EHZ

Badator Irisarrin egingo den azken EHZ Festibala

  • Euskal musikaren eszenan punta-puntan dauden Liher, J Martina, Willis Drummond, Belako, Zetak eta Kristonak gisako taldeak pasako dira EHZko oholtzatik, datorren ostiraletik igandera. Umorezko saiorik ere izango da, baita bertsoak, rap emanaldia eta gaiteroak ere. Antolatzaileek jakinarazi dute Irisarri herrian egingo den azkena izango dela.


2023ko ekainaren 26an - 08:00
Azken eguneraketa: 2023-06-28 13:06:47
EHZ ospatuko dute Irisarrin aurten ere. Maddi Altuna

Urtetik urtera hazten ari da EHZ festibala. Aurtengoa 27. edizioa izango du, eta jada ondo baino hobeto egonkorturik dago Irisarriko herrian. Plaza eta Pentzeako zonaldea, aurten azken hau bi eszenetan bereizia, dagoeneko oso leku ohikoa eta erosoa bilakatu dira bisitarientzat. Datak ere ohikoak izanagatik, urteroko ezinbesteko zita bilakatu da askorentzat. Iñigo Satrustegik zioen iazko kronikan, EHZ oasi bat izan zela pandemiaren erdian, 2021ean, eta hain oroitzapen onak geratu zitzaizkiola, hamabi hilabete pasatu zituela zain berriz EHZ iristeko –aurten handik ikusten baduzue, galde iezaiozue ea in crescendo joan den bere motibazioa–.

EHZra joaten denak ez du izaten beste edozein makro-festibal diruzaletara gerturatu denaren sentsaziorik; horixe izaten da urteroko tonika. Baina tonika apur bat gas gehiagorekin dator aurtengoan, bai behintzat festibaletan mugitzen den jendearen artean: 2022 urteak lehertu egin ditu mundu mailako makro-festibalak, gainezka egiteraino, txikitzeraino. Kontsumoa basatia are basatiagoa bilakatu da, eta jasanezina bihurtu. Ikerketa batek erakutsi du BBK Live-ra joaten direnei antsietateak jaten dietela musikarako gosea, eta ez dutela behar beste eta behar bezala disfrutatzen, gehiegizkoa egiten zaielako. Bilboko BBK Live eta Donostiako Musika Hamabostaldia alderatzen ditu ikerketak; bigarrena, hilabete osoan luzatzen denez, jasangarriagoa da bisitarientzat.

EHZren erronkak behar du izan, beraz, formula masibo horietatik ihes egitea, eta musikaren eta artearen balio artistikoari garrantzia ematen jarraitzea, musika produktu merkantil gisa praktikan jarri baino. Orain artean horregatik ezaugarritu da EHZ: herri txiki batean eginagatik ere, herri hori zaindu daitekeela frogatu duelako, eta festibala jasangarri egin, kontsumismo ereduan ez ezik, baita zaletuen emozioetan ere. Adibide argia da hau ere: EHZk antolakuntzak, iazko balorazioa egin ostean, 15.000 euro eman zizkion lurraren defentsan ari den Lurzaindiari.

Asteburuko hitzordua(k)

Habia folk musika taldeak zabalduko du aurtengo festibala, Irisarriko plazan, arratsaldeko 18:00etan kontzertua eskainita. Muare-k segituko dio atzetik, plazan ere bai; Pentzeko eszena nagusia inauguratzen lehena Liher talde donostiarra izango da, iluntzeko 20:15ean, eta atzetik igoko dira J Martinako kideak. Eta eszenaren lehen lerroan urteak daramatzaten bi talde aipagarri ere bai: Willis Drummond eta Belako.

Egunik luzeena izan ohi den larunbata, ekitaldiz beterikoa eta askotarikoa izango da. Musika taldeen artean, handienak Gatibu eta Zetak izango dira, Nize talde bilbotarrak jarriko dio egunari post-punk doinua, eta Mice-k, berriz, giro bukolikoa. Bazkalosteko ajea gainditzeko, bestalde Zozongo-k antolatuko du batukada espektakulua.

Ospitalea deituriko eszenan, berriz, su-epelean landuko dira hainbat gai. Besteak beste, zer pentsa izango da Asier Blasek Ukrainako gerraz esateko duenarekin, baita energiaren krisiaz Greenpeace-ko kide batekin solasean arituta ere. Horrez gain, Bidasoaren alde bietako ikuspegi euskaltzaleak batzeko, mahaiaren bueltan batuko dira hainbat eragiletako kide hausnartzera.

Igandea izango da hitzaldi eta mahai inguruen egun handia. Besteak beste, poliziaren errepresioaren hainbat lekukotza jasoko dira, Frantziako Estatuko borroka sozialen azken urteetako bilakaerari erreparatuko zaio eta Antton Lukuren ikusgarria ere izango da. Musika aldetik, bi zita eder gerriak mugitzeko, bata bazkalaurretik eta bestea bazkalondoren, Cumbian Bero eta Goxua'n Salsa.

EHZko kartela.

Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: EHZ
2024-04-02 | ARGIA
Pelax, Rudiger, Su Ta Gar, Süne edo Octopussy, EHZn iragarritako talde berrien artean

Auhen, Janus Lester eta Old School Funky Family taldeak ere izango dira festibalean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean egingo dute jaialdia, Arberatzen. Hiru egunetarako bonu berriak jarri dituzte salgai.


Belako, Nakar, Benizze, Lysistrata eta Vincen Garcia EHZren 28. edizioan

Lehen aldiz festibala Amikuzeko Arberatze herrian ospatuko da. Ekainaren 28, 29 eta 30an izango da.


Eguneraketa berriak daude