Greba orokorra, eraldaketarako bidea

  • Grebaren mobilizazio jendetsu eta itxaropentsuen ostean, gogoetarako beta hartzea osasuntsu bezain beharrezkoa da, aurrera begirako erronkak gogoan.


2020ko otsailaren 04an - 09:22
(Argazkia: @EskubideenKarta)

Abiapuntua: “Greba orokor horrek ekintza-ildo bereizi bat ezartzen du: alde batetik, kontrabotereko sindikalismo bat, egungo testuinguruetan beharrezkoa den eraldaketa-gaitasuna duena, eta, bestetik, ituntzeko eta elkarrizketa sozialerako beste sindikalismo bat, politika sistemikoaren mende dagoena. Lanaren politika ekonomiko baten eta kapitalaren politika ekonomikoaren arteko aldea” (Greba orokorrerantz: Luis Rodriguez Algams, Jon las Heras). Beraz, bi jarrera, bi estrategia eta horren ondorioak begi bistan.

Izan ere, kontua ez da une jakin batzuetan elkarrizketa soziala egitea kapitalaren eta lanaren artean, edo ezkerra eraldatzailea eta zentro ezkerraren artean kontsentsu edo adostasun taktikoak gauzatzea, aurrerapenak  oso xumeak badira ere. Kontua da nola eta zertarako egiten diren. Printzipio honek balio du borroka sozialetarako zein nazio gatazkarako. Aldebakartasun edo adostasun bideak berez ez dira zuzen edo okerrak, ze egoeretan, ze baldintzetan eta ze helburuekin gauzatzen diren baizik: sisteman integratzeko edo arnas hartzeko haustura demokratikorako bidean.

Gure iritziz, Greba Orokorraren aurka emandako iritziak oso miserableak eta justifikagaitzak izan dira. CCOO eta UGTren espainiar gobernuarekiko morrontza ezagutuz, ez gaitu harritu, bai ordea penatu. Ahal Dugu-rena, ordea, harritu eta penatu, biek batera; orain arte predikatu duten guztiaren aurka aritu batira. Izan ere, ezker eraldatzailearen metodologian beti uste izan da, paktuen bitartez aldeko zerbait lortzen denean, itundua gauzatu dadin, garrantzizkoa dela herri mobilizazioak bultzatzea. Nola lor dezakegu zerbait eraldatzailea herritarren bulkada ahulduz? Hori gure teilatuari harriak botatzea da. Patronala eta burgesia beti ari dira gobernuak presionatzen, gobernuek errez egiten dietelarik men presio horiei; baldin eta herritarrek kontrako presioa egiten ez badute. Bada beste modurik eskuinari eta burgesiari aurre egiteko? Zer esanik ez, egungo gaiaz hara joan nahi badugu, subiranotasun politiko eta ekonomiko lortze bidean.

EH Bildu izan da, zoritxarrez, greba orokorrarekin bat egin duen talde politiko instituzional bakarra (izan dira beste talde batzuk ere, baina erantzukizun instituzionalik gabeak). Gure iritziz, bete betean asmatu du, eta, bilkidegaren aldetik, harro gaude jarrera horrekin, eta, uste dugu, estrategia berbera bultzatu beharko lukeela beste alor guztietan, batez ere nazio askapenaren arloan. Askotan, EH Bilduren kezka da, instituzio arloan, bakar bakarrik geratzearen arriskuaren aurrean (eta Ahal Dugu-ren azken erabakiekin bakardade sentsazio hori handitu eta gordindu egin da), aliantzak zabaltzen eta indartzen ahalegintzea (Llotja del Mar-eko ituna alde horretatik garrantzitsua da). Karmelo Landak Argian bere buruari galdetzen dio “greba orokorrerako deialdia izan dugu, arrazoiz eta motiboz kargatua. Herri mugimenduez gain, nazio osoko sindikatuek ere gurean mobilizazio jarraituaren, grebaren eta borroka grinatsuaren bideari ekiten diote, aldaketa sakonak beharrezkoak direlakoan, eta horiek lortzeko, parlamentarismoa eta elkarrizketa politiko konbentzionalak nahikoa ez diren konbentzimenduan. Galdera da: badago gurean, une honetan, ildo hauekin bat datorren indar politikorik? Ez ote daude bertoko indar politiko guztiak, gaur egun, balizko gobernu progresisten eta hauekiko negoziazio parlamentarioen edo “diskretoen” itxaropen dudazkoan guztiz harrapaturik?”

Ba bai, aipaturiko bakardade sentsazio hori gainditzeko zein itxaropen dudazkoaren sentsazio hori gainditzeko botikarik onena, kontrabotere indartsu eta eraginkor bat gauzatzean dagoela uste dugu. Alde horretatik, greba orokor honek bide emankor eta aproposa ahalbideratzen dio emantzipazio egitasmoari.

Aurrera begira. Aspaldiko partez, greba batzordeetan eta mobilizazio gune zabaletan murgilduta ibili garenok, konprobatu dugu zein eraginkorra eta transbertsala (zentsu iraultzailez, ez modako interklasismo antzu horrekin nahastuz) izan den grebaren antolaketa: sindikatuetako ekintzaileek, gazte prekarioek, estudiante eta jubilatuok; era guztietako aktibista sozialak, feministak, herritar xumeak grebarekin engaiatuak, eta nobedadea: komertzio eta ostalaritzako langile eta nagusiekin, denak ahalegin komunean greba antolatzen, argudiok lantzen, norberaren errebindikazioak txertatzen, are konplizitateak saretzen, hitz batez, Herria egiten. Zoragarria esperientzia. Azken urteetan lokartuta egon den Karta Soziala ea hemendik aurrera herrigintzaren zutabe bihurtzen den; herri programa lantzen eta sendotzen, unean uneko errebindikazioak indartzen eta aurrera begira burujabetza  burutuko duen estrategia egikaritzen. Alde horretatik, munduan dauden arazoak ikusirik (eskuin muturraren gorakada xenofoboa, klima aldaketa arriskutsua, austeritatea, eta nazionalismo estatalaren gorakada), duintasuna greba honen ardatz jarri izana, izugarrizko aurrerapen ideologikoa iruditu zaigu.

Hitz batez, hemendik aurrera erronka izan beharko luke, alor politiko instituzionalean eta herrigintzan bat eginez, EH Bildu bezalako talde politikoek (oxala, Ahal Dugu ere norabide horretan bideratzen den) eta Gutun Sozialean elkartzen direnen artean, gehi feminismoak, bakoitzak bere independentziatik, bloke sozial kontra-hegemonikoa eraikitzea; Espainiako Estatuari, EAJren hegemoniari eta Jaurlaritzari kontrabotere orokorra eraikiz. EAJk, EH Bildu ELA-LABen konplize dela salatzen duenean, gure erantzuna, baiezkoa izan behar du. Eta harro gainera, gure independentziatik burututako aliantza, ez beraiek patronalarekiko duten menpekotasuna bezalaxe.

Euskal Herria atzeratua dago Kataluniarekiko zenbait gauzetan. Ez ditugu ANC, Omniun, eta antzeko erakundeak, zeinak askotan (urriaren 1ean, esate baterako) partidu soberanistak (eta gobernatzen dituzten instituzioak) nahi baina aurrerago joan zitezen bultzatzeko gai izan diren.  Gure Esku Dago izan daiteke etorkizunean halako erakunde bat. Baina, Euskal Herrian badugu Katalunian, zoritxarrez, ez duten zerbait: subiranotasun sozialaren aldeko bloke eraginkor bat, nazio arazoa, soziala, feminismoa, ekologismoa eta abar uztar ditzakeena, gure herrian (datozenetik datozela) bizi eta lan egiten duten guztion topagune izan daitekeena. Hau da, nazio erainkuntza ezkerretik bultza dezakeena.

Azken asteetako esperientzia berritzailetik eta atzoko grebagatik, agian, baldintzatuak egonik ere (gure bizitza militantean izandako gorabeherek zentzuduna izatea kontseilatzen diguten arren), aldarrikatutako udaberri gorri horretan sinetsirik gaude, baikortasun punttua berreskuratu dugularik. Egoeraren gordintasunaren aurrean zer egiterik ez dagoela diotenek ez bezala, guk dena egiteke dagoela uste dugu. Eta eginkizun hori eraikitzeko atzokoa izugarrizko aurrerapausoa da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: U-30 Greba Orokorra
2021-06-02 | ARGIA
2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorraren harira auzipetutako kidearen absoluzioa eskatu dute Gasteizen

Iazko urtarrileko greba orokorrean parte hartu zuen pertsona bat epaitu dute ostegunean Gasteizko Epaitegietan. Autoritatearen aurkako atentatua eta lesioak leporatzen dizkiote, eta hemezortzi hilabeteko espetxe-zigorra eta kalte ordainak eskatu. Euskal Herriko Eskubide Sozialen... [+]


Analisia:
Euskal blokeo politikoa gaindituko dugu

Atzean geratu diren politika sozial eta ekonomiko okerrak aztertuz, Espainiako Estatuak berriki abiatutako aldaketaren euskal deklinazio baten beharra aldarrikatu nahi dugu, egungo blokeo egoera Euskal Herrian ere gaindituz.


2020-02-09 | Juan Mari Arregi
Greba ez debaluatzea

Hego Euskal Herrian arrazoi soziolaboralak edo politikoak direla medio, greba orokor bat deitzeak bere jarduera guztia geldiaraztea bilatzen du. Batzuentzat urtarrilaren 30eko greba orokorra arrakastatsua izan da, eta beste batzuentzat porrota, bakoitzaren betaurrekoen arabera.


2020-02-07 | Topatu.eus
Gazte bat atxilotu dute Burlatan U30eko greba orokorreko piketeetan parte hartzeagatik

Hala salatu dute twitter bidez Burlatako hainbat eragilek. Burlatako greba komiteak deituta asanblada informatiboa egingo dute arratsaldean.


Eguneraketa berriak daude