ARGIA.eus

2021eko irailaren 28a

Atez atekoaz hamar gezur handienen rankinga

  • Bilduk agintzen duen Gipuzkoako 34 herritan atez ateko hondakin bilketa martxan jarriko dutela-eta, kexu agertu dira EAJ, PSE-EE eta PP. Besteren artean, sistema hori "zikina, deserosoa eta garestia" dela diote, eta haren bultzatzaileak gezurretan ari direla, atez-atekoarekin ezin daitekeela %85 birziklatu. Era berean, Bilduren erabakia "inposiziotzat" jo dute, eta eskatu diote erabakiari buruzko erreferendumak deitzeko. Hain justu, PSEk, EAJk eta PPk salatutako horiek guztiak eta beste zenbait "gezur" jaso ditu Urko Apaolazak bere blogean, Atez atekoaz hamar gezur handienen rankinga artikuluan. Osorik jaso dugu hemen.

2012ko otsailaren 24a
Usurbilgo Santixabeletako maskota (Arg: Xingola)

Urko Apaolazaren blogetik hartua.

%80a birziklatzen dugunok, asperduratik barregurara pasatu gara errausketa zaleek atez ateko hondakin bilketaren kontra jaurtitzen dituzten argudioak entzutean. Gipuzkoako 34 udalerritan jarriko dute martxan eta jadanik horietako batzuetan hasi da ohiko bonbardaketa mediatikoa. Hernanin  badira ia bi urte hasi ginela, eta esperientzia horretaz baliaturik, ranking moduko bat egitea otu zait, gure kuboan oraindino anakondarik ez dela agertu erakusteko. Jaun-andreok, hemen dituzue atez atekoaz esaten diren hamar gezur handienak:

1- Zikina da. Hori dioenak ez du inoiz bere etxeko komuna garbitu, ez ditu bazkaritako ontziak garbitzen. Organikoarentzako kuboa norberarena da, hala ulertzen dugu, eta platerak, komun-zuloa edo leihoak garbitzen diren moduan garbitzen dugu gure kuboa.

2- Kiratsa dario. Gezurra borobila. Organikoari ez dio denborarik ematen usainik botatzeko, maiztasunez jasotzen delako. Paperak, plastikoak eta janariak poltsa itxi batean nahastuta jartzen badira, orduan bai, orduan usaina azkar zabaltzen da. Atez atekoak hori saihesten du. Dena den, trukoak daude, arrain-hondakinak sukaldeko-paperarekin biltzea eta abar. Zaborrak zabor izateari uzten dio bereizita jasotzen den unetik.

3- Ezin izango dut arrainik erosi! Lasai. Lehendabizi lasaitu. Eta gero irakurri aurreko erantzuna. Legatza saltsan da nire espezialitatea!

4- Ez da erosoa. Jakina, eta txamarra eta botak jantzita euripean ibili behar izatea kontenedorea dagoen tokiraino, oso erosoa da. Kontenedoreko tapa astun eta zikina (hori bai zikina!) altxatzean hainbat egunez usteltzen egon den zaborraren (hori bai zaborra!) perfumea usaintzea, oso atsegina da. Atez atekoa egiten dugunok etxeko zapatilatan jaisten dugu “basura”, santiamen batean.

5- Gure barrioko blokeetan nola egingo da ba? Hernaniko kaxkoan egiten bada, edozein tokitan egin liteke. Bi urteren buruan behin bakarrik utzi digute kuboa jaso gabe, 2011ko azaroko uholde handiak izan zirenean. Atez ateko bilketak herri txikietarako baino ez duela balio sinetsarazi nahi izan dute errausketa-zaleek. Baina sistema malgua da eta edozein tokitan egin liteke: ordutegiak moldatuz, espazio fisikoak egokituz, garraio sistema samurragoak erabiliz… Hiri ugaritan biltzen dira hondakinak atez ate (Bruselan, San Frantziskon, Sidneyn…) eta biztanle dentsitate handiko herri askotan ere bai. Adibidez, Kataluniako Canet de Mar-en 2.400 biztanle bizi dira kilometro koadroko, Donostialdeko bikoitza, eta Espainiako Ingurumen ministerioak sari bat eman zion hondakinak porta a porta jasotzen izandako emaitzengatik!

6- Inposizio bat da. Izatekotan, Europako araudiak inposatzen du, organiko guztia bereizita jaso behar dela baitio. Antolatuko al zenuke herrian erreferendumik pixa kalean egitea baimentzeko? Semaforo gorria saltatzea zilegi al da? Zergatik inposatzen zaio herritarrari zaborra kontenedoreetara botatzea… eta etxeko leihotik bota nahi badu? Bere zaborra da, ezta? Kutsatzeko eskubiderik ez dugu, gure ondorengoen biziaz ari garelako.

7- Garestia da. Ez bost kontenedoreko sistema baino garestiago. Biltzea garestiago da lan-esku gehiago behar delako (lanpostu gehiago ere bai); baina birziklatzen dena askoz gehiago denez, eta zabortegira (edo balizko errauskailura) botatzen dena askoz gutxiago, diru iturri oparoa bihurtzen da eta konpentsatzen du. Hernanin hilero 47.000 euro aurrezten dira zabortegira askoz tona gutxiago botatzen direlako. Badakizu zenbat gastatuko den errauskailuarekin? Iturri batzuen arabera 1.000 milioi euro!

8- Organiko gehiegi bilduko da. Hori da Gipuzkoako politikariren baten ahotik entzun duguna. Organiko asko biltzea ez da txarra, organiko hori ezin konpostatzea da txarra. Azpeitiko Lapatx-eko konpostatze plantan bere gaitasunaren bikoitza jasotzen dute uneon. Alternatiba moduan Nafarroara eta Lapurdira eramango du Gipuzkoako Aldundiak oraingoz materia organiko hori. Gipuzkoako hondakinen planak hiru konpostatze planta aurreikusten ditu, baina errausketa-zaleen interesak medio, bat besterik ez da egin. Dena den, Debagoienako Mankomunitateak udaberrirako beste konpostatze planta bat irekitzea espero du. Konpostatze planta bat irekitzea errauskailu bat egitea baino berrehun aldiz merkeagoa da. Eta zertarako nahi dugu hainbeste konpost? Galdetuko du baten batek. Hobe konposta zaborra baino. Konpostak erabilera ugari ditu, ez bakarrik lorategitarako, gure mendi ihartuak biziberritzeko ere bai.

9- Errauskailua berdin beharko da. Gezurra borobil-borobil-borobila. Atez atekoarekin %85etik gora ere birziklatu daiteke (Antzuolan %90 birziklatzen dute). Geratzen den apurra, hondakin “inertea” da (kutsatzen ez duena) eta ez legoke arazorik edozein tokitan biltzeko, erraustu behar izan gabe, obretako lurra harrobiak berreskuratzeko biltzen den bezalaxe. Dena den, horrela hasita, ez da egia errauskailuarekin zabortegien aroa amaitzen denik: errauskailutik ateratako eskoriak eta errauts toxikoak zabortegi batean bildu beharko dira (Mutiloan, agidanez), eta askoz arriskutsuagoa izango da.

10- Begira, begira… nola dauden atez atekoa egiten den herrietan. Bai, esaten dute Hernanin arratoi-matoi batzuek mutiko bat eraso zutela kuboa hartzera zihoanean. Eta txotx denboraldia bertan behera geratu omen da jenderik ez datorrelako. Eta zabormendiak ei daude lehen parkeak zeuden tokian. Eta… ring-ring! Esnatu!

Amaitzeko ohar bat kontu honekin hasi berri diren 34 udalerritako lagunentzat. Normalean, atez atekoa ezarri baino hilabete batzuk lehenago eta beranduago, fenomeno paranormal bat gertatzen da. Alderdi batzuetako zinegotziei halako gaitz arraro batek jotzen die, gutunitis-a edo prentsa-oharritis-a dei diezaiokegu. Hauteskundeak gertu daudenean ere eman liteke eta herritarren umorean eragin dezake. Hernanin, adibidez, 32 kasu gertatu ziren soilik Hernaniko Kronikan atez atekoa ezarri aurretik eta ondoren. Beraz, pazientzia. Animo eta ongi etorri selektiboen mundura!

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Antzuola  |  Oiartzun

Antzuola kanaletik interesatuko zaizu...


Azkenak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude