ELA eta LAB Sindikatuek adierazi dute ACRA, Gesca eta Lares patronalekin hitzarmena negoziatzeko prest daudela, sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzeko. Asteartean hasi ziren eta ostegunera bitarte egingo dituzte lanuzteak.
Arabako zahar etxe eta etxebizitza komunitario pribatuetan lanuzteak deitu dituzte ELA eta LAB sindikatuek asteartetik ostegunera bitarte, hitzarmen bat osatzeko patronalekin negoziazioan ezarri duten “blokeoari” erantzuteko. Astearte goiz-goizetik pikete informatiboak egin dituzte zahar etxeetako sarreretan, eta 11:00etan manifestazioa Gasteizko hirigunean zehar, hitzarmena aplikatzeak dakarren “prekarietatea” salatzeko. Asteazken eguardirako ere mobilizazioa deitu dute Plaza Berritik, eta foru aldundian egingo den ekitaldiarekin amaituko dute. Ostegunean, berriz, auto-ilara bat egingo dute Gazalbide zahar etxetik 11:00etan eta arratsaldean azken manifestazioa burutuko dute, Plaza Berritik abiatuta.
Sindikatuek adierazi dute “premiazkoa” dela sektoreko langileen eskaeretara hurbiltzea; soldatak nabarmen hobetzea; erosteko ahalmena bermatzea; lanaldia nabarmen murriztea, egungo erabat jasanezina delako; baita sektoreko langileen funtsezko lana duintzen duten beste hobekuntza sozial batzuk ere. Hori dela eta, ACRA, Gesca eta Lares patronalei “zentzuz” jokatzea eskatu diete, baita “mahai gainean dauden baldintzak” kontuak hartzeko ere.
Arabako Foru Aldundiari, berriz, “beste alde batera begiratu izana” leporatu eta gatazka honetan, “bitartekari lanak” egitea eskatu diote, “zuzeneko erantzule” gisa identifikatzen baitute. Mezu zuzena bidali diote Urtarani: “Bada garaia zure hitzak ekintzetan gauzatu eta 2024ko aurrekontuetan dituzun 8,2 milioi euroak sektoreko langileen baldintzak hobetzen inbertitzeko”.