Arkeologia eta auzolana, herrigintzarako baliabide

  • Irati ibaiaren ertzean kokatuta dago Agoitz. 2.800 biztanle ingururekin, Nafarroako Pirinio aldeko eskualde zabal baten erdigunea osatzen du. Gainera, herri-mugimendu bizia ere badu, elkarlanean eta parte-hartzean trebatuta. Adibidez, pandemiako itxiera perimetral garaian Hidea kultur elkartea sortu zuten, herriko mugarriak berreskuratzeko. Eta elkarte honek Cederna-Garalur agentziarekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera auzolandegi arkeologikoa jarria du martxan, Zalurribarreko ermita zaharra berreskuratzeko. Auzolandegi hauek herria aktibatzeko balio izan dutela diote parte hartu dutenek eta proiektuaren hurrengo urratsak eta epeak begiz jota dituzte.

    1042. urtekoa da Zalurribarreko ermitaren aipamen zaharrena: urte horretan, Iruñeko errege Gartzea III.ak eta bere emazte Estefania Foixekoak Agoizko Fortun Lopez nobleari eman zioten dohaintzan. Nafarroan gutxi dira hain jatorri zaharra duten eraikin erlijiosoak eta historian zehar, erromesentzako eta gaixoentzako ospitale funtzioa ere bete izan zuen.


2022ko martxoaren 02an - 11:00
Azken eguneraketa: 12:03

Eraikinaren kokapena ezaguna zen, XIX. mende bukaerako eta XX. hasierako argazki zaharretan oraindik zutik agertzen baita: Irati ibaiaren ertzean dago, herrigunearen beste aldean. Dena den, inguru hori sasiz eta ezpelez estalita zegoen aspalditik, eta nekez bereiz zitezkeen zenbait harri han eta hemen sakabanatuta.

Hortaz, udan egin zuten lehen auzolandegiaren helburua lursaila garbitzea izan zen, ermitaren planta eta balizko hormak agerian uzteko. Lan hori burutu ondoren, argi ikusi zuten hormak zutik zeudela oraindik, eta zenbait tokitan ia hiru metroko altuera ere bazutela. Hala ere, beste puntu batzuetan guztiz erorita zeuden, estalkia bezala. Ondorioz, eraikinaren barnealde osoa harri handiz, teilaz eta bestelako eraikuntza-materialez estalita ageri zen. Horri gehitu behar zitzaizkion, gainera, ia mende batez utzita egon eta herriko gazteen ezkutuko topaleku izan ondoren pilatutako hondakinak…

Gauzak horrela, udazkenean egin zen bigarren auzolandegirako zundaketa arkeologikoak egitea erabaki zuten. Aranzadiko arkeologoen gidaritzapean, bi metro koadroko sektore bana definitu zuten eraikinaren barnealdeko bi angelutan, indusketa abiatuz. Aise bete zituzten bi helburuak. Alde batetik, eraikinaren zola topatzea. Beste aldetik, elizaren erabileraz zein gainbeheraz informazioa emango duten material arkeologikoak berreskuratzea: zeramika-zatiak, metalezko objektuak, txanponak, animalien hezurrak… Gisa honetan, herriak galduta zeukan ondare historikoa berreskuratzeko lehen urratsa eman dute.

 

 

 

Irati ibaia XIX. mende bukaeran. Eskuinean, herrigunea. Ezkerrean, Zalurribarreko ermitaren arrastoak. Argazkia: Josetxo Paternainek utzia.

 

 

 

Nafarroako ermita zaharrenetakoa, erromes eta gaixoentzat ospitale

Josetxo Paternain da, ziur aski, Zalurribarreko ermitaz gehien dakien pertsona. Txikia zela zutik ezagutu zituen elizaren aurriak. Bizitza osoan Iruñean ingeniari lanean aritu ondoren, erretiroa hartzean Historia ikastea erabaki zuen, eta ordutik artxiboetan dabil buru-belarri lanean, herriko historia zatiak biltzen eta josten. 81 urte beteta, abenduan argitaratu zuen bere ikerketaren emaitza: Agoizko nahas-mahasa liburua.

Bertan azaltzen duenez, 1042. urtekoa da Zalurribarreko ermitaren aipamen zaharrena. Urte horretan, Iruñeko errege Gartzea III.ak eta bere emazte Estefania Foixekoak Agoizko Fortun Lopez nobleari eman zioten dohaintzan, Otsaburu izeneko zaldi ederraren truke. Handik hamar urtera, 1052an, Fortun Lopezek Leireko monasterioari utzi zion ermita, bere jabetza eta errenta guztiekin. XVI. mendetik aurrera, aldiz, Agoizko udala agertzen da agirietan ermitaren jabe gisa.

“Beraz, artxiboetan frogatu ahal izan da herrian XI. mendeko jatorria duen eliza baten aztarnak ditugula”, azaldu du Paternainek. Hori ez da nolanahiko gauza: Nafarroan gutxi dira hain jatorri zaharra duten eraikin erlijiosoak. Ondorioz, herriko beste bizilagun batzuekin batera eraikinaren memoria berreskuratzeko beharraz hausnartzen hasi zen.

Francisca Oroz izan zen pertsona horietako bat. “Pentsatu genuen gai egokia zela Hidea Agoizko Kultura Elkartearen baitan jorratzeko”, azaldu du. “Talde hori 2020ko udan sortu genuen, COVID-19aren itxialdia bukatu berritan. Hilabete haietan ezin genuen udalerriaren mugetatik atera, eta orduan ohartu ginen ez genuela batere argi non zeuden muga horiek. Hala, hasiera batean mugarriak bilatzeari ekin genion, Josetxok artxiboetatik ateratako erreferentzietan oinarrituta. Pixkanaka, gai berriak lantzen ere hasi ginen, eta Zalurribarreko ermitari heltzeko aukera sortu zenean ez genuen bi aldiz pentsatu”.

Hainbat hilabete eman zituzten ermitaren inguruko dokumentazioa berrikusten. Besteak beste, ikusi zuten gaur arte iritsi diren arrastoak XVII. mendekoak izan litezkeela, 1611n goitik behera eraberritu baitzuten eraikina. Orozek azaldu duenez, Udalak hainbat mendez mantendu zituen instalazioak, bertan bizi zen ermitaua izendatuz eta eguneroko gastuak ordainduz. Sarri, erromesentzako zein gaixoentzako ospitale-funtzioa ere bete zuen. Haatik, eraikinak kalte larriak pairatu zituen Frantsestean zehar (1808-1814), eta badirudi horren ondoren ez zutela berriro konpondu.

Datu hauekin, Agoizko udalari eta Cederna-Garalur elkarteari aurkeztu zieten eraikina induskatu eta balioan jartzeko ideia. “Berehala eman ziguten babesa”, azaldu du Juanjo Corera Hideako idazkariak. “Haiek esan ziguten Aranzadi Zientzia Elkarteak bazuela ikerketa-proiektu bat Pirinioa zeharkatzen duen bide historikoa ardatz hartuta, eta agian gure ideiak bat egin zezakeela dinamika horrekin”. Eta halaxe izan zen.

Katebegi bat gehiago Pirinioetako galtzadako proiektuan

Aranzadik hainbat urte daramatza Pirinioak zeharkatzen dituen galtzada aztertzen. Komunikazio ardatz hori aurkitu izanak, bideari lotutako kokagune garrantzitsuak identifikatzea erraztu zuen, hala nola Zalduko hiri erromatarra (Auritz eta Aurizberri–Erroibar artean) eta Artziko mansio edo geralekua (Artzibar).

Azken urteetan, Oihane Mendizabal Sandonís arkeologoak zuzendu ditu lan horiek. Argi du ikerketak funtzio sozial bat betetzen duela, eta testuinguru horretan kokatu du Pirinioetako galtzadaren proiektua. “Gure lana da eskualdeko herrietan sor daitezkeen ekimenak laguntzea eta behar duten babes teknikoa eskaintzea, baina ekimenak tokiko eragileetatik atera behar du. Herri bakoitzak bere errealitatea du, eta helburuen edo baliabideen arabera egokitzen gara”. Malgutasun horri esker, lankidetza-akordioak sinatu dituzte hainbat udalekin, eta zenbait proiektu jarri dituzte martxan. “Zalduko eta Artziko indusketak egiteko auzolandegi bana antolatzen dugu urtero, eta eskualdeko bizilagunak zein Unibertsitateko ikasleak aritzen dira bertan. Horrez gain, aipagarriak dira Aurizberrin antolatutako miliario erromatarren erakusketa, edo Luzaiden sortu den erakustokia, kasu honetan Orreagako 778ko gudua eta Pirinioetako etnografia ardatz hartuta".

Herritarren erantzun jendetsua

Dinamika horretan txertatu dira Zalurribarreko ermita berreskuratzeko auzolandegiak ere. Orozek nabarmendu duenez, Agoizko herritarrek masiboki erantzun zioten deialdiari. “Espero baino askoz ere jende gehiagok eman zuen izena. Azkenean, txandaka antolatu behar izan genuen denek parte hartu ahal izateko: batzuk garbiketa- eta indusketa-lanetan aritu dira, baina beste batzuk lanabesak lortu dituzte, hamaiketakoak prestatu… denentzako izan da zeregina”.

Gentzane eta Usua izan dira hurbildu diren bizilagunetako bi. Gustura hartu dute esperientzia. “Lehen aldia dugu indusketa arkeologikoetan, eta hala ikasi dugu zerbait berria”. Dena den, garrantzitsuena herritarren artean sortu den giroa iruditu zaie. Horretan bat dator Aimar Egiluz herritarra ere: “Azken batean, anitz jende bildu gara proiektu honen inguruan, eta uste dut hemendik aterako direla gauza berriak. Herria aktibatu da”.

Aranzadiko kideak ere harrituta gelditu dira herriak erakutsi duen mobilizazio-mailarekin. “Eredugarria izan da”, dio Maite Errarte arkeologoak. “Uste dut auzolandegi hauek azaleratu egin dutela ondare arkeologikoak zein aukera eskaintzen dituen ekimen kolektiboak gorpuzteko eta komunitatea saretzeko. Jendea horrela inplikatzen denean, lortutako emaitzek beste dimentsio bat hartzen dute”.

Hala izan da, zalantzarik gabe, Zalurribarreko ermitaren kasuan. Ondare xumea izanagatik ere, herritarrek bere sentitu dute, eta neurri horretan interesa erakutsi. “Azken auzolandegia bukatzean bisita gidatua egin genuen egindako lanak jendartean zabaltzeko”, dio Corerak. “Harrituta gelditu ginen etorri zen jende kopuruarekin. Jakin bagenekien indusketaren berria asko zabaldu zela, baina ez genuen pentsatuko gaiak halako interesa piztuko zuenik”.

Etorkizunera begira, argi dute metatutako kapital sozial hori zaintzeko beharra. 2022ko neguan hirugarren auzolandegi bat antolatuko dute, indusketen bidez berreskuratutako material arkeologikoak garbitzeko eta sailkatzeko. Aurrerago, ermita egonkortzeko lanei ekin beharko diete, eta asmoa dute baita ere herritik aztarnategira doan bidea egokitu eta bisitarientzako informazio-panelak paratzeko. Hortik aurrera, aukera berriak zabalduko dira, zalantzarik gabe.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arkeologia
Baskoien beste herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Nafarroan eta AHTren lanek suntsitu ditzaketela salatu dute

Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela.  Bizilagunen hango elkarteak salatu du trenarentzako tunel baten ahoa eraikitzeak harresiaren zati bat suntsituko lukeela.


Neolitoko piragua sofistikatuak

1992. eta 2006. urteen artean, Erromako Bracciano lakuko uretan, Neolito goiztiarreko La Marmotta aztarnategia industu zuten. Berriki, Plos One aldizkarian han aurkitutako bost piraguen inguruko ikerlana argitaratu dute. Ontziak 7.000-7.500 urte inguru dituztela ondorioztatu... [+]


10.000 urteko harresia

Mecklenburgeko golkoan, Baltikoko uretan, ia kilometro bateko harrizko egitura bat identifikatu zuten arkeologoek 2021ean. Orain diziplinarteko ikerlari talde batek harresiari buruzko ikerketa argitaratu du PNAS aldizkarian.

Egiturak 10.000 urte inguru ditu eta gizakiak egina... [+]


Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


Ahaztutako Erdi Aroaren bila Abrisketan

Urtarrila ez da sasoi goxoa izaten indusketa arkeologikoak egiteko baina, aurtengo eguraldi aldrebesa tarteko, lanak erritmo onean burutu dituzte EHUko Ondare eta Kultur Paisaien ikerketa taldeko eta Ondare Babesa enpresako langileek Abrisketa auzoko San Pedro ermitan,... [+]


Eguneraketa berriak daude