Derion egin berri den La Via Campesinako V. Emakumeen Biltzarra historikotzat jo du Sandra Moreno Cadena antolatzaileetako batek. Moreno kolonbiarra da jatorriz, baina Espainian bizi da. Andaluziako Langileen Sindikatuko kidea da, eta zehazkiago Landa-eremuko Langileen Sindikatukoa. Haren ahotik jaso dugu Emakumeen Biltzarrak emandakoaren berri.
Zein izan duzue abiapuntua?
Emakumeen Batzar hau oso testuinguru berezian eman da. Bortizkeria areagotzen ari da eta emakumeek borrokatu eta erdietsitako eskubide batzuk galtzen ari dira. Uste dut biltzarrak balio izan duela eskualde askotan emakumeek duten egoera azaleratzeko. Alderdi nagusietako bat izan da ea norainokoa den emakumeon parte hartze politikoa, zein den gure antolakundeetan eragiteko dugun gaitasuna, eta eragin hori ikuspuntu feministarekin ematen ote den. Erabakietan parte hartzeak ez du berez esan nahi landa eremuan jasaten dugun diskriminazioa behar bezala erakusten denik.
Zuen parte hartzea ez da kualitatiboki behar lukeen bezain emankorra, beraz?
“Emakumeak ondo ordezkatuta gaude?” galderari erantzuten saiatu gara. Eta erantzuna “gehienetan ez” izan da. Kaleko ekintza eta mobilizazioetan erdia edo gehiago emakumeak izan arren, horrek ez dakar berez berdintasuna erabakitze-guneetan. Parekidetasunak ez du ikuspegi feminista ziurtatzen, hau da, emakumeok zein baldintzatan gauden kontuan izatea. Batzar honetan, lehen aldiz, nekazarien feminismoaz eztabaidatu dugu, eta hori historikoa da.
Zer proposatzen duzue desoreka hori aldatzeko?
Bada Latinoamerikatik datorren proposamen bat, duela urtebetekoa edo, eta beste eskualdeetan barneratzen hasiak direnak. Proposamen hori erronka da, ez emakumeen batzarrentzat bakarrik, mugimendu osoarentzat baizik: nola eraiki mugimendu feminista bat, argi eta garbi talde feministetatik abiatu behar dena? Hori da Nazioarteko Biltzar orokorrera eramango dugun adierazpena: feminismotik borrokatzeko konpromisoa hartzen dugu, elikadura burujabetza eredutzat hartuta. Eta emakumeon aurkako indarkeria gaitzesten dugu, gure lurraldeen aurkakoa, gure baliabideen aurkakoa. Lotura zuzena dago naturaren gehiegizko ustiapenaren eta gorputzen aurkako indarkeriaren artean.
Naturaren gordailuak emakumeak zaretela aipatzen da maiz, izan ere…
Genero rolagatik, emakumeak arduratu izan dira zaintzaz. Lurra zaintzen dugu, haziak gordetzen ditugu, gure ingurua egoki mantentzen saiatzen gara. Hori ona da. Nolabait, inguruaren ikuspegi femeninoa daukagu, hazkundetik eta ustiapenetik aldenduta. Kapitalean oinarritzen den ekonomiaren alternatiba gara, baina alternatiba ikusezina, kapitalaren ekonomiak ez baitu aitortzen hazten laguntzen ez dion ezer. Hori da jasan behar dugun beste bortizkeria mota bat: gure lanari lan izaera ez aitortzea, “laguntzarena” baino.
Larunbatean Derioko Nazioarteko Konferentziari amaiera eman eta gero, manifestazioa egin da igandean Bilbon, La Via Campesinak deituta. Moyua plazatik Zazpi Kaleetako Plaza Barrira arteko ibilbidea egin dute ia 2.000 lagunek, eta ondoren bazkaria izan da. Horren aurretik... [+]
Euskal Herriko Deia zabalduz amaitu da La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarra Derion. Lau egunez eztabaidan aritu eta gero, biltzarraren ondorioak biltzen dituen adierazpena aurkeztu dute bi ordu inguruko ekitaldi hunkigarri batean. Mundu osoko 200 milioitik gora... [+]
Argentina iparraldeko Santiago del Estero probintziatik etorri da Deolinda Deo Carrizo La Via Campesinaren Nazioarteko Biltzarrera. Nekazari indigenen eskubideen alde borrokan diharduen MNCI (Nekazari Indigenen Mugimendu Nazionala) taldeko kidea da, baita mugimendu... [+]
La Via Campesinaren Nazioarteko Biltzarraren egitarau osagarriaren barruan, nekazarien eskubideen urraketari buruzko txostena aurkeztu zuten asteazkenean. EAEri dagokion atalaren egileak, Leticia Urretabizkaia EHUko ikerlari eta hezitzaileak, gurekin hitz egin zuen aurkezpena... [+]
“Elkarte txikia gara eta guretzat erronka handia da nazioarteko konferentzia hau antolatzea, baina gure errealitatea ikusarazteko aukera bikaina ere bada”, esan digu Alazne Intxauspe EHNE Bizkaia sindikatuko kideak, La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarra... [+]