Aurrekontu sozial eta duinak, U-30ean greba egiteko beste arrazoi bat


2019ko abenduaren 17an - 08:27
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

"Ez sozialak, ez berdeak, ez moreak", halaxe definitu dituzte EAJ eta Elkarrekin-Podemosen artean adosturiko Eusko Jaurlaritzaren 2020ko aurrekontuak, Gasteizko Iradier Arenan Euskal Herriko Eskubideen Kartako sindikatu eta eragileek egindako ekitaldian. Horren ostean, zientoka lagunek Arabako hiriburuko kaleak zeharkatu dituzte, U-30ean greba orokorrera dei eginez.

Abenduaren 13an sinatu zuten bi alderdiek akordioa 2020ko aurrekontuak aurrera ateratzeko, horren bidez Elkarrekin Podemoseko ordezkariak abstenitu egingo dira Eusko Legebiltzarrean. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren esanetan aurrekontu hauek "albiste txarra" dira: "Zergatik? Ez direlako aldatu, duela bi urte EAJk eta PPk adosturikoaren berdinak direlako praktikan, %0,7 baino ez da aldatu". Garbiñe Aranburu LABeko buruak berriz "opakoak" eta ilunak" direla adierazi zuen.

Iruñean ere U-30eko greba orokorraren Lan, pentsio eta bizitza duinak leloari, "aurrekontu duinak" atzizkia gehituko diote astearte goizean Labrit pilotalekuan egingo duten ekitaldian. Ondoren manifestazio abiatuko dute hirian barrena.

Greba prestatzeko topaketa Barakaldon

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren bultzatzaileak ari dira pixkanaka hurrengo hilaren amaieran deitu duten greba orokorrerako motorrak berotzen. Joan den ostiralean topaketak egin zituzten Barakaldoko BECen eta adierazpena (pdf) irakurri zuten azalduz zergatik den beharrezkoa momentu honetan halako mobilizazio indartsu bat, pentsiodunen mugimenduak eskatu bezala: "Garaia da azkeneko urteetan murrizketekin kendu diguten guztia berreskuratzeko".

Bestalde, CGT sindikatuak ere bat egin du greba orokorreko deialdiarekin. Eskubide Sozialen Kartak azaldu duenez, jadanik ehun eragiletik gora dira euren babesa azaldu dutenak.

 


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...