Atenaseko Exarchia auzoa, erresistentzian

  • Abuztuaren 26an Greziako Poliziak indarrez hartu zuen Atenaseko Exarchia auzoa, okupatutako lau eraikin hustuz eta bertan bizi ziren 146 pertsona kaleratuz, horietatik 143 errefuxiatuak. Auzoak militarizatuta jarraitzen du ordutik, eta ekintzaileen eta poliziaren arteko istiluak etengabekoak dira.


2019ko irailaren 03an - 16:29

Tentsioa goraka doa Atenaseko bihotzean kokaturik dagoen auzoan. Orain astebete burututako sarekadaz geroztik poliziak hartuta dago Exarchia, eta auzotarrak errepresio etengabekoa pairatzen ari dira. Errepresioaren munta irudikatzeko, Enough 14 atariaren bidez zenbait gertakari jarri dituzte adibide gisa.

Abuztuaren 29an bertan, poliziak auzoa indarrez hartu eta hiru egun eskasera, istiluen kontrako poliziek hainbat argitaletxe eta liburutegik antolatutako kontzertu bat erasotu zuten, bertan bildutako norbanakoen aurka gas negar-eragile, granada eta borra kolpeak erabiliz. Ostean, Exarchiako plazan dagoen K*Vox izeneko gune okupatura jo, eta gas negar-eragilea jaurti zuten barrura. Poliziaren erasoak hainbat zauritu utzi zituen, eta auzotarrek salatu dutenez, K*Vox eraikinari egindako erasoak hainbat pertsonaren bizia jarri zuen arriskuan: arnas gutxiegitasuna duen bizilagunarena edota jaioberria den haurrarena, kasu.

Abuztuaren 31n auzoaren aurkako erasoak gaitzetsi eta erasook pairatu zituzten norbanako eta espazioei elkartasuna helarazi asmoz, bi milatik gora pertsona bildu ziren mobilizazio jendetsuan. Indar erakustaldian, auzoak erresistentziarako prest zegoela erakutsi zuen:

Egun berean, mobilizazioa burutu eta gerora, polizia berriz oldartu zitzaien auzotarrei. Bertan zirenek salatu dutenez, jendearen kontra kargatzeari ekin zioten, armekin pertsonak apuntatuz.

Biharamunean K*Vox eraikinari eraso egin zioten berriz, “hirugarren aldiz lau egunetan”, Enough 14 bidez jakinarazi dutenez.

Ezbeharren baten esperoan

Hainbeste belztu da giroa, auzotarren artean uste bat zabaldu dela: ezbeharren bat gertatzear dela, alegia. Poliziarekin batera, indarkeria sartu da auzora, eta egunak pasa ahala tentsioa mailaz igotzen ari da. Yannis Youlountasek azaldu duenez, egungo egoerak denboran atzera daramatza auzotar ugari, 1985 eta 2008 urteetara: 85ean Michalis Kaltezas hil zuen poliziak tiroz, hamabost urte zituela; mende laurden geroago Alexis Grigoropoulos, tiroz hau ere, eta Kaltezasen adin berarekin. Bi heriotzek istilu gogorrei eman zieten bide. “Egun, giroa ez da berbera jendartean, baina nekea goieneko mailan dago. Zerbait erretzen ari da”, adierazi du Youlountasek. Egunotan auzotar bati baino gehiagori entzun dio ondoko esaldia: “Aurki heriotzaren bat izango dugu Exarchian”.

Giroa gaiztotuta dagoen erakusle, polizia agenteak talde faxistetako kideekin batera ikusi ahal izan dira kalean.

 

Ildo horretan, kutsu faxistadun erasoak ere jazo dira. Bikote homosexual bat erasotu dute aurki, eta ondoko argazkiak polizia agente batek emakume baten kontra darabilen indarkeria jasotzen du:

 

Errepresioa areagotzea, gobernuaren estrategia

Duela astebete auzoak bizi duen egoera hau izanik, poliziari aurre egin asmoz kaleak hartzen dituzte ekintzaile askok. Igande gauez, adibidez, polizia-etxeari eraso egin zion talde batek:

 

Erresistentzia erakustaldi horien aurrean poliziaren presentzia areagotu du gobernuak, eta astelehen gauez Ant1 telebista katearen bidez aurrera begirako bere estrategia zein izango den jakinarazi zuen: errepresioa areagotzea, beste hamaika eraikin okupatu husteko asmoarekin. Youlountasen arabera, zurrumurruek diote eraikin horien artean leudekela egunotan hainbeste aldiz erasotu dituzten K*Vox eta Notara 26. Azken hori errefuxiatuen krisiaren testuinguruan okupatutako lehen eraikina da, eta horrek sinbolikoki garrantzitsu bilakatu du auzoan, Youlountasen hitzetan.

Horren adierazle, ondoko argazkia. Abuztuaren 26ko sarekadaren aurrean, Notara 26 espazioa defendatzera hurbildutako jendea, eraikinaren aurrean:

 

Youlountasek jakinarazi duenez, momentuz gertatu denaren berri ez izan arren, astearte goizarekin batera tiro hotsa ere entzun da auzoan, eta jarraian polizia militarraren presentziaz ohartu dira.

Eredu den auzoa miran

Poliziak Exarchian egindako azken esku hartzean gogorki kaltetu duen kolektiborik baldin bada, migratzaileena da. Errefuxiatuen krisia tarteko migratzaile asko hartu ditu auzoak, eta hori litzateke Mitsotakysen gobernuak auzoa husteko erakutsi duen interesa ulertzeko faktore garrantzitsuetako bat. Abuztuaren 26an 143 errefuxiatu kanporatu zituzten okupatutako eraikinetatik. Poliziaren autobusetan sartu eta herrialdean duten egoera zein den argitzeko asmoz auzotik eraman zituzten, asko deportazio arriskuan egotera igaroz.

Mugimendu anarkista gogorki kolpatzea bilatzen duen estrategia dela ere iradokitzen dute gertaerek. Izan ere, zerbaitek egin badu Exarchia mundu zabalean ezaguna, hori bere izaera errebeldea da. Rojava eta Txiapasekin batera, erresistentzia, autonomia eta esperantza eremu bakanetakoa zenbaiten begietara:

 

 

Eredu bat suntsitzearekin batera, Exarchia jo puntu duen estrategia honekin Kyriakos Mitsosakisek (Greziako lehen ministroa, hauteskunde kanpainatik Exarchiaren hustearekin tematuta aritu dena) beste helburu batzuk ere baditu, Youlountasen aburuz: eskuina limurtzea, batetik, eta Atenaseko gentrifikazio prozesuan traba den eremua garbitzea, bestetik.

"Erronkak ez datza soilik gune autogestionatuen kontzentrazioagatik, botere guztienganako erresistentzia mailarengatik eta prekario zein migratzaileenganako elkartasunagatik Europa mailan berdingabea den auzo baten defentsan. Ez, askoz gehiago dago jokoan. Exarchia defendatzea beste forma batzuk posible direla erakusteko gure eskubidea defendatzea da”, eta defentsa horretan datozen orduak erabakigarriak izango direla aurreratu du Youlountasek .


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Grezia
Nabigazioaren historiaren argazkia

2019an, Greziako Kasos uharteko uretan, ikerlan bat abiatu zuten Ikerketa Helenikoen Fundazio Nazionalak eta Greziako Kultura Ministerioak. Lanaren emaitza berriki jakinarazi dute: guztira, hainbat garaitako hamar ontzi-hondar aurkitu dituzte. Zaharrenak 5.000 urte inguru ditu... [+]


Frontexek bazekien ‘Adriana’ ontziko migratzaileak arrisku larrian zeudela, baina ez zuen ezer egin

Greziako kostaldean joan den urteko ekainean 720 migratzaile zeramatzala hondoratutako itsasontziaren kasuari buruzko ikerketa publiko egin du Europako Herritarren Defendatzaileak. Azaldu duenez, Frontex erakundeak ez du nahikoa "tresnarik" egoera horietan bere... [+]


Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza onartu du Greziak

Berdinen arteko ezkontza legeztatzen duen lehenengo herrialde kristau ortodoxoa da.


Oxala

Ez naiz Greziako Lesbosetik itzuli zaharra. Bertan, Mitilene-n, Zaporeak Elkarte euskaldunak 2.700  asilo eskatzaile ingururi egunean otordu bat eskaintzen die: arroza eta potajea, pita ogia eta fruta ale bana. Duintasunaren muga, 150 gramo errazioko. Arazoa da Kara-Tepeko... [+]


2023-09-26 | Gedar
78 orduko lan astea legeztatu dute Grezian

Egunean hamahiru ordurainoko lanaldiak eta sei eguneko lan asteak; alegia, 78 ordurainoko lan asteak. Horiexek dira Greziako Gobernuak, azken lan erreformaren barruan, legeztatu dituen gehienezko lan orduak. Aurreko ostiralean onartu zuten Kyriakos Mitsotakis lehen ministroak... [+]


Eguneraketa berriak daude