Larunbateko gaupasa Korrikarekin egiten duten horiek

  • 23. Korrika makina bat irudi esanguratsu egiten ari da, eta dagoeneko oso ohituta gaude jendetza ikustera "Harro Herri" leloaren atzetik korrika. Baina gauean zer pasatzen da? Larunbatetan ere, jendea festan dagoen bitartean, lekukoa norbaitek sostengatzen du. Nafarroa erdialdetik hegoalderanzko gau baten kronika duzue jarraian. Ohiko jendetzatik bestelako Korrikarena.


2024ko martxoaren 23an - 13:06
Azken eguneraketa: 22:44

Larunbata, 21:00ak. Iruñeko eromena atzean utzi eta Elortzibarren doa Korrika. Furgoneteroei txanda aldaketa dagokie, eta gasolindegira doaz komuna hustu eta zaborra eramatera. Hamalau orduko txandaren ondoren, martxoaren 16an Iruñean bizitakoa gainetik kentzea kostatuko zaie.

Nafarroa Garaiko hiriburuak jendez lepo jarraitzen du, parrandan ariko dira asko euskararen izenean, beste asko Osasunaren partidaren aitzakian edota Labrit pilotalekutik atera berritan. 22:00etako txandan sartutako furgoneteroek beste parranda bat dute aurretik, beste gaupasa mota bat, gutxi batzuek gozatzeko aukera izango dutena.

Nafarroa erdialdetik hegoalderanzko bidea gauez egin du lekukoak, ttipi-ttapa. Luze egiten dira errepide lau amaiezinak, eta kilometroa erosi dutenek 1.000 metro baino gehixeago egiten dituztela dirudi, egunez une askotan gertatzen ez dena. Parajeotan urrats gehiago behar dira helmugara iristeko. Furgonetatik aldarri eta animo hitzak oihukatzeaz gain, euskararen aldeko korrikalariei ura ere eman behar izan diete hainbatetan. Nekeza egiten da euskara sostengatzea, inguruak laguntzen ez badu.

Furgonetatik, eztarria urratu arte gogorarazten die Epi Aracama garestarrak “ezinbestekoa” dela parte hartzaile guztien babesa, eta eskerrak emanez igaro ditu Garesaldeako kilometroak. Esatari lanak laugarrenez egiten ari den arren, eta 1980ko lehen ediziotik era batera edo bestera Korrikan parte hartu badu ere, "lehen aldian bezala emozionatzen" dela dio. Bertakoa eta euskara irakaslea izanik, ondotxo ezagutzen ditu lekukoa hartzen dutenak: “Ederra da zuek hemen ikustea!”, errepikatzen die herriz herri euskaltegiko bere ikasle ohiei.

23:30 pasatxo, eta Garesko kaleak euskaltzalez beteta daude. Aracamak harro begiratzen dio bere herriari, duela 68 urte jaio zenetik euskalduntzen ikusi duenari. Garestarrak espero zuen jendetza hori, besteak beste, Garesen D eredua egotearen eragina nabaritzen delako. Baina aitortu du harritu duela inguruko herrietan 23. Korrikak izandako harrerak: “Eneritzeko herriak kilometroa erosi duela? Flipatu dut!”. Ziurtasunez eta asebeteta dio azken edizioetan Garesaldeako Korrika nabarmen handitu dela, eta batik bat pandemia ostean bultzada handia izan duela.

Bere azken urtea izan da esatari gisa, baina erreleboa lotuta duela baieztatu du: “Emakume zoragarri bati pasa diot ardura. Gazteen txanda da orain!”. Euforiaz eta esperantzaz beteta, Artaxoan utzi du Korrika Epi Aracamak.

Erriberako herriak esna daude

01:00. Euskarak mozkortuta sumatzen dira hainbat herritako tabernak. Haur ugari ere parranda egiten ari dira larunbateko ordu txikitan, oraindik oheratu gabe, edo goiz lotaratu eta esnatu berri; eta gurasoak haietaz harro. Korrikak baimentzen du errutina haustea.

Tafallaldean jada, “Harro Herri Korrika” enegarren aldiz entzun da furgonetatik, baina Tafalla udalerriko jendearen oihuek estali dute musika ia. 'Nafarroa bat, ez hiru’ dioen pankarta zintzilik duen zubipetik doa Korrika, gero eta jende gutxiagoren babesean, gauak aurrera egin ahala. Esatariek eskertza berezia egiten diete kilometroa larunbat gauean Erriberan erosi duten koadrilla horiei, AEK-k “zoro horiei esker” ere egiten baitu aurrera.

Argazkia: AEK.

03:15, eta ziurrenik Iruñeko tabernek bor-bor jarraitzen dute. Korrika pantaila handietan zuzenean duten tabernetan, agian parrandazaleren bati arraro egin zaio lekuko eramalearen izena. Nafarroako GKSk erosi du kilometroa Tafallatik Miranda de Argara bidean, 11 egunetan koordinadoraren izenean ikusiko den bakarra. “Iraultzarik ez bada galduko da euskara” esanez egin dute korrika gazteek. Eta ttipi-ttapa badoa ‘Gipuzkoalderantz’ Korrika: Bergara, Orereta, Hernani, Antzuola, Donostia eta hainbat herritako koadrilla eta familia gipuzkoarrak ari dira lekukoa astintzen, gutxitan bisitatzen dituzten Erriberako herriak ezagutzen.

Errepide zuzenetan doa herri harroa, hamar lagun baino gutxiagoko talde txikian, gaueko ordu horietan sortzen den elkartasun eta festa giroan. Furgonetak ez du galbiderik errepide zuzenetan, baina halere bidea irekitzen doaz eskualdeko autoan Arrate Febrero eta Asier Cabañas AEK-ko irakasle eta Tafallaldeko Korrikaren arduradunak. Berretsi digute errepide horretan saldu gabe geratu ziren 16 kilometroak Gipuzkoa edo Bizkaiko taldeei saldu dizkietela. Dena den, furgonetatik sentitutakoa baieztatu dute autotik: bertako herriek ere badute indarra, eta Errigorak eta Agerraldiak egindako lanak emaitza oso positiboa izan du.

Argazkia: AEK.

Euskararekiko atxikimendua gorantz doa. 04:30, eta Mirandako, Berbintzanako eta Larragako herriak esna, Korrikara indarrez batzeko. Zaila da 05:30ean egindako galderei erantzun garatuak ematea, ordu luzeak ttur-ttur gidatzen pasa ondoren. Baina Febrero eta Cabañas ari dira esaldiak lotzen: “Aurten Korrika batzordeak izugarriak izan dira. Herria antolatu da, guk bideratu dugu baina autogestioa izan da; izugarrizko inplikazioa egon da”.

Berbintzana, Miranda, Larraga, Azkoien, Martzilla, Beire, Faltzes... “Euskalgintzan eta hemen garenak gara, baina ikusi ze polita izan den erantzuna”, asebeteta diote errepideko jendeari begira. Gabonetan zabaldu zuten Korrika antolatzeko deialdia, eta ordutik herri bakoitzak hainbat ekintza antolatu ditu. Saretze ederra lortu dutela diote.

“Non daude AEK-ko ikasleak?” mikrofonotik galdetu, eta zenbait korrikalariren eskuak gora, AEKren parte izateaz harro. Korrikak euskara ikasteko grina pizten duela ziurtatu dute Tafallaldeako arduradunek, eta azken urteetan euskara taldeak sortzen ari direla, herrietan gogoa badagoela aprobetxatuta. Aldeko jarrera hori baloratzen dute, nahiz eta jakitun diren inguruotan euskaraz bizitzea oraindik ere lortu gabeko helburua dela. Aurrera doaz, pixkanaka.

Kilometro bakartietan aurrera

Luze eta bakarti egiten den bide horretan lagun dituzte kilometroak eta kilometroak egiteko prest dauden euskaltzaleak. “Ez dago inor zain hurrengo kilometroan, esan jarraitzeko eurek”, walkie-talkie-tik abisua pasa dute Febrero eta Cabañasek. Eta ordura arte atzean 10, 20, kilometro korrika daramatzatenen momentua izan da. Durangarrak, Donostiako arraunlariak, Oreretako emakumeak, eta ia gau osoa ‘Amnistia’ren kartelarekin doan Iñaki, eta ‘Azterketak Euskaraz’ kartela daraman Amaiurko Antton. Parrandan jendea ezagutzea bezalakoa izan da, eta zortzi bat laguneko taldeak hainbeste orduren ondoren elkar ezagutu du jada. Eramalerik ez dagoenez, euren artean txandakatu dute lekukoa. Larunbat gau ilunean espero ez zuten oparia.

Argitzen ari da gaua, eta 06:00etan Faltzesen gauapaseroekin egin du topo Korrikak. Haietako batzuk batu dira, festan segitzeko asmoz, baina metro gutxitan damutu dira. Esnatzeko oso goiz eta lokartzeko oso berandu den tarte horretan, Azkoienen ongietorria eman diote igandeari, Kuraiaren ‘Egunsentian’ kantuak eta ‘Harro Herri Korrika’ leloak kantatuta. Larunbat gauean Korrikarekin gaupasa egin dutenei esker aurrera doa euskararen lekukoa.

Argazkia: AEK.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Korrika
2024-10-31 | Leire Ibar
Korrikaren karbono isuria nola murriztu daitekeen ikertu dute lehenengo aldiz

Ingurumen-inpaktuaren berri izateko eta, hurrengo edizioei begira emisioak murrizteko egin du azterketa Lander Crespo klima adituak. Garraioa izan zen Korrikako azken edizioan isurketa gehienen jatorria.


2024-10-28 | Uriola.eus
Bilboko Alde Zaharreko Korrika batzordeak Udalaren 1.500 euroko isuna salatu du

Bilboko Alde Zaharreko Korrika batzordeak auzoan egin zuten ekimen bat baimenik gabe antolatzeagatik udalaren 1.500 euroko isuna salatu du. Ekintza hau arau-hauste larritzat jo zuen udalak, eta auzokideek espazio publikoaren erabilera defendatu dute.


2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Ane Elordi: “Batasunaren Korrika izan da”

11 egunetan bizipen hunkigarri asko bizi dituela esan du Ane Elordik Euskadi Irratian. “Aje emozionala, bi urtetan egindako lana, kideak ondoan izanik, eskertza, babesa, Euskal Herri osoa Baionan elkartu da... Momentu oso bereziak bizi izan ditugu azken egunean”.


2024-03-24 | Leire Artola Arin
Milaka lagun Korrikaren amaiera ospatzen ari dira Baionan

2.700 kilometro eginda, martxoaren 24arekin heldu da Korrikaren lekukoa Baionako Askatasun plazara, eta mezu sekretua irakurri du Garazi Arrulak. Egun osoko festa handia antolatu dute kultur eragileekin auzolanean: Ibil Bedi, Anje Duhalde, Xiberoots, txarangak,... [+]


2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


2024-03-23 | ARGIA
GARAZI ARRULAREN MEZUA

Garazi Arrrula Ruiz izan da aurtengo Korrikaren mezugilea. Txalaparta argitaletxeko editorea da tafallarra. Baionan, milaka euskaltzaleren aurrean, esan du euskara ez dela "ez altxor, ez oroitarri, ez toponimia. Euskarak hegemonia hartzeaz ari gara". Eta gehitu du... [+]


2024-03-23 | ARGIA
AEK: “Harro gara... baina ez konforme!”

AEKren mezua bertako kide Maider Heguyk eta Bixente Claveriek irakurri dute. Erakundeei “hizkuntza politika ausarta eta sendoa” eskatu diete eta ez “brilli-brillizko bilgarria”. Konpromiso eta baliabide gehiago eskatu dituzte. Gogorarazi dute oraindik... [+]


2024-03-20 | Leire Artola Arin
KRONIKA
Euskara harrotasunez transmititu dutenen lekukoa

Korrika egunez egun erakusten ari da pasatzen den txoko guztietan nola pizten duen harrotasun sentimendua, euskaldun izatearen harrotasunarena. Emozio horixe da, batik bat, euskara transmititzen jardun duten adineko pertsona horiena.


2024-03-20 | Enbata
“Euskarak espazio publikoa berreskuratu behar du”

23. Korrikaren karietara, helduei euskara irakasten diharduen AEK edo Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeko Ipar Euskal Herriko koordinatzailea den Ihintz Olideni, Enbatak hainbat galde pausatu dizkio. Jarraian, argitaratua den elkarrizketak, AEK eta Korrika zehazkiago... [+]


Eguneraketa berriak daude