ARGIA.eus

2020ko uztailaren 08a

'Ander' eta '80 egunean', harro eta apurtzaile

  • Landa eremuko baserritar tradizional homosexuala batetik, emakume edadetu lesbianak bestetik, hainbat tabu jarri zituzten mahai gainean Ander eta 80 egunean filmek. Hamarkada bat igaro den arren, tamalez gaurkotasun bera dute istorioek eta hainbatentzat kultuzko film dira dagoeneko. Harrotasunaren Eguna aitzakia hartuta, bi harribitxi horietako aktore eta zuzendariekin aritu gara eta zinemak LGBTI+ gaiak eta pertsonaiak pantaila handian nola irudikatzen dituen izan dugu hizpide, besteak beste.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2020ko ekainaren 28a

2009an estreinatu zen Ander, Roberto Castón galiziarrak zuzendua: euskal landa eremua, baserria, tradizioa, familia, homosexualitatea… Gai horiek uztartzen ditu sentsibilitate handiz, eta ederra da istorioaren bilakaera, hasierako familia tradizionaletik bukaerako familia eredu berritzailera –ez dugu gehiago zehaztuko, spoiler-ik ez egiteko–. Urtebete geroago ikusi zuen argia Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendarien 80 egunean filmak, adineko bi emakumeren arteko sexu erakarpena freskotasunez kontatzen duen lana. Ordura arte euskal zinemak jorratu gabeko gaiak pantailaratu zituzten eta helburu horixe zuela adierazi digu Castónek: “Aurretik egina ez zegoen pelikula egitea”. Erreferenteak ekarri zizkioten jendeari, eta arrastoa uzten joan dira batengan baino gehiagorengan. Josean Bengoetxea aktorea Ander filmeko protagonista da, eta jendea hunkituta hurbildu izan zaiola kontatu digu: “Oraindik ere idazten didate batzuek, esanez bai pelikulak bai pertsonaiak lagundu egin dietela, behar zuten bultzadatxoa eman dietela armairutik ateratzeko, edo istorioak asko emozionatu dituela”.

Batak zein besteak harrera beroa izan zuten estreinaldian, kopuruz baino gehiago, ikusleen erreakzioei erreparatuz gero. 80 egunean-ek ez zituen zine-aretoak bete eta Ander ez zen Espainiako Estatuan komertzialki estreinatu ere egin –“banatzaileak ez dira oso ausartak”, dio Castónek–, baina kurioski, biak izan ziren mugak gainditu zituzten lehenengo euskal filmak, nazioartean herrialde askotara iritsi direlako. Hastapenetan 120 jaialdi baino gehiago bisitatu zituen 80 egunean-ek, eta oraindik asko mugitzen da batetik bestera. Ander-ek ere bere bidea egin du pixkanaka, eta Filmin-en ikus daiteke jada; “hemen estreinatu ez izanaren arantzatxoa gainetik kendu ahal izan dut azkenean”.

Josean Bengoetxea: "Oraindik ere idazten didate, esanez pelikulak eta pertsonaiak lagundu egin dietela, behar zuten bultzadatxoa eman diela armairutik ateratzeko"

Gainera, kultuzko filmetzat ditu hainbatek. 80 egunean sutsuki defendatzen duen jendea dago, oso berea sentitzen duten filma delako, asko maite dutena. “Batzuentzat oso film berezia da eta nabaritzen dugu, ez da beti lortzen eta polita da”, onartu digute zuzendariek. Ander-ek ere txundituta dauka ikusle ugari; deskubrimendua izaten da lehen aldiz ikusten duenarentzat, dio Bengoetxeak.

Ez da ezer aldatu hamar urtetan?

Roberto Castónen iritziz, hamarkada bat ez da hainbeste urte, gizartea aldatzeko. Edonola, elkarrizketatuek garbi dute pelikulak gaur bertan estreinatu ahalko liratekeela, istorioko beldurrak eta tabuak berdin-berdin jorratu daitezkeela, eta esanguratsua da hori. “Aurrerapausoak ematen direla eta homosexualitatea gero eta normaltasun handiagoarekin bizi dugula iruditzen zaigu sarri, eta hein batean hala da, baina aldi berean irakurketa triunfalistegiak egiten dira maiz, errealitatearekin bat ez datozenak: hainbatek dio aldarrikatu beharrik ere ez dagoela, normaltasunez bizi duela jendeak bere sexualitatea… eta ez da egia. Eskolan, bullyinga egiteko arrazoi nagusienetakoa izaten jarraitzen du, eta hainbat diskurtsotan ere garbi ikusten da aurrerapen batzuk zein hauskorrak diren, zein erraz gal daitezkeen lortutako espazio eta eskubideak. Horregatik, oraindik ere halako istorio eta pertsonaiak beharrezkoak dira”, azaldu digu Jose Mari Goenagak.

Jose Mari Goenaga: "Sarri, heterosexualei atsegin suertatzeko grina handiegia ikusten dut filmetan: ‘Homosexuala baina txintxoa naiz’ moduko pertsonaiekin, eta publiko jakin bat deseroso sentiarazi dezaketen eszenak saihestuz"

LGBTI pertsonaiak, tragediara kondenatuta

Zinemaren historian atzera egiten badugu, badirudi drama eta tragedia dela LGBTI pertsonaien patua. Ados daude elkarrizketatuak, eta Jon Garañok dio horregatik saiatu zirela 80 egunean ez zedila istorio iluna izan, film argitsua baizik, komedia trazekin. Barrearen aldekoa da Josean Bengoetxea ere, “umorea arma boteretsua delako istorioak kontatzeko eta aldarrikapenerako. Ez naiz komedia friboloaz ari, pentsarazten dizun umoreaz baizik. Asmatuz gero, umore horrek uzten duen lorratza oso indartsua da”.

1980ko hamarkadara arte, LGBTI pertsonaien historia zinematografikoa tragikoegia izan dela iritzi dio Castónek, eta ez zuela horrela izan behar, “zinemak lagundu behar zuen horrela ez izaten, baina zinema negozioa da eta gizartearen pentsamendu orokorrari lotuta mugitzen da. Pertsona gay, lesbiana, transexualek… hiltzen edo beren buruaz beste egiten gehiegitan bukatu dute pantailan”.

Bi muturrak aipatu dizkigu Goenagak: gaia seriotasunez jorratu nahi izan denean tragikotasunera jo dela maiz, eta bestela parodiara. “Bai bata, bai bestea, klixeak iruditzen zaizkit, ez istorioak ezin direlako horrelakoak izan, beste modu batera ere izan daitezkeelako baizik”.

Film probokatzaileagoen falta

Gaur egun bizi dugun telesailen masifikazioan, LGBTI pertsonaia gehiago eta horiek irudikatzeko modu anitzagoak aurki daitezkeela esan digute, nahiz eta oraindik estereotipoetatik ere elikatzen den fikzioa. “Azken finean, zinema eta artea gizartearen eskutik joan ohi dira, eta gizartean normalizatuta ez dagoenez, zineman ere oraindik topikoetara jotzeko joera dago”, dio Bengoetxeak.

Jose Mari Goenagak galdera jaurti du: LGBTI kolektiboaren errepresentazioan aurrera egin dugu ala estereotipo berriak sortu ditugu? Izan ere, duela hamarkada batzuetako hainbat pelikulatan pertsonaia ausartagoak aurkitu daitezkeela nabarmendu digu. Horri lotuta, LGBTI gaia ukitzen duten lanetan mundu heterosexualari atsegin suertatzeko grina handiegia ikusten du sarri: “Heterosexualei zuzendutako filmak dira, ‘begira, guk ere sentimenduak ditugu’ aldarrikatu nahian, eta publiko jakin bat deseroso sentiarazi dezaketen eszena, ekintza eta jarrerak saihesten dira. ‘Homosexuala baina txintxoa naiz eta baloreak ditut’ moduko pertsonaiak ikusten ditudanean, filmak probokatzaileagoa izan behar lukeela pentsatu ohi dut”.

Roberto Castón: "1980ko hamarkadara arte, LGBTI pertsonaien historia zinematografikoa tragikoegia izan da, eta ez zuen horrela izan behar, zinemak lagundu behar zuen horrela ez izaten"

Ez alferrik, LGBTI pertsonaiei lotutako filmak gomendatzeko eskatu diegunean, L’Inconnu du lac aipatu digu Goenagak, besteren artean: sexuaren mesedetan asko arriskatzeko prest dagoen jendea eta cruising-a bezalako gaiak lantzen ditu film frantziarrak, eta elkarrizketatu batek baino gehiagok gomendatu digu gainera. Zerrendara gehitu dituzte baita ere Brokeback Mountain, Carol, La vie d'Adèle, Girl, Portrait de la jeune fille en feu, Hedwig and the Angry Inch, Una mujer fantástica eta Kausarik gabeko errebeldea. Azken pelikula horrek ez du esplizituki homosexualitatea aipatzen, baina James Dean-en pertsonaia nerabe homosexuala dela dioen irakurketa egin izan da. Telesailen artean, beste pare bat proposamen: A very English scandal eta Hollywood. Gomendioak aintzat hartuta, harrotasunez jantzitako zinema ona ikusteko erronka ezin hobea jarri digute uda honetarako.

Jon Garaño: "Saiatu ginen '80 egunean' ez zedila istorio iluna izan, film argitsua baizik, komedia trazekin"

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: LGBTI  |  Zinema  |  Homofobia

LGBTI kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude