ARGIA.eus

2020ko ekainaren 02a

Aritmetika eta aljebra nafar erara

Patxi Larrion @plarrion
2015eko maiatzaren 25a

Heldu berri da. Nafarroa Garaian aldaketa agindu duten alderdiek 26 eserleku erdietsi dituzte Nafarroako Parlamentuan, era batera edo bestera, agintean egon direnek 24 eskuratu dituzte. Argitu beharreko ekuazioak garbia dirudi, alta, Nafarroan gara eta pausaleku honetan aritmetikak bestelako bidezidorrak saiatu ohi ditu, maiz malkartsuak oso. Aritmetikaren ondoren aljebra ikasi ohi da eta eremu horretan aldagaiak dira nagusi. Geroa Bai bigarren geratu izanak balizko aldaketaren buru izateko bermea eman beharko lioke. Norekin, ordea, nortzuk izanen ditu bidelagun? Zinezko aldaketaren aldagaia hautatzen badugu, 26-24 ekuazioa obratu beharko luke. Nafarroa Garaiko soziologiaren aldagaia baliatuez gero, PSN aintzat hartzeko tentazioa edukiko du, gainera bide horrek azpialdagai bat du, EAJk PSE-EErekin ustez obratuko dituen akordioen aldagaia. Madrilgo Legebiltzarrerako hauteskundeek ere badute zeresanik afera honetan, azaroari begirako estrategiek baldintzatuko baitituzte bai PSN bai Podemosen jokabideak, zer neurriraino? Udal hauteskundeen ondorengo mapa dugu beste aldagaietako bat. GB, EH Bildu, Podemos eta Ezkerra ekuazioak kasu gehienetan aldaketa bermatzen du, eta mapa horren barnean garrantzi handikoak dira mankomunitateak, hori al da PSN gobernuan sartu ahal izateko GBk EH Bilduri eskainiko dion gozokia? Anitz galdera, aritmetika eta aljebra nafar erara dugu datozen egunetan nahitaez probatu beharreko platera hauteskundeetan garaile geratu den UPN galtzaile atera dadin. Lantokira heldu berri da panorama hau amesten lau hamarkada eman dituen lankidea, “nik, hauek, hortik helduta edukiko nituzke, aldaketa gertatu artio”. Hori ere ekuazioak ebazteko nafar era bat duzu, irakurle.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Udal eta foru hauteskundeak 2015

Udal eta foru hauteskundeak 2015 kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude