Ertzaintzak telefonoa kendu zion Hala Bediko kazetari bati poliziaren ekintza bat grabatzen ari zela

  • Ertzaintzak, iragan ostiraleko TALKA espazio feministaren desalojo saiakeraren berri ematen ari ziren Hala Bediko kazetariak mehatxatu zituen. Poliziaren jarduna grabatzeagatik telefonoa kendu eta 300.00 euro arteko isuna jarri nahi izan zioten irratiko kide bati. Hala Bedik auzitara eramango du Ertzaintzak izandako jarrera. Prentsa askatasunaren aurkako erasoen gainetik informatzen eta eskubide urraketen berri ematen jarraituko du.

Artikulu hau CC BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2020ko maiatzaren 14an - 14:25
Argazkia: @halabedi

Iragan ostiralean, maiatzak 8, Hedegile kaleko TALKA espazio feminista desalojatzen saiatu ziren. Adolfo Dominguezek langile bat bidali zuen lokaleko sarrera hormatzera. Desalojo saiakerari erantzuteko, zarata egiteko tresnak eskutan, Hedegile kalean gora paseatzeko deia egin zuten TALKAko kideek. Hala Bediko zenbait kazetari ere gerturatu ziren mobilizazioa jarraitzera.

Ertzaintzak Hedegile kalea husteari ekin zion, kazeroladan parte hartzen ari ziren dozenaka lagun bertatik kanporatuz. Ertzaintzaren prozeduran hainbat pertsona identifikatuak izan ziren eta bi lagun atxilotu zituzten.

Hala Bediko kazetari baten aurkako mehatxuak

Poliziaren jarduna grabatzen ari zen Hala Bediko kazetari batek mehatxuak jaso zituen Ertzaintzako agente baten partetik. Azken honek, polizia grabatu ezin zuela ohartarazi zion kazetariari, “pertsona fisiko bat” zela argudiatuta eta “Datuen Babeserako 2018ko maiatzaren 25eko Errege Dekretuak” hala agintzen zuela esanez. Eztabaida izan zen bertan, Hala Bediko kazetaria esanez baietz, poliziak kalean egindako interbentzio oro grabatu zezakeela, eta ertzaintzako kideak ezetz, berak bere irudia babesteko zuen eskubideagatik kazetariak grabatzeari utzi behar ziola. Hasieran grabatzeari uzteko esaten zion eta, behin grabatzeari utzita, ondoren irudiak ezabatzeko exijitu zion kazetariari. Mehatxu ezberdinak egon zire ertzainaren aldetik, mobila kenduko ziola, desobedientzia delitua jarri eta atxilotuta eramango zutela, 40.000 eta 300.000 € arteko isuna ordaindu beharko zuela irudiak edozein modutan erabiltzen bazituen, eta beste.

 

Eztabaida luzatu eta azkenean poliziak mobila kendu zion Hala Bediko kideari. Ordu erdiz kazetariaren telefonoa eduki eta gero, itzuli egin zion, argudiatuz Kazetari Elkargoan izen emanda egon behar zela grabatzeko, eta zalantza zituenez itzuli egingo ziola, berriro ere errepikatuz kazetariaren izena gordeta zuela eta 300.000€ arteko isuna jasoko zuela irudiak argitaratuz gero.

Grabatzea ez da delitua

Errealitatea bestelakoa da, ordea: herritar orok, kazetaria izan edo ez, eskubidea dauka polizia grabatzeko, jardunean ari diren funtzionario publikoak baitira, eta herritarren informaziorako eskubideak bermatzen du poliziaren ekinbidea dokumentatu ahal izatea.

Iragan ostiraleko poliziaren jarrera auzitara eramango du Hala Bedik. Baloratu egingo ditu kazetariari telefonoa kendu zion Ertzaintzako agentearen aurkako ekintza legelak eta salaketa aurkeztuko du. Inongo oinarri juridikorik gabe, Ertzaintzaren jarrera oldarkorra Hala Bediko kazetarien lana oztopatzea izan zen, informatzeko eskubidea urratuz.

Prentsa askatasunaren aurkako erasoak

Bideoz jasotako Ertzaintzaren jarrera oldarkor hura ez zen ostiralean Hala Bediko kazetariek pairatu zuten bakarra izan: mehatxuak, identifikazioak eta euren lana burutzeko oztopoak jasan behar izan zituzten irratiko zenbait kidek. Egoera baretu zenean ere, kazetarien aurkako jazarpenak ez zuen etenik izan.

Kazetarien jarduna oztopatzeko saiakeren adibide gehiago izan dira azken urteetan, salaketa eta isun mehatxuak ugariak izan dira jarduera polizial baten irudiak hartzea ekiditeko. 2015ean indarrean sartu zen Mozal Legeak eta honek indar polizialei emandako eskumenak eta salaketak bideratzeko erreztasunak areagtotu egin zuen mehatxu hori.

Ostiralekoak ez dira medio honetako kazetari eta kideek poliziaren partetik jaso dituzten eraso bakarrak. Iragan urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean argazkiak ateratzen ari zen Hala Bediko kide baten lana oztopatu eta mehatxatu egin zuen Gasteizko Udaltzaingoak. 2017an, aldiz, Jaurlaritzak Mozal Legea ezarri zion Errekaleorreko argi mozketaren berri ematen ari zen Mikel Saenz de Buruaga kazetariari, Ertzaintzak honen telefonoa apurtu ostean. Hala Bedik auzitara eraman zuen Eusko Jaurlaritza eta bi urteko prozesu judizial luze baten ostean epaiketa irabazi zuen herri komunikabideak.

Apiatuetakoaz gain badira beste adibide ugari, eta, kasu isolatuak izatetik urrun, Hala Bediren jardunaren eta prentsa askatasunaren aurkako eraso jarraitu bati erantzuten diote. Informatzeko eskubidearen aurkako eraso hauek onartezinak direla deritzo Hala Bedik. Honen aurrean, informatzen, poliziaren gehiegikerien irudiak zabaltzen eta eskubide urraketak salatzen jarraituko du Hala Bedik, guztion eskubidea baita.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adierazpen askatasuna
Fermin Muguruzaren bisita batengatik “terrorismoa goratzea” leporatu diote Valentziako institutu bati

Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako... [+]


Pablo Gonzalez
Inongo frogarik erakutsi barik, bi urte espetxean Polonian

Otsailaren 28an bi urte bete dira Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutela. Errusiako espioia izatea leporatu zioten hango zerbitzu sekretuek, baina oraindik ez dute horren froga edo zantzu ñimiñoena erakutsi.


2024-02-01 | Gedar
Black Marfil abeslariaren kontrako zigorra berretsi dute: bi urte eta hilabete bat

Iruñeko abeslaria bere abestietako letrengatik kartzelaratuko dute, besteak beste, udaltzainen kontrako "gorrotoa eta indarkeria" sustatzea leporatuta.


2023-10-30 | ARGIA
Valtònyc rap kantaria Mallorcara itzuli da bost urtez erbestean egon ondoren

Josep Miquel Arenas Beltrán ‘Valtònyc’ rap kantari mallorcarrari hiru urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak bere kantuetan “terrorismoa goratzea” eta Espainiako koroari “irain egitea”... [+]


2023-07-17 | Ilargi Manzanares
Sutan dagoen Ertzaintzaren furgonetaren argazkia "iraingarria" dela dio Jaurlaritzak

Donostiako Groseko jaietan larunbatean antolatu zen grafiti erakusketan sutan zegoen Ertzaintzaren furgonetaren irudia erakutsi zuten, eta Ertzaintza azaldu zen kentzera. Segurtasun sailburu Josu Erkorekak “gorroto eta indarkeria bultzatzen duen irudia” dela adierazi... [+]


Eguneraketa berriak daude