Alokairu baten klausula bidegabeak kentzera zigortu dute lehen aldiz funts putre bat

  • Kataluniako Maizterren Sindikatuak duela hiru urte jarri zuen salaketa Espainiako hirugarren funts putre handiena den Azoraren aurka. Alokairuko kontratuetan ezartzen zituen hamar klausula salatu zituen sindikatuak, eta horietatik bederatzi ezeztatzeko agindua eman dio Bartzelonako epaitegi batek Azorari. Tankerako lehen ebazpena da Espainiako Estatuan, eta Maizterren Sindikatuaren ustez balio dezake "beste milaka abusu kasu geldiarazteko". Donostian Azoraren Maizterrak plataforma sortu zuten enpresaren etxe kaleratzeak salatzeko.


2023ko urtarrilaren 17an - 10:53
Azken eguneraketa: 16:53
Donostian Azoraren Maizterrak plataformak salatu du funts putreak hilero kaleratzen dituela maizterrak bere jabetzetatik. / Argazkia: Kaleratzeak Stop

Alokairuzko etxebizitzen kontratuetan "gehiegizko klausulak" ezartzeagatik zigortu dute Katalunian Azora funts putrea. Kataluniako Maizterren Sindikatuak duela hiru urte jarri zuen salaketa, Ronda abokatuen elkartearekin eta Silvia Torres Azoraren jabetzako etxebizitzako maizterrarekin batera. Hamar klausula salatu zituzten, eta horietatik bederatzitan arrazoia eman die Bartzelonako epaile batek hiru urteren ostean.

Espainiako Estatuan lehen aldia da funts putre baten jarduera zigortzen dela. Maizterren Sindikatuak ohar bidez eman du "garaipenaren" berri, eta baikor agertu da auzi honek funts putreen "beste milaka abusu kasu geldiarazteko" ateak ireki dituelakoan. Azora funts putreak Bilboko eta Donostiako autobus geltokiak erosi berri ditu, eta Donostian haren aurkako plataforma ere sortu dute, Azoraren Maizterrak deiturikoa, etxegabetzeak salatzeko.

"Abusuzko" bederatzi klausula

Silvia Torres Granollers herriko bizilaguna da, eta salatu du Azorak alokairua hileko 690 eurotatik 1.100era igo diola hiru urteko epean. Orain epaitegi batek ebatzi du, hain zuzen, ez dela legezkoa KPI kontsumo prezioen indizearen gainetik garestitzea alokairua.

Azorak kontratuak presiopean eta hirugarren pertsonen lekukotzarik gabe sinatzera behartzen ditu maizterrak

Beste zortzi klausulagatik ere zigortu dute Azora. Besteak beste, kontratuak presiopean sinatzera derrigortzen ditu maizterrak funts putreak, hirugarren pertsonekin kontsultatzeko aukerarik eman gabe. Torresek dokumentua sinatzeko azken hitzorduan ikusi zuen kontratua lehen aldiz, hura aztertzeko denborarik izan gabe.

"Neurriz kanpoko" zigorrak ere ezartzen ditu funts putreak bere kontratuetan. Besteak beste, fidantzarik ez itzultzea pareta zuriak margotzeagatik, edota kanpo arrazoiengatik sortutako arazoak maizterraren bizkar uztea.

Azorak indargabetu egin beharko du, halaber, tartekako ikuskapenak egiteko klausula. Tarteka etxebizitzaren egoera gainbegiratzeko bisitak egiteko eskumena hartzen zuen funts putreak, baina epaitegiak ebatzi du maizterrak etxebizitza uztean soilik frogatu beharko duela kalterik egin ez izana.

Milaka etxebizitzekin espekulatzen

Azora funts putrea Espainiako Estatuko hirugarren handiena da: 13.000 etxebizitza ditu jabetzan eta beste 20.000 kudeatzen ditu.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Higiezinen espekulazioa
2024-01-24 | Euskal Irratiak
Espekulazioaren kontrako ekintza berria Hazparnen

Duela sei urte 250.000 eurotan erositako Aiherrako etxe bat, egun 1,6 milioi eurotan salgai. Joan den larunbatean Hazparneko Puyo higiezin agentzian sartu dira 50 herritar inguru Etxetxuri etxaldearen salmenta espekulatiboa salatzeko. Ekintza iraun bitartean agentziako... [+]


2024-01-05 | Euskal Irratiak
Herrian Bizi plataformako kide Peio Dufau
"Bigarren etxebizitzak zinez kaltegarri bilakatu dira azken bizpahiru urteetan"

2024ko urtarrilaren 1etik goiti, Ipar Euskal Herrian bigarren etxebizitza bat erostekotan diren pertsonak gonbidatuko ditu Herrian Bizi plataformak jadanik bigarren etxebizitza gisa baliatuak diren etxe edo apartamendu bat erostera.


2023-12-21 | Euskal Irratiak
Ia 1,6 milioi euroko etxe salmenta "espekulatibo" bat Aiherran

Aiherrako Herriko Etxea arranguraturik agertu da 250.000 eurotan erosia izan zen etxe bat, abantsu 1,6 milioi eurotan salgai ezarri ondotik. Etxexuri egoitza 2017an erosi zuten gaur egungo jabeek, eta arraberritzen lan handiak egin zituzten; ganerra eta barnea berregin zituzten,... [+]


2023-11-21 | ARGIA
Otxantegi Herri Lurrak erresistentzia gosaria deitu du ostegunerako

Bi urtez landu dituzte Berangoko lur horiek modu kolektiboan, eta epaitegiak desalojo agindua eman du azaroaren 23rako. Aguirre-Lipperheide familiak Otxantegiko zortzi hektarea nekazal lur saldu nahi ditu Amenabar enpresak etxeak egin ditzan. Horren aurrean, "espazioa... [+]


Espekulazioaren kontra errepideak moztu dituzte Donibane Lohizunen eta Baionan

Senpereko Olha etxearekin espekulatzea eta lurraren erabilera pribatizatzea salatu dituzte, besteak beste. Donibane Lohizuneko geltoki pareko errepidea eta Baionako A63 autobidera ematen duen biribilgunea moztu dituzte. Ostia sarea, ELB, Lurzaindia eta Senperetarren Kolektiboak... [+]


Eguneraketa berriak daude