Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu du Bilboko Aste Nagusian konpartsek euskal presoen alde antolatu dituzten ekitaldiak grabatzeko, haietan “terrorismoa goratzen” ez dela ziurtatzeko.
Eloy Velasco epaileak eman du agindua, Dignidad y Justicia elkarteak jarritako salaketaren ondoren.
Elkarte horrek epaileari adierazi dionez, Bilboko Konpartsek “ETA erakunde terroristako presoen aldeko hainbat ekitaldi” antolatu dituzte.
Besteak beste, Txori Barrotek antolatutako “elkartasun keinuak” eta Kaskagorriren presoen aldeko “argazki solidarioa” aipatzen dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren adierazpenak jaso dituzte Noticias taldeko egunkariek eta diote “zaintza diskretua” egingo duela, “sinboloen legea betetzen dela ziurtatzeko, beti egin izan den moduan”.
Iturri berdinaren arabera, Eloy Velasco epailearen agindua “oso generikoa” da eta agindutako zaintza ez dago “ekitaldi zehatzei lotua”.