Azpeitiko Lapatx zabortegia behin betiko itxiko da azaroaren 30ean

  • Urola Erdiko Mankomunitateak eta Azpeitiko Udalak jakinarazi dute Azpeitiako Lapatx zabortegiak bere gaitasuna agortu duela, eta azaroaren 30etik aurrera ez dela bertan zabor gehiago isuriko.


2016ko azaroaren 18an - 10:14
Lapatx zabortegia (Arg: Uztarria)

“Otsailean, Urola Erdiko Mankomunitatean aho batez erabaki genuen Lapatx bete arte jasoko genuela zaborra, eta bete da. Beraz, azaroaren 30etik aurrera Azpeitiak ez du zabor gehiago jasoko”, adierazi du Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko Lehendakari eta Azpeitiko alkate-ordeak. Otsailean aurreikusi baino hilabete gehiago izan da azkenean irekita Lapatx: “Otsailetik hona, egunetik egunera jasotako zabor tonek ez dute zerikusirik izan, oso kantitate irregularrak izan dira egunez egun, eta uste baino hilabete gehiago izan da irekita zabortegia azkenean”, adierazi du.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea ere pozik agertu da itxierarekin. “Aurretik ere izan ditu Lapatxek itxierarako datak, inoiz bete ez direnak, atzeratu dituztenak... Ez da erreza zabortegi baten ondoan bizitzea, oso solidarioak izan gara azpeitiarrak Gipuzkoa osoarekin, baina orain ezin dugu gehiago izan. Hemendik aurrera gure zaborrak ere beste lekuetara eraman beharko ditugu. Lapatxen aroa bukatu da” azpimarratu du Etxeberriak. 

Bukatzeko, herritarrak ere izan ditu gogoan: “Herritarrei eskerrak ematea nahi dizkiet izan duten pazientzia eta konfiantzagatik. Ez da erraza izan data jartzea, tamalez, hondakinen kudeaketaren atzean interes asko daudelako. GHK teknikoak konprobatu dute zabortegia bete dela, eta Aldundiko Ingurugiro Diputatua ere jakitun da, ondorioz data horretan behin betiko itxiko dela ziur esan dezakegu”, adierazi du.

Manifestazioaren kartela

 

"Lapatx itxi, errausketarik ez. Birziklatu eta berrerabili " manifestazioa larunbatean

Elkar-ekin taldeak, Elosiagako bizilagunek eta beste hainbat herritarrek manifestazioa antolatu dute larunbatean –azaroaren 19– 18:30ean Azpeitiko plazatik abiatuta. Azpeitiko Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari Lapatx zabortegia itxi, Zubietako erraustegia geldiarazi eta Azpeitian hondakinen bilketa sistema eraginkorra ezartzea eskatzeko deitu dute.

 

 

 

Lapatxeko zabortegiaren kronologia zabaldu du Azpeitiko Udalak:

1981an, lehen urratsak. Gipuzkoako Foru Aldundiak Azpeitiko Lapatx baserriaren inguruan zabortegi kontrolatua egitea erabaki zuen, lau udalerrirentzat: Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa.

1988. urtetik abian. Urte horretan jarri zuten abian zabortegia, hogei urteko bizitza iragarri zioten.

1999an, mankomunitatea zerbitzuaren arduradun. Lapatxek ordura arte baino zabor gehiago jasotzea adostu zuten Urola Erdiko Mankomunitateak, Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak;  Urola Erdiko hondakinez gain, Urola Kostako eta Debabarreneko hondakinak hartzea hitzartu zuten. Horrekin batera, Lapatx 2009an itxiko zela aurreikusi zuten.

2007an, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa (GHK) sortu zuten. Gipuzkoako mankomunitate guztiek – Txingudikoak izan ezik - lankidetza hitzarmena sinatu zuten GHK sortzeko. Hitzarmen hartan idatziz jaso zuten 2009an Lapatx itxiko zutela.

2008an, San Marko itxi zuten. Errenteriako zabortegia itxi zuten, espero baino lehen.

2009an, handitzea. Lapatx ixteko emandako hitza ez zuen bete GHK-k, eta zabortegia handitu zuten: 375.000 tona gehiago hartzeko. GHK-k eta mankomunitateak beste hitzarmen bat sinatu zuten eta zabortegian transferentzia zentroaz eta konpostajea egiteko azpiegiturak egiteko konpromisoa hartu zuen GHK-k.

2011an, baimena Lapatxi. Ingurumen Baimen Bateratua eskuratu zuen Lapatxek.

2014an, bigarren itxiera data. Gipuzkoako zabortegiak ixteko data berriak iragarri zituen Aldundiak: Lapatx, 2015eko apirilean itxiko zela jakinarazi zuten. Zarauzko Urteta 2014ko abenduan itxi zuten.

2015an, Gipuzkoako zabortegi bakarra: Lapatx. Beasaingo Sasieta zabortegia itxi zuten urte hasieran eta Gipuzkoa osoan zabortegi bakarra gelditu zen, Lapatx. Urola Erdiko Mankomunitateak erabaki zuen 2016ko otsailaren 3tik aurrera Lapatxek ez zuela bailaratik kanpoko zaborrik hartuko.

2016an, ezetza handitzeari. GHK-k jarduera epea luzatzeko eta eremua handitzeko eskatu zion Urola Erdiko Mankomunitateari. Otsailaren 1ean, mankomunitateko ordezkariek erabaki zuten, gehiengo osoz, zabortegia bete artean Gipuzkoa guztiko zaborrak jasotzen jarraituko zela; baina zabortegia handitzeari ezetz esan zioten. GHK-k erabakia errespetatzen ez badu, herri galdeketa egingo zuela jakinarazi zuen Azpeitiko Udalak

2016ko azaroa, itxiera. Azpeitiko Udal ordezkariek jakinarazi dute azaroaren 30a izango dela Lapatxek zaborrak jasotzen dituen azken eguna. Ordutik aurrera ez da errefusarik sartuko Lapatxen.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa Gipuzkoan
2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-08-01 | Jon Torner Zabala
Ibilbideak (IV)
Beloki: Han goitik hautsa ikusten da

Zumarragan badugu eraikin-multzo bat herriguneak besteko zabalera duena ia, Arcelor Mittal-en fabrika zaharra, industriak gurean izan duen garrantzia geroz eta urriagoaren erakusgarri. Hura itxi eta gutxira, 2021eko urrian, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen,... [+]


Zumarragan erraustegi bat jartzeko asmoa salatu dute

Plastic Energy enpresak Zumarragan hondakin plastikoen birziklatze kimikorako instalazioa jartzeko asmoa "kezka handiz" ikusten du Urretxu-Zumarraga Bizi! plataformak. Azpimarratu du pirolisiak osasunarentzat kaltegarriak diren kutsatzaile kimikoak askatzen dituela,... [+]


Zubietako erraustegiaren egoera Europako Parlamentura eramango du Ezker Anitzak

Errauste plantaren transformadorea matxuratu ondoren, Zubietan hondakinak energiarik sortu gabe erretzen ari direla salatu du GuraSOS elkarteak. Ezker Anitza-IUren aburuz, horrek erakusten du Gipuzkoako Ingurumen Gunea “bluf” bat dela eta Europako Parlamentura... [+]


Eguneraketa berriak daude