –Itsasun gaindi– Dantxarinera doa, eta segidan Iruñera. Badoa Nafarroan gaindi, baina bihar jinen da berriz ere, Lapurdira, Baionak igurikatzen baitu Korrika: “Badoa eta badator odolaren mintzoa”.

Korrikak hamaika lelo utzi ditu 30 urte luzeren ondoan. Atzo irakurritako bat hauxe: “Gutarik bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake. Euskarak gu baizik ez gaitu”.

EHE elkartearen leloak berriz, “Euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera”, zioen. Euskal Herriak euskal ahal dunduko badugu, gehiengoa euskaldundu du ere, alajaina.

Lemak lema, badago dilema hau plazaratu duena: “Euskara kontuetan nahi baino, ahal bezala. Baina, ahal bainoago, ezinean. Behartzeko ahalmenik hartu nahi ez duguino”. Halatsu erranen omen lezakete gure klasikoek, biziko balira, hots, Bernart Etxepare eta Fernando Aire Xalbadorrek.

Bertzera erranik: “Eta leloari bai lelo, gureak jai egin du, gaitezen garbi mintza”, dio Asisko garaikideak.

Hots, euskaldunon dilema klasikoa eta berria da aldi berean. Iturri zaharretik egunero berritzen dugun ur berria ur epela dugu gehienetan. XXI. mendera arribatuak, Adi menditik jausten ur hotza ur epela da. Ur epela nola euskara epela ere Euskal Herria osoan.

Euskararen miraria ez ei da gaur arte iraun izana, egunero eta egun osoan euskaraz bizitzea baizik. Euskarak dilemarik ukan baino, dilemak euskaldunok dituguino, galderak hamaika dira, baina galdera denek ez dute behar duten arrapostu kausitu orainokoan.

Ahal, nahi izatea omen da. Noiz arte baina? Euskaldun ahal dugu Euskal Herria, euskararen alde lelotu baino lehen?

Euskara kausituko badugu, euskaran behar dugu kausitu –euskaraz ituan jo–, baita euskaraz kausitu –laketu– ere! Bai ote? Badago dioena, hori guztia alferrik dela boterea hartu gabe.

Dilemak jalgi dira berriz ere: “Nola hartzen da boterea, baina? Nork zein, zer eta zerendako behar du hartu? Zein botere mota, alafede?

Badoa eta badator odolaren mintzoa. Nafarroan dabil Zuberoan gaindi. Arroetan doa, arro batzuetan, hotz, epel eta beroa bestetan. Etxepare eta Aire hala, klasikoak dira ere Agosti Xaho nola Bernard Goienetxe Matalas.

Agian, agian, egiazko euskaldunak jaikitzeko ordua heldu da. Agian, buruan daramagun tirano arrotza ohiltzeko tenorea heldu ere. Ez gaitezen tronpa baina, ez dezagun geure buru hil anartean, anaia-arreba artean.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#3
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
#5
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Korrika
2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Ane Elordi: "Batasunaren Korrika izan da"

11 egunetan bizipen hunkigarri asko bizi dituela esan du Ane Elordik Euskadi Irratian. “Aje emozionala, bi urtetan egindako lana, kideak ondoan izanik, eskertza, babesa, Euskal Herri osoa Baionan elkartu da... Momentu oso bereziak bizi izan ditugu azken egunean”.


Eguneraketa berriak daude