"Argentinako iparraldean familia askok galdu dituzte lurrak, eta soja eremuen erdian bizi dira orain, uharte txikiak bailiran"

  • Argentina iparraldeko Santiago del Estero probintziatik etorri da Deolinda Deo Carrizo La Via Campesinaren Nazioarteko Biltzarrera. Nekazari indigenen eskubideen alde borrokan diharduen MNCI (Nekazari Indigenen Mugimendu Nazionala) taldeko kidea da, baita mugimendu probintzialekoa ere.


2017ko uztailaren 21an - 16:08
"Batzuek ereindakoaren %90 galdu izan dute sojaren fumigazioaren erruz". (Arg.: EL Federal)

Inguru erdi-elkor batean bizi da Carrizo, euririk gabeko sasoian ahuntzak, txerriak eta behiak zaintzen, eta euritea denean –irailetik otsailera gutxi gorabehera– artoa, kalabaza, angurria eta abar landatzen. “Autokontsumorako, inguruko merkatu txikietarako eta elkarteak dauzkan gozoki-fabriketako bat hornitzeko”, diosku. Hala ateratzen dute aurrera bizimodua eskualdeko nekazariek, soja transgeniko monolaborantza eremu handiak nagusi diren inguruan.

Klima justiziaz hitz egin da gaur Biltzarrean. Zuenean ari zarete klima aldaketa nabaritzen; eguraldia aurreikustea gero eta zailagoa dela aipatu didazu.

Bai, latza da orain arte normalean euria egin izan duen sasoian euria egingo duen segurtasunik ez izatea. Lurra prestatzen dugu urteko lehenbiziko hezetasuna jaso dezan, eta baliteke lehen euritea eta gero gehiago ez botatzea tarte batean. Ekoizpena galtzen da, edo oso gutxi hazten da, edota kalitate eskasekoa… Produkzioa arriskuan jartzen duen beste faktore bat inguratzen gaituen soja monolaborantza da.

Nola eragiten dizue horrek?

Enpresen ugazabek hegazkinak erabiltzen dituzte euren eremuak fumigatzeko. Gure komunitateen gainetik igarotzen dira, familien ekoizpena dagoen lekuetatik. Zenbait kasu epaitegietara eraman ditugu, ereindakoaren %90 ere alferrik galdu izan delako. Eta ez ereindakoa bakarrik: komunitateak belaunaldiz belaunaldi gorde izan dituen haziak ere galtzen dira, fumigazioen erruz ia desagertzeko zorian daude batzuk.

Eta zer kalte dakarkizue horrek zehazki?

Kaltetuek kanpoan erosi behar dute etxean landu ezin izan dutena. Lan gehigarria egin behar da lapurtu dizuten hori –lapurreta baita– erosteko dirua lortzeko. Eta gainera, justizia administrazioa monolaborantzan oinarritutako ekoizpen-eredua baimendu duten horiexen esku dago. Gure probintzia da azken hamabost urteetan soja landatzeko lur eremu gehien hartu denetako bat.

Fumigazioek eraginik al dute jendearen osasunean?

Argentinako iparralde osoan familia askok galdu dituzte lurrak, eta soja eremuen erdian bizi dira orain, uharte txikiak bailiran, kasu batzuetan fumigatutako sailetatik oso-oso hurbil. Pestizidek ageriko ondorioak dituzte: azalean kalteak, begietan… baina baita berehala igartzen ez direnak ere, pozoia odolean biltzearen ondorioz. Bat-bateko abortuak, fetuen malformazioak, minbiziak… Santiago del Esteron epaitegietara jo dugu babes eske, komunitateak bizi diren lekuetatik hurbil sojarik landatu eta fumigatu ez dadin.   

Nolakoa da zuen erresistentzia?

MNCI bost probintziatan hasi zen eta jada hamaikatan gaude. Lurraldea defendatu nahi dugu soka monolaborantzaren, abeltzantza intentsiboaren eta zenbait meatzaritza proiekturen aurrean. Lurra atxikitzeko borrokaz gain, baditugu beste fronte batzuk martxan. Esaterako, gazteria eta komunikazio arloa dugu, sei irrati emisora dituena. Kooperatiba modura funtzionatzen duten sei gozoki-fabrika ditugu, halaber. Eta hezkuntzari ere garrantzia ematen diogu: Santiago del Esteron agroekologia eskola ireki genuen orain dela hamar urte, eta maila nazionalean nekazarien unibertsitatea dauka MNCIk.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: La Via Campesinaren VII Nazioarteko Biltzarra
2017-07-23 | Unai Brea
"Denentzako elikadura osasungarria bermatu behar dute politika publikoek"

Larunbatean Derioko Nazioarteko Konferentziari amaiera eman eta gero, manifestazioa egin da igandean Bilbon, La Via Campesinak deituta. Moyua plazatik Zazpi Kaleetako Plaza Barrira arteko ibilbidea egin dute ia 2.000 lagunek, eta ondoren bazkaria izan da. Horren aurretik... [+]


2017-07-22 | Unai Brea
La Via Campesinaren Euskal Herriko Deia: "Borroka hau kritikoa da gizateriarentzat"

Euskal Herriko Deia zabalduz amaitu da La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarra Derion. Lau egunez eztabaidan aritu eta gero, biltzarraren ondorioak biltzen dituen adierazpena aurkeztu dute bi ordu inguruko ekitaldi hunkigarri batean. Mundu osoko 200 milioitik gora... [+]


2017-07-21 | Unai Brea
Leticia Urretabizkaia (EHU-ko ikertzailea):
"Nekazarien ohiko jarduerarekin zerikusirik ez duten baldintzak ezartzen ari dira, nork sal dezakeen erabakitzeko"

La Via Campesinaren Nazioarteko Biltzarraren egitarau osagarriaren barruan, nekazarien eskubideen urraketari buruzko txostena aurkeztu zuten asteazkenean. EAEri dagokion atalaren egileak, Leticia Urretabizkaia EHUko ikerlari eta hezitzaileak, gurekin hitz egin zuen aurkezpena... [+]


2017-07-20 | Unai Brea
Alazne Intxauspe (EHNE Bizkaia):
"Eguneroko jatekoa erostea ekintza politikoa dela ikusarazi nahi dugu"

“Elkarte txikia gara eta guretzat erronka handia da nazioarteko konferentzia hau antolatzea, baina gure errealitatea ikusarazteko aukera bikaina ere bada”, esan digu Alazne Intxauspe EHNE Bizkaia sindikatuko kideak, La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarra... [+]


2017-07-19 | Aritz Loiola
ARGAZKIAK: Hasi da La Via Campesinaren nazioarteko konferentzia Derion

Jendez mukuru izan da Derioko apaiztegi zaharreko eliza zena, Biltzarraren inaugurazio ekitaldian. Dantzak, kantuak eta musikak hartu dute lehenbiziko ordua, mezu politikoek bigarrena. Amaieran, azken urteetan La Via Campesinarekin bat egindako elkarte berrien aurkezpena egin... [+]


Eguneraketa berriak daude