Asier Mardones: "Gure egoeraz ohartarazi nahi nuke, espetxekoa ere gutxietsi ez dezagun"


2021eko urtarrilaren 04an - 11:05

Zuen gutuna jaso eta berehala erantzuteko asmoa nuen arren, ikasketa kontuekin buru-belarri nenbilen eta nahi baino denbora gehiago igaro da geroztik. Goazen ba harira.

Alacanten ginen Iosune (bikotekidea) eta biok, Foncalenteko (Alacant, Herrialde Katalanak) espetxean, “COVID” hitza entzuten hasi ginenean. Otsaila zela ezin ahaztu, hilabete hartan egin baikenuen gure alabekin aurtengo azken aurrez aurrekoa. Azaroan beteko ditugu bederatzi hilabete elkar besarkatu gabe.

Testuingurua azalduko dut. Iosunek hiru urte zeramatzan Foncalenteko –emakumeentzat omen den– modulu txiki batean, eta beste kiderik gabe. Hiru urte horien aurretik Valentziako (Herrialde Katalanak) Picassenteko espetxean izan ginen, hantxe baitago “amentzako modulua” deritzona: alabak hiru urte bete zituen bertan. Banaketa delikatu hura heldu zen azkenean, alaba behin betiko Euskal Herriratzekoa alegia, eta are gehiago urrundu gintuzten, Alacantera, hain zuen.

Foncalentek ez du ospe onik (zeinek bai?), baina emakumeei dagokienez, dudarik ez are zailagoa dela dena. Bereziki kartzeleroen jokabideagatik. Nire kasuan, beste kide batekin nintzen: modulua 200 presotik gorako eltzea zen, baina horretaz aparte, “ohiko egoeran”.

"Bizpahiru mugikor ia 1.000 presorentzat, etengabeko liskarrak deitu ahal izateko zerrendetan apuntatzeko, elkarrizketa minimo bat nekez ahalbidetzen zuen konexio txarra..."

Otsaila zen beraz eta, barne dinamikari dagokionez, COVID-19ak ekarritako ondorioak ezagutzen hasi ginen. Orduan hasi ziren aktibitateak nahiz kirolerako aukerak murrizten, hala nola moduluak are gehiago isolatzen. Telefono dei kopurua zortzitik hamabira igo ziguten euskal preso politikoei (gainontzekoei, hamabostera).

Ohikoa da kideok oztopoak izatea hainbat dinamiketan parte hartzeko, horregatik ez genien garrantzi handiegirik eman aipatu murrizketei (bai kirola, baita ikasketak ere, gure kabuz egin ohi ditugu oro har).

Baina denbora gutxira, komunikazioen murrizketei buruzko zurrumurruak entzun genituen eta moduluetan zehar, espetxeko zuzendaria omen zebilela egoera berriaren azalpenena ematen. Prestaturik zekarren diskurtsoa botatzen hasi zen, baina bukatu aurretik dozenaka pertsona zituen bisitei buruzko galdera eta zalantzekin argibide eske, haserre. Tentsioak gora egin zuen azkar. Bere erantzun eskasek ez zuten bilatutako erantzuna jaso, ez zuen lortu egoera baretzea. Dozenaka preso haserre berarekin eta funtzionarioak, noraezean. “Matxinada” leporatu zieten askori, eta lekualdaketak nahiz 1. graduen ezarpenak barra-barra hedatu ziren moduluan zeudenen artean. Horrek dakarren guztiarekin.

Bien bitartean, aurrez aurreko bisita familiarrak bertan behera geratzen zirela baieztatu ziguten. Esan beharrik ez, preso gaudenon “zutabe emozional” garrantzitsuenari egiten ziola (diola) eraso neurriak. Une hura, ordea, drama handiegirik gabe bizi izan genuen guk, bizpahiru hilabete baino gehiago luzatuko ez zen “blokeoa” izango zelakoan. Iruditzen zait gure buruek horrela pentsatzea eskatzen zigutela nolabait, etor zitekeenaren inguruan gehiegi ez pentsatzeko-edo.

Aste batzuen buruan, bideo deiak egiteko aukera eskainiko zigutela esan ziguten, hainbat mugikor erosi omen zituztela. Praktikan, espetxean “onerako” den edozein aldaketarekin bezala, kaotikoa izan zen hasieratik: bizpahiru mugikor ia 1.000 presorentzat, etengabeko liskarrak deitu ahal izateko zerrendetan apuntatzeko, elkarrizketa minimo bat nekez ahalbidetzen zuen konexio txarra... Frustrazioz bizi izan genuen (eta dugu) egoera neketsu hau. Foncalenten, hilabete batzuen buruan maiztasuna hobetu zuten eta, zorionez, hiru edo lau dei egin genitzakeen hilabetean. Beste espetxe askotan bakarren bat egin izan dutela jakinda, ia miraria da hemengoa. Badira ere mintzaleku edo lokutorioetan bisitak egin ahal izateagatik bideo-deiak galarazi dituzten tokiak. Bidegabekeria bat gehiago, tokian tokiko zuzendariaren erabakia baita; bideo deiak egin ahal izateko aukera bideratzeko Madrildik bidalitako barne zirkularra aintzat hartuz, nahi moduan inplementatzen dute. Agidanez, aurrez aurrekoen galerak sortutako hutsuneak nolabait leuntzeko bitartekoa dira bideo-deiak, baina...

"Ez dakigu noiz izango den posible aurrez aurrekoak egitea eta naturaltasun kutsua eman nahi diogu egoera zail honi guztiari. Alaben “noiz joango gara?”, “gero eta gutxiago falta da, laztantxu” hauskorrarekin erantzutea, higatuz doan gauza da"

Foncalenten dei mota hauek egiteko aukerek ez zuten tentsioa jaitsarazi eta, besteak beste, hiru ihesaldi saiakera ekarri zituen egoerak oso tarte laburrean. Hiru mutil moduluko murruak igotzen hasi ziren hainbat puntutan, eta... beno, bata Guardia Zibilak harrapatu zuen azken harresian. Beste biak, aldiz, txarrantxetan katigatuak geratu ziren (txarrantxa horiek gorputzean egiten dutena izugarria da, Melillako hesietan hainbatetan ikusi dugun bezala).

Egun gutxira, Iosune eta bioi Errioxara lekualdatuko gintuztela jakinarazi ziguten [uztailaren 1ean heldu ziren Logroñoko espetxera].

Aldaketak esan nahi zuen alabengandik 750 kilometrora egotetik 170era egongo ginela. Ezin esan dezaket alabak besarkatzea ahalbidetu digunik hona ekarri izanak, hemen ere ez baitago aurrez aurrekorik, baina mintzalekua erabiltzea haurrekin bisita egiteko, orain, aurreikusten dugun aukera da. Beti saihestu nahi izan dugun bisita mota da (kristalaren bestaldera etortzea, bidaia luze baten ostean 40 minutuz egoteko), baina egoera orokorraren gainbeherak eta distantziaren murrizketak, aukera beste modu batean ikustera garamatzate. Ez dakigu noiz izango den posible aurrez aurrekoak egitea eta naturaltasun kutsua eman nahi diogu egoera zail honi guztiari. Alaben “noiz joango gara?”, “gero eta gutxiago falta da, laztantxu” hauskorrarekin erantzutea, higatuz doan gauza da. Hurbilago gaituztela badakite eta, ondorioz, errazagotzat dute etortzeko aukera. Haurrak beti doaz pauso bat (edo bi) aurretik...

Urte osoan, eta zailtasunak zailtasun, haiekin dugun lokarria lantzea eta zaintzea izan dugu helburu. Zorionez, haien irri eta indarra ikusi, eta lokarri hori osasuntsu dagoela ziur gaude (emakume nahiz gizon; haur, gazte nahiz helduak akabatzea helburu duen espetxe sistema krudel, bihozgabe eta suntsitzaile honen gogoz kontra).

"Badakigu positibo eman duten erizain, mediku eta kartzeleroak daudela. Ondorioetako bat bajen erruz utzikeria areagotzea izan da"

Orain, baina, horren garrantzitsuak diren aurrez aurrekorik gabe, lokarri horiek zaintzea dagokigu. Nola? Ez da erraza. Egunkarietan, mugikortasun eskubideez, lan eskubideez edota terraza bat jartzeaz eztabaidatzen dela ikusten dugu. Ados. Mundu guztiak ikusten du –eta horrekin arduratzen da–, zaharren egoitzetan gure amama eta aititek ezinbestekoa duten afektu hori ez jaso eta emateak ondorio larriak dituela. Ez epe luzera soilik, baita laburrean ere. Espetxeko egoeraz ari garenean, garrantzi gutxiagoko kontu batez ari al gara? Ez daukat egoera alderatzeko asmorik, baina gure egoeraz ohartarazi nahi nuke, espetxekoa ere gutxietsi ez dezagun. Dagokion erantzuna eman diezaiogun.

Bukatzeko, hemengo “osasun kontuez” eta ikasketez gogoeta labur bat. “Hemen gaixotzea negozio txarra da”, entzuten dugu sarritan espetxean, ironikoki. Pandemia aurreko garaian zerbitzu txarraz, hobeagoaz eta ezaz hitz egin dugu noizbehinka, espetxean ematen den zerbitzu eta artatzearen inguruan. Orain, ezkutatzen diguten arren, badakigu positibo eman duten erizain, mediku eta kartzeleroak daudela. Ondorioetako bat bajen erruz utzikeria areagotzea izan da; haginlariarengana joateko instantzia eskaera sinple bati kasu ez egitetik, minbizia berragertu ote den aztertzeko ospitalera TAC bat egiteko irteera luzatzera arte, guztian du eragina. Hori bai, otzantzeko pilulak barra-barra banatzen jarraitu dute. Areago, egoerak presoengan eragiten duen antsietateak eta tentsioak pilulen ohiko banaketari garrantzi gehigarria eman diote.

Ikasketen aferari dagokionez, nolabait krisi honek ikasteko beste modu bat ekarri duela ikusi dugu: online ikasteko aukera (edo, behintzat, osagarri gisa). Horrenbeste aipatzen den “birgizarteratze” logika hori espetxetako gida-liburuetan txertaturik balego, online ikasteko aukerari bide emango liokete. Internet bidez bada ere, tutoreekin harremanak areagotu ahalko lirateke eta, bide batez, espetxera sartzeko jartzen dizkieten ohiko oztopoak neurri handi batean bideratuko lirateke. Sarea, kultura mailan, presoentzako bitarteko onuragarria litzatekeela uste dut... baina beno, egia esan, beti dago zer edo zer, beti dago norbait prest honek denak eboluzio minimo bat izateko edozein aukera oztopatzeko. Urrunegi dira zulotzar hauek XXI. mendetik, azken finean.

 

Logroñon, urriaren 23an

 

*Asier Mardones Esteban (Ugao, Bizkaia): 2004an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Urkiolan (Bizkaia). 25 urteko espetxe zigorra ari da betetzen, ETAko kide izatea, lesioak, edo dokumentuen faltsutzea leporatuta. Inkomunikazio aldian torturatu egin zutela salatu zuen. Arabako Herrerako mendatean zegoen 2003ko irailaren 14an ETAko militanteen eta ertzainen arteko tiroketa batean poliziek Arkaitz Otazua hil zutenean. 2029an beteko du zigorra. Bi alaba ditu bikotekide duen Iosune Oña Ispizua euskal preso politikoarekin batera, biak espetxean jaioak eta egun kalean bizi direnak.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espetxe baldintzak
2024-03-18 | Gedar
Kataluniako 5.000 preso konfinatuta izan ditu Generalitateak

Kartzeletako funtzionarioen protestak aitzakiatzat hartuta, milaka preso erabat giltzapetuta eduki dituzte Kataluniako sei espetxetan.

 


Zaballako espetxean hildako Oroitz Herreroren senideak
"Gu horrela tratatu bagaituzte, zer ez dute egingo espetxe barruan"

Iragan astean Oroitz Herrero 26 urteko irundarra hilik aurkitu zuten Arabako Zaballa espetxeko bere ziegan. Eusko Jaurlaritzaren arabera “heriotza naturala” izan zen. Gaztearen senideek ARGIAri adierazi diote, ordea, Herrerori ez diotela arreta mediku egokirik eman... [+]


2024-02-07 | Hala Bedi
Preso bat hil da Zaballako espetxean, bi urtean hirugarrena

Eusko Jaurlaritzak espetxeen transferentzia bere gain hartu zuenetik, duela bi urte eskas, laugarren heriotza izan da euskal kartzeletan, hirugarrena Zaballako espetxean.


Espetxeko azken heriotza “izebergaren punta” besterik ez dela dio Salhaketak

Salatu du larunbatean bere burua urkatu zuen presoari ez zitzaiola suizidioen aurkako protokoloa ezarri eta ziegan bakarrik zegoela, aurreko egunetan “ondo ez zegoela” adierazi bazuen ere. Azpimarratu du Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik bere buruaz... [+]


Preso bat topatu dute hilik berriro ere Zaballa espetxean

Salhaketa Arabak eman du heriotzaren berri. Elkartearen arabera, 47 urteko jatorri hegoamerikarreko gizonezkoa da hildakoa, eta bere burua urkatu du. Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik Arabako espetxean hiltzen den bigarren presoa da.


Eguneraketa berriak daude