Amianto arrastoak aurkitu dituzte lehen egunean erreskate lanetan aritu ziren zenbait suhiltzaileren jantzietan

  • “Oso haserre eta kezkatuta gaude”. Hala adierazi dio ARGIAri bere izena sekretupean gordetzeko eskatu dion suhiltzaile bizkaitar batek. Otsailaren 6an Verter Recycling enpresak kudeatzen duen zabortegira bidali zuten 20:00ak inguruan, 16:00etatik han zeuden suhiltzaileei txanda egitera. Sustantzia toxikoei aurre egiteko ongi prestatu gabe aritu zirela dio, eta orain gutxi jakin dutela, bertan izan ziren Bizkaiko hiru suhiltzaileren jantzietan amianto arrastoak aurkitu dituztela.


2020ko martxoaren 04an - 20:25
Lehen arratsean suhiltzaile eta ertzainak erreskate lanetan. Argazkia: Bizkaiko Suhiltzaileak.

“Ezin duzu imajinatu ze kaka pila zegoen han. Panorama beldurgarria zen, eta kiratsa izugarria. Zabortegi horretan ez dago amiantoa bakarrik, han hondakin arriskutsu piloa dago”, dio. Operatiboa bi partetan banatu zen, batzuk behean aritu ziren, autopista libratzen; besteak goian, Joaquin Sololuze eta Alberto Beltran bilatzen. Testigantza eman digun suhiltzailea goian aritu zen.

Atera aurretik, bazekiten bi langile erreskatatu beharko zituztela, baina aldi berean, zabortegian luizi bat egon zela eta horrek mendi-hegala bota zuela esan zieten. Ez zen hala, zabortegia bera zen erori zena, eta zabor luizia zen autopistaraino heldu zena, ez mendia. Kamioian eraman ohi dituzte jantzi bereziak, isuri eta produktu toxikoen kasuetarako. Ez zekiten behar zituztenik eta hainbat orduz aritu ziren edozein suteetara eraman ohi dituzten galtza lodi, txaketa, kasko eta botekin lanean. Ez zuten maskarillarik erabili.

Lau bat orduz egon zen Eitzagako zabortegian elkarrizketatu dugun suhiltzailea. Bizkaitik Derioko, Iurretako, Basauriko eta Artazako suhiltzaileak joan ziren, Bizkaiko Aldundiak bidalita. Gipuzkoako Aldundiak ere bidali zituen lehen txandan Eibar eta Oñatitik. Operatiboa koordinatzen “BZ” gisa ezagutzen dituzten Babes Zibileko teknikari bat ari zen. Bera goian zegoen. Testigantza eman digun suhiltzailea oroitzen da BZ-k suhiltzaileei zortzi maskarilla eskatu zizkiela, palak eskuetan hartuta zuloak egiten ari zirenek ezin zutela arnasa hartu ziotelako. “Guk kamioian genituen, baina ez genituen erabili, inkontzientziagatik".

Guztira 60 bat lagun ibili ziren lehen egun hartan ongi prestatu gabe amiantoaren artean erreskate lanetan

Lanak gelditu ere egin zituzten ilundu zuelako eta lurra desegonkor zegoelako, berriz ere zabor-luizia gertatzeko arriskuarekin. Ertzainekin batera, lehen txandako suhiltzaileak zakurrek markatzen zituzten puntuetan zuloak egiten aritu ziren. Beraiek inguruan argiztapena jartzen aritu ziren, gauez lana egin behar bazen ere. “Ordenen zain geunden, zer egin begira”.

“Gaua zen iritsi ginenerako. Zuk imajinatu, milaka tona zabor erorita. Jendea jo eta su aritu zen han hainbat orduz. Zaborraren artean milaka tona amianto zegoen eta ez geunden batere ongi prestatuta. Jendeak esfortzu fisiko handia egin zuen”. Guztira 60 bat lagun ibili ziren lehen egun hartan ongi prestatu gabe amianto artean erreskate lanetan: 30 bat suhiltzaile, 30 ertzain eta erreskate zakurrak dituzten bolondresak.

Eta halako batean, gauerdi aldera, denak lur-jota utzi zituen albistea heldu zen Osalaneko teknikariarekin batera: “Hemen ez du inork lan gehiagorik egingo, hau amiantoz beteriko eremua da”. Orduak zeramatzaten. “Izugarrizko disgustoa eraman genuen. Oso rollo txarra zabaldu zen bat-batean. Ikustekoa zen zer aurpegi geratu zitzaigun guri, eta operatiboan agintzen zuen BZ-ri, oinetakoak lohiez beterik zituela oroitzen dut. Mundua erori zitzaion gainera”.

"Ez geunden batere ongi prestatuta lan horretarako. Maskarila ziztrinik ere ez genuen eta! Izugarrizko esfortzu fisikoa egin genuen, ahotik edozer sartu zitzaigun"

“Denok dena utzi genuen bat-batean, eta hanka egin genuen handik. Ez geunden batere ongi prestatuta lan horretarako. Maskarila ziztrinik ere ez genuen eta! Izugarrizko esfortzu fisikoa egin genuen, ahotik edozer sartu zitzaigun. Amiantoak mikrofibrak askatzen ditu airera. Ez dakigu egun hartan zer gertatu zitzaigun”. Operatiboaren goiko aldekoek, joaten ari zirela, ibilgailutik harrituta ikusi zuten autopista libratzen ari zirenek lanean jarraitzen zutela.

Suhiltzaileen egoitzara iritsi zirenean, kamioien ateak zabalik utzi eta eraikinera sartu aurretik arropa guztia kendu zuten. Ez zuten suhiltzaile parkea kutsatu nahi. Plastiko poltsetan gorde zituzten interbentzio jantziak desintoxikatzeko, eta zakarretara botatzeko poltsetan norberak azpitik zeraman arropa guztia: azpiko kamiseta, barruko arropa, galtza arinak... dena zaborretara bota zuten. Dutxatu eta arropa berriarekin joan ziren etxera. Lankideen artean kezka bai, baina beldurra batez ere hurrengo goizean zabaldu zen, hedabideetan irakurri zutenean non ibili ziren.

Zerbitzu medikuen arduradunak eta suhiltzaileen arduradunak azalpenak eman zizkieten hurrengo egunean Iurreta eta Derioko suhiltzaileei. “Gu lasaitzen saiatu ziren, garrantzia kentzen. Baina hori gertatu eta astebetera, hiru suhiltzaileren uniformeetan amianto zuntzak aurkitu zituztela jakinarazi zien medikuak”.

“Beldurtuta eta haserre sentitu nintzen. Han sartzen zaituzte, eta badirudi inork ez dakiela ezer. Entzun ditut politikariak esaten enpresa dela erantzunak eman behar dituena: Nola esan dezakete hori? Bai Bizkaiko Aldundiak, bai Eusko Jaurlaritzak bazekiten hor amiantoa zegoela, beraiek ematen dizkiete lizentziak. Nola da posible inork ez ezer esan izana ia zortzi orduan? Txontxongilo batzuk bezala sentitzen gara”, dio haserre. Ez dakite egun hartan zer elementu arriskutsu arnastu ahal izan zuten.

“Gerora jakin dugu han amiantoa zegoela, orain badakigu esponituta egon ginela, hori jada ez dago zalantzan”. Egun hartan Zaldibarreko hondamendira joan ziren erreskate lanetako kide guztiek medikuen jarraipena izango dutela. Bizkaiko suhiltzaileen zerbitzuak bereizi egin ditu ordea zuloak egiten aritu ziren profesionalak eta zabortegian beste zereginetan aritu zirenak. Lehen maila eta bigarren maila. Bigarren hauek kexu dira, esanez denak egon zirela pastel berean sartuta eta airean zebiltzan partikulak edonork arnastu zitzakeela argudiatuz.

Hurrengo egunetik aurrera, suhiltzaileak jantzi bereziekin joan ziren Zaldibarko zabortegira.

Hurrengo egunean horrela jantzita joan ziren suhiltzaileak. Argazkia: Iurretako suhiltzaileak.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaldibarko zabortegiaren krisia
Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


Zaldibarko zabortegira hondakinak baimenik gabe isurtzeagatik Lapurdiko bi enpresa zigortu dituzte

Baionako Auzitegiak ezarri duenez, Basusarrin dagoen Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta Donibane Lohizuneko CBA Artolak 100.000 eurokoa.


2023-10-03 | ARGIA
Zaldibarko zabortegiaren behin-behineko zigilatzea ere Jaurlaritzak ordainduko du

Enpresari eskatu dio lan horiek egiteko Arantxa Tapiaren sailak, baina Verter-ek ez du erantzun. Lanek “bospasei” urterako ziurtatuko dute zabortegiaren egonkortasuna, 750.000 euroko aurrekontuarekin.


Eguneraketa berriak daude