Petronorreko istripu baten ondorioz, airearen kutsadura maila handitu da Muskizen

  • Muskizko (Bizkaia) Petronorreko gasolina tanke batean isuria izan zen joan den ostiralean, eta ondorioz, bentzeno maila handiak hauteman dituzte inguruan. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du “segurutzat jotako mugen barruan” dagoela isuria, eta ez du segurtasun edo osasun gomendiorik egin.


2025eko abenduaren 9an - 11:45
Azken eguneraketa: 13:27
Petronor.eus
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Joan den ostiralean Petronorreko plantan, Muskizen, isuria izan zen findegiko gasolina tanke batean. Eusko Jaurlaritzaren arabera, beharrezko neurriak berehala ezarri bazituzten ere, airearen kalitatea kaltetu da San Julian auzoaren inguruan. Eusko Jaurlaritza, Osasun Publikoko Zuzendaritzaren bitartez, ezbeharraren bilakaeraren "etengabeko jarraipen zehatza" egiten ari da, eta airearen kalitateari buruzko egungo datuek Muskizko San Julian inguruan eragina izan duela islatzen dute: bertako estazioan ohikoak baino bentzeno maila handiagoak detektatu dira. Hala ere, kaltea substantzia kimiko horrentzat “seguruak diren mugen barruan” mantentzen dela esan du Jaurlaritzak, eta ez du segurtasun edo osasun gomendiorik igorri bizilagunentzat. Gainerako neurgailuetan ez dute aldaketa nabarmenik antzeman. 

Ezbeharra joan den ostiralean gertatu zen. Petronorreko findegiko gasolina tanke bateko sabai flotatzailean arazo bat medio, erregaiaren parte bat sabaiaren gainaldera pasatu zen. Ondorioz, gai kutsagarriak isurtzeko arriskua areagotu, eta enpresak SOS Deietara deitu zuen. Istripua ostiralean izan bazen ere, Jaurlaritzako Osasun Sailak handik bi egunera egin du ohartarazpena, igande gauean. Osasun Sailetik adierazi dute herritarrak informatzeko jarraituko dutela eta "ingurumen eta osasun segurtasuna une oro bermatzeko" lanean jarraituko dutela. 

 


Eguneraketa berriak daude