Akordiorik ez dute lortu Belfasten negoziazioetan aritu diren bost alderdi nagusien artean, gau osoa negoziatzen igaro arren. Astearte goizean egin dute publiko albistea, urtea amaitu aurretik akordioa lortzea baitzuten helburu.
Komunikabideek argitaratu dutenez, elkarrizketak astearte goizean eman dituzte hautsitzat, AEBetako Richard Haass bitartekari lanetan aritu ostean.
Hiru esparru nagusi izan dituzte hizpide: iraganaren irakurketa bateratua, desfile loialistak eta banderen auzia. Auziok behin baino gehiagotan biolentzia eragin dute Irlandan, Ostiral Santuko Akordioa sinatu eta ondorengo urteetan ere.
Ipar Irlandan Erresuma Batuak duen ordezkari Theresa Villierrek ondorengoa adierazi du: "Negoziatzen ibili diren bost alderdiak animatuko nituzke indar egin dezaten momentu hau mantentzeko, Haass-en taldearekin izan den langiroa. Erresuma Batuko Gobernuak hau nola erraztu ikertuko du".
Oraindik ez dago argi handirik Haassek proposatutako azken agiriaren edukiei buruz, baina Sinn Feinek eta SDLP alderdiek agiria sinatzeko prestutasuna agertu dute. Alliance alderdiak –ez unionista ez errepublikarra– azpimarratu du iraganeko auzietan egin den lan handia eta alor horretan proposatutakoarekin bere adostasuna agertu du, baina desadostasunak ditu desfileen eta banderen alorretan proposatutakoekin.
David Ford alderdi honetako buru eta Ipar Irlandako gobernuko justizia ministroak egindako adierazpenen arabera, alabaina, pentsa liteke akordioa onartzetik oso gertu daudela, batez ere alderdi unionistak gogor kritikatu dituelako eta akordio eza haiei leporatu dielako.
DUP eta UUP alderdi unionisten esanetan, asko aurreratu da, baina ez daude akordioa onartzeko moduan. Eremu guztietan dituzte desadostasunak, baina batez ere desfileei eta iraganari buruzko edukietan. Azken esparru honetan, Haass agiriak iraganean gertatutakoak ikertzeko erakunde berri bat proposatzen du eta baita ere ikerketa eta auziperatzeetan garrantzi handia duen kontzeptu bat: inmunitate mugatua. Honen arabera, norbait auziperatzean ezingo dira bere aurka erabili berak aitortutako delituak, beti ere gatazkarekin zerikusia duten iraganeko delituak direnean.
Orain alderdiek Richard Hasss-en bitartekaritzarik gabe jarraituko dituzte elkarrizketak baina ez dago argi noiz eta nola bideratuko diren.
Richard Haassen adierazpena.
Informazio gehiago:
Haass elkarrizketen azken txanpa Ipar Irlandan, Xabier Letonaren blogean.