Alaia Martin eta Joanes Illarregi finalerdietarako lehen sailkatuak

  • Irailaren 24an Getxon eta 25ean Arrasaten jokatu dira Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen saioak. Getxon Alaia Martin nagusitu da eta Arrasaten Joanes Illarregi eta ondorioz, bi hauek finalaurrekoetara sailkatu dira zuzenean. Xabier Silveirak azken orduko ezuste bat dela-eta ez du kantatu eta Xabat Illarregik bete du bere lekua, bai saioan eta bai txapelketan. Hurrengo saioak Gotaine-Irabarnen eta Gasteizen izango dira.


2022ko irailaren 26an - 07:31
Alaia Martinek hegan egin du lehen fasean: sailkapenean oraingoz bigarren doanari 40 puntutik gorako aldea atera dio.

600 entzule eta sei bertsolari elkartu ziren Getxoko Muxikebarri zentroan iragan larunbatean, txapelketari hasiera emateko. Lan puntuagarrien ostean, bakoitzak uzta hau jaso zuen sailkapenean: Alaia Martinek 738 puntu, Nerea Elustondok 695 puntu, Agin Laburuk 685, Oihana Bartrak 653,5, Unai Mendizabalek 635 eta Peru Abarrategik 627.

Igandean Arrasateko Amaia antzokia bete zuten 700 lagunek. Xabier Silveira zen bertan kantatzekoa, baina azken orduko ezuste bat dela-eta, Xabat Illarregik kantatu zuen bere ordez. Sailkatzen bada, aurrerantzean ere Xabat Illarregik jarraituko du txapelketan, eta Silveira kanpo geratu da.

Saioaren ostean Joanes Illarregi izan zen puntu gehien batu zituena: 678 puntu. Haren atzetik, hurrenez hurren, Saioa Alkaizak 673 jaso zituen, Iñaki Apalategik 664, Xabat Illarregik 659, Miren Amurizak 646,5 eta Gorka Pagonabarragak 616.

Hurrengo saioak eta sailkapena

Getxon eta Arrasaten lehen postua egin duten Alaia Martin eta Joanes Illarregi zuzenean sailkatu dira finalaurrekoetara, eta biek urriaren 22an Elizondon kantatuko dute, aurreko txapelketan finalista izan zen Unai Agirrerekin batera.

Gainerako bertsolariek, lehen faseko saio denak bukatu zain egon beharko dute, saio bakoitzean lehen postua egiten dutenez gain, beste 13 bertsolari pasatuko baitira finalaurrekoetara, jaso dituzten puntuen arabera. Hemen ikus daiteke nola dagoen puntuazio taula, oraingoz.

Datorren asteburuan jokatuko dira lehen faseko hurrengo bi saioak: urriaren 1ean Gotaine-Irabarnen (hemen ikus daiteke zein bertsolarik kantatuko duten), eta 2an Gasteizen (hemen kantatuko duten bertsolariak).

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022
2023-01-10 | Imanol Lazkano
Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak

Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.


2022-12-25 | Estitxu Eizagirre
Maialen Lujanbio txapeldun hirugarrenez
Biribil bezain zorrotz

Abenduaren 18an Nafarroa Arena euskararen erresonantzia kutxa bihurtu zuten 13.300 bertsozalek. Finala lehenengoz Nafarroan jokatzeaz gain, historiko bihurtu du finalisten osaerak, lehen aldiz hiru emakume aritu baitira kantuan, eta 55 urteren ondoren, nafar bat (edo... [+]


Iruñeko finala eta borroka ederren ordua

Txapeldunaren azken agurra bularrean kolpeka, bertsozalea bakarrik doa kotxera bidean. Sentsazio arraroak, berriak ditu eztarrian korapilatuta. Atea ixtearekin bat, orain bai, orain lasai askatuko du negarra.


Maialen Lujanbio Zugasti
"Aurten ez nuen baitezpada txapela irabazteko derrigortasun edo anbizioa sentitzen"

Euskal Herriko txapela lortu du hirugarrenez Maialen Lujanbiok abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatu zen bertso finalean. Aldaketaz beteriko finala aipatu du jada txapelketako beterano denak, bai taldearen konposizio, bere sentsazio pertsonal eta lekuarengatik... [+]


Eguneraketa berriak daude