Aitziber Zapirain: "Irrati libreok askotan gure burua gutxiesten dugu"

  • Arrosa Irrati Sarea topaketen bosgarren edizioa egingo da martxoaren 24an Ondarroan, eta Aitziber Zapirain Antxeta irratiko zuzendariak topaketon berri eman digu. Herri irratien funtzioaren inguruan mintzatu da, eta azaldu du zenbaterainoko garrantzia daukaten egungo Euskal Herriko panorama politikoan.


2018ko martxoaren 15an - 12:33
Aitziber Zapirain Antxeta Irratiko zuzendaria eta Jon Aranburu Arrosa sareko kidea (Arg: Berria)

Martxoaren 24an egingo diren topaketak Euskal Herriko irrati libreetako kide, langile eta laguntzaileak elkartu asmo ditu bosgarrenez, eta interesa duen edonor Ondarroara hurbiltzea eskatu du Aitziber Zapirainek: “Gertatu izan da, aurrez irratian ibili ez den jendea kuriositatez topaketara gerturatzea eta geroztik bere herriko irratian kolaborazioak egitea”.

Hausnarketarako topaketak izanagatik ere, eguna jai giroan hasiko da, eta jai giroan bukatu. Goizeko 10:30ean ongi etorria egingo da herriko plazan, eta iluntzean kontzertuak izango dira. Tartean, irrati tailerrak eta mahai-inguru bat prestatu dute antolatzaileek.

11:00etan hasiko dira tailerrak, bata software librearen erabilerari buruz, eta bestea irratiko ahozkotasunaren inguruan. “Antolatu ditugun irrati tailerrak [Arrosa ] Sarearen inguruan ikusten ditugun gabezien ingurukoak dira, eta hauek konpontzeko balio dezakete”, azaldu du Zapirainek.

Gaztetxeko herri bazkariaren ostean, mahai-ingurua egingo da. Herri hedabideen funtzioa gatazkan bizi diren herrialdeetan izango da mintzagaia. Antxeta irratiko zuzendariak hizlarien izenak aurreratu ditu, astelehenean konfirmatuko dituzten arren: Leonel Herrara, Asociación de Radios y Programas Participativos de El Salvador-eko zuzendaria;  María Maniosa, bakerako komunikazioan aditua eta Observatori Crític dels Mitjans-eko kidea; eta Maria Aizpuru, Red de Investigación dn Comunicación Comunitaria, Alternativa y Participativa-ko ikertzailea.

Herri irratien funtzioa eta balioak

Mahai-ingururako aukeratutako gaia ez dela “kasualitatea” dio Zapirainek: “Gauzak aldatu diren arren, Euskal Herriko gatazka politikoak bertan dirau. Gatazka horren baitan, irrati libreek eduki dugu funtzio bat, gaur ere betetzen ari garena”. Alabaina, Zapirainek iritzi du herri irratiak ez direla behar beste baloratzen, kontrara, euren funtzio eta egiturak gutxietsi egiten direla, bai “kanpotik”, baita “barrutik” ere. Esan du askotan “irrati libreok gure burua gutxiesten dugula”, Arrosa Irrati Sareak izan dezakeen indarraz ohartu barik. Euskararen normalkuntza prozesuan, kasurako, eragin aktiboa dutela aipatu du.

Horretarako ere izango dira topaketak, “esateko hemen gaudela”, eta herri irratiak egiten ari direnaz kontzientzia hartzeko. Edozein irrati pribatu bezain “profesionalak” direla aldarrikatu du Antxetako zuzendariak.

Arrosa Irrati Sarea Euskal Herriko 23 irrati librek osatzen dute. “Ez da kopuru txikia”, Zapirainen ustez, “kontutan hartuta gainera askok daukaten indarra eta esperientzia”.  Irrati bakoitzak bere ezaugarriak ditu egitura aldetik, baina balio komunak batzen dituzte: gertuko informazioa lantzea, eta Zapirainek dioenez, “modu libre” batean, inork ez baitizkiete “hegalak mozten”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irrati libreak
2024-04-02 | ARGIA
Arrosa sareak Basaburuan egingo ditu aurtengo topaketak, Esan Erran irratiaren eskutik

Arrosa Irrati Sareak Nafarroan ospatuko du lehen aldiz komunikazio librearen aldeko eguna. Mende laurdena bete berri duen Esan Erran irrati txikian dute hitzordua, apirilaren 13an, Basaburuan. "Guretzat elkartzeko egun bat da, elkar gehiago ezagutu eta elkarlanaz... [+]


2023-11-20 | ARGIA
Hala Bediren web orria martxan da berriz ere

Ikasturtearen hasieran zibereraso bat jasan eta hainbat astez webgunea berreskuratzeko lanetan jardun ondoren, bueltan da Hala Bedi irratiaren web orria. Dagoeneko hasi dira ohiko edukia argitaratzen: Arabako aktualitate albisteak, magazinen edukiak, irratsaioen podcastak,... [+]


2023-08-17 | Hala Bedi
Hala Bedi Irratiak 40 urte bete ditu

Hala Bedi Irratiak 40 urte bete dituela ospatu zuen abuztuaren 6an, lau hamarkada lehenago lehen irrati emisioa egin zuen egun berean.


Eguneraketa berriak daude