«Pinudietako zorua konpost guztiaren aterabide izan liteke»

  • Zaborren arazoari aurre egiteko konposta egitea alternatiba indartsua da. Baina nora eraman gero konpost hori guztia? Baso-plantazioen ustiaketa erasokorrak lur zorua txikitzen du; bere kalitatea hobetzeko erabil liteke etxean sortutako materia organikoa.
Jose Miguel Edeso
Jose Miguel Edeso
Geomorfologian doktore den José Miguel Edesok ohartarazi digu konposta egitea ez dela azkeneko soluzioa, ahalik eta zabor gutxien sortzea dela bidea. Dena den, hondakin organikoak berrerabiltzeko konpostatzea da metodorik garbiena. Erakunde publikoak hasiak dira –inplikazio ezberdinarekin– plantak eraiki edo materia organikoa etxez etxe biltzeko proiektuak sortzen. Konposta oso probetxugarria izan daiteke pinudientzako, mendi hegalen erabilera erasokorrak belar geruza hondatzen baitu: “Lurra konpostarekin nahastuz lehen galdutakoa berreskuratzen duzu eta aldi berean aterabide ona izan daiteke hiri hondakinentzako”, dio Edesok.

Egur plantazioak autosuntsiketarantz

Esan daiteke egur plantazioetan –pinudietan batez ere– 80ko hamarkadatik egiten den ustiaketa gogorrak galzorian utzi dituela baso horiek. Hegala riper (golde-makina) batekin garbitzen da, goldea harkaitzeraino sartu eta hautsi egiten du, zoru guztia hondatuz. Irakasleak azaldu duenez ICONAk (Naturaren Kontserbaziorako Institutu Nazionala) gomendatu zuen teknika hori erabiltzea, bertako lurrak buztin asko duelako eta urak arazoak izaten dituelako filtratzeko: “Arazoa da inork ez zuela kontuan izan zorua landarerik gabe uztean erosioa oso handia dela”. Gaur egun metodoa ez dago subentzionaturik eta ez dira asko erabiltzen dutenak. Horren ordez “pala pasea” deituriko modua da nagusi, guztiz gogorra hau ere, gainazaleko lurraren 5 cm emankorrenak deuseztatzen direlako.

Edesok eta bere lantaldeak ikerketa zabala egin zuten 90ko hamarkadan. 12 urtez, ustiaketa teknika ezberdinak erabiltzen ziren lekuetan lurraren elikagaiak aztertu eta pinuak neurtu zituzten. Emaitza izan zen gero eta ustiaketa gogorragoa orduan eta gutxiago hazten zirela landareak: “Zuhaitzek altuera berdina zuten, baina askoz maskalagoak ziren, errakitikoak”.

Nabarmena da esplotazio mota honek arazo ugari sortzen dituela: “Niri baso jabeek esan izan didate ez dakitela zer pasatzen den pinuekin, ez direla hazten”. Beraz, egoerari konponbidea emateko jabe pribatuek badute interesik. Horren harira, Edesok galdera kezkagarria egin du: “Soilik 35 urte daramagu erabilera agresiboekin eta pinuen mozketa bakarra egin da orain arte. Zer pasako da bigarren mozketa egitean? Pinuak berriz haziko al dira? Edo lurra pobreegia izango da?”

Konposta, “fama txarrekoa”

Konpostak izan behar lukeen kalitateaz galdetuta, kalitate eskasekoa izatea saihestu behar dela erantzun du Edesok. “Konpostak fama txarra dauka –dio irakasleak–, bai kalitate kontrol faltagatik, bai saltzen dena askotan ez datorrelako bat etiketan jartzen duenarekin eta baita marketin gutxi egin delako ere”. Baina esaterako, metal astunik ez du izaten –araztegietako lohiek ez bezala–, hortaz, ez da kutsagarria, eta egokia da erosioa geldiarazteko: “Organikoa denez splas-a ebitatzen du –ur tantak lurra jotzean eragindako kaltea–, lurraren porositatea handitu egiten da, ura errazago zurrupatuz, eta jakina, landareak azkarrago hazten dira”.

Bestalde, konposta pinudietan zabaltzeko makinak erraz molda daitezkeela azaldu du geomorfologoak: “Errepideetako ezpondatan makina hidro-ereileak erabiltzen dira, horrelako zerbaitek balio lezake”. Geratzen den zalantza bakarra finantzazioa da. Ekonomikoki errentagarria dirudi eta ekologikoki, zer esanik ez; baina Edesok esan bezala, gauza guztietan “kontuak egin behar dira”.

ASTEKARIA
2008ko uztailaren 06a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude