"Ama, aita, ez dut hil nahi"

  • Heriotzari beldurra izatea ez da arraroa, haurrek gaiarekiko kontzientzia hartu ahala. Gau Beltzaren atarian, heriotzak sor dezakeen izua kudeatzeko moduaz aritu gara Naroa Martinez psikopedagogoarekin.

Haurrak bere beldurrak gurekin partekatzea ez da txarra, konfiantza dagoen seinale da. Argazkia: Pikist

2023ko urriaren 31n - 01:55
Azken eguneraketa: 06:11

"Besteen heriotzaren kontzientzia hartzen ari diren garaian (5 urteen bueltan), normala da gauari, iluntasunari, mamuei… beldurra agertzea umeengan; hurrengo goizean hor jarraituko ote dute amak eta aitak? 9 urteen bueltan berriz, norbere heriotzaren kontzientzia hartu ohi da, eta beldur horiek pil-pilean egon daitezke Gau Beltzaren eta Santu Guztien Egunaren ondoko egunetan, heriotza oso presente baitago", azaldu digu Martinezek. Heriotzarekiko beldurra agertu duen haurrak, beharbada, gertukoren baten heriotza bizi izan du berriki; gerrek ere eragina izan dute agian berarengan ("asko pertsonalizatzen dira gerrak, gertuko gerrak dirudite, gertuko hildakoak, beldurraren kultura eta tremendismoa ohikoa da hedabideetan"); eta Gau Beltzaren aldean, Halloween bera ez da oso lagungarria: heriotza biolentoak (odola nonahi, armak) eta emozioak dena batera baina disoziatuta ospatzen dira.

Kontuak kontu, haurrak beldur horiek gurekin partekatzea ez da txarra, konfiantza dagoen seinale da, "eta partekatzen diren beldurrak nolabait arindu eta ahuldu egiten dira, gu indartu egiten gara eta beldur partekatuak samurrago eraman daitezke". Heriotzaz hitz egitea delako lehenengo pausoa, eta horretarako aitzakia ona da Gau Beltza, emozioei eta sentimenduei lotuta heriotzaz elkarrekin aritzeko. Gainera, material eta aukera andana dago Euskal Herrian, gogoratu du Martinez (Coco pelikula edota Edurne Mitxeoren Gau Beltza liburua kasu).

"Partekatzen diren beldurrak nolabait arindu eta ahuldu egiten dira, gu indartu egiten gara eta beldur partekatuak samurrago eraman daitezke"

"Hilko zara?"

"Haurrak galdetu didala hilko ote naizen? Ba ez diot gezurrik esango, baietz, noizbait hilko naizela esango nioke, baina espero dudala ahalik eta beranduen izatea eta momentua aprobetxatzea dela egin dezakegun onena. Egiten dituzten galderei labur eta garden erantzutea da egokiena, batzuetan helduok gu geu konplikatzen garelako erantzunetan, gure beldur eta tabuengatik. Gainera, ez dugu galdera guztietarako erantzuna izango, sarri norberak eraiki behar duelako bere erantzuna, adibidez galdetzen digutenean ea zer dagoen hil ostean; batzuek gauza bat pentsatzen dute eta beste batzuek beste zerbait. Saihestu behar direnak eufemismoak dira. ‘Betiko lotara joan da’ esateak umea eraman dezake lo egin nahi ez izatera, itzuliko ez den beldur; ‘bidaia luze batera joan da’ esateak berriz, abandonu sentsazio izugarria ekar dezake…". Halaxe azaldu zigun Naroa Martinezek, heriotzaren inguruan egindako elkarrizketan.

Beldurra zerbait unibertsala da, biziraupen senari lotuta ere badago, eta helduoi dagokigu haurrei irakastea beldur horiek nola kudeatu behar dituzten. Garbi diote adituek: beldurra duen horretaz hitz egitea funtsezkoa da, okerragoa da isilean eramatea; beldurrak erridikulizatzea eta haurrak beldur horren aurrean duen jarrerari garrantzia kentzea ez da bidea, entzutea, ulertzea, enpatizatzea eta ez epaitzea baizik, emozio eta sentimenduak partekatzea, eta beldur batzuk gainditzeko eta beste batzuekin elkarbizitzen ikasteko akonpainamendua egitea.

Beldurrak erridikulizatzea eta haurrak beldur horren aurrean duen jarrerari garrantzia kentzea ez da bidea

Kasu honetan ere, heriotzaren tabuari aurre egitea, emozioak mahaigaineratzea eta akonpainamendua egitea dira gakoak. Heriotzaz naturaltasunez hitz egiten badugu, "gertuko heriotza bat suertatzen denean bai haurra bai gu prestatuago egongo gara horri aurre egiteko, heriotzan alfabetatuak egoteak tresnak emango dizkigu etorriko diren doluak aurreikusteko eta prozesua –gutxienez teorian– arintzeko, ezezaguna denak beldur handiagoa sortzen baitu". Gaia aurrez landu badugu, haurrak adibidez jakingo du "triste egoteaz gain haserre egotea ere izan daitekeela heriotzari lotutako sentimendua". "Gazteak inongo espaziotan ezer ez kanporatzeko aukerarik ez izatea, horrek kezkatu beharko gintuzke", ohartarazi zigun Naroa Martinezek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Heriotza
Irati Unamunzaga eta Jon Arriaga. Dolu perinatala
"Mina ez da tapatu behar; bizi egin behar da, aurrera egiteko"

Iaz, irailaren 9an, jaio eta egun gutxira zendu zen Irati Unamunzagaren eta Jon Arriagaren umea, Nare. Haurdunalditik beretik, bidearen gazi-gozoak konpartitu dituzte ingurukoekin, naturaltasunez, eta dolu perinatalaren prozesuarekin beste pauso bat egitea erabaki dute:... [+]


Eutanasiari buruzko lege-proiektua jakitera eman du Macronek apirilerako

Liberation eta La Croix egunkariei emandako elkarrizketan, eutanasiari bide emango dion lege proiektu bat bozkatzeko asmoa dutela iragarri du Frantziako presidenteak.


Harrera-egoitzetan suizidioaren prebentzioa lantzeko “behar handia” dagoela ondorioztatu du EHUk

Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait ikertzaileek harrera-egoitzetako nerabeen jokabide suizidak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute gazteen laurdena bere buruaz beste egiten saiatu dela. Salatu dute langile gehienek ezagutza “baxua” dutela.


Dolua eta kalitatezko osasun-sistema publikoa

Duela hilabete batzuk, ahizpak bost hilabeteko haurdunaldia eten behar izan zuen umekiak buruan zekarren deformazio baten ondorioz. Malko artean hartu zuen erabakia, eta berria eman eta bost egunera umea (Xoán) erditzen zegoen Gurutzetako ospitalean (garapen-maila... [+]


2023-12-21 | ARGIA
Eskatzen dutenen erdiak lortzen du Eutanasia Legearekin hiltzea Espainiako Estatuan

2022an 576 herritarrek eskatu zuten hiltzeko laguntza eta 288k lortu zuten Eutanasia Legearen babesa. 2021eko ekainean jarri zen indarrean legea eta, harrez geroztik, 749 pertsonak erabili dute. 2021ean 173 izan ziren eskaerak eta 75 izan ziren onartuak.


Eguneraketa berriak daude