AHTren alferreko xahuketaren aurka manifestazio nazionala larunbatean Donostian

  • Herri mugimenduko talde ugarik, hala nola hainbat sindikatu, talde politiko eta norbanakok, bat egin dute AHT gelditu! elkarlanak ekainaren 13rako deitutako manifestazio nazionalarekin. Alderdi Ederren da hitzordua, 17:30ean.


2015eko ekainaren 10ean - 23:48
Manifestaziora deitzeko Donostian egindako prentsaurrekoa (Arg.: AHT Gelditu!).
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Modu horretan, Euskal Y-ren aurkako elkarlanak amaiera emango dio apirilean AHT Gelditu Orain! manifestuaren aurkezpenaz abian jarritako kanpainari. Orduko hartan esan zutenez, abiadura handiaren mitoa desegin da EAEn haren lanak hasi zirenetik igarotako zortzi urteotan.

“Proiektu hau inposatu nahian ari direnek ez digute esaten zenbat diru gastatu duten orain arte eta ez dakite zenbat gehiago beharko den aurrerantzean, ezta noiz amaituko dituzten lanak ere”, salatu dute larunbateko manifestazioaren antolatzaileek. Halaber, gogorarazi dute Euskal Y-ak ez duela loturarik ez Madrilekin ez Parisekin, eta EAEko hiru hiriburuen arteko bidaia denborak hasiera batean iragarri zena baino sano handiagoak izango direla, “autoen edo autobusen ia parean egoteraino”.

“Maila bereko zentzugabekeria ikus dezakegu Nafarroan, inondik inora ez doan AHTa eraikitzen ari baitira, Aragoirekin eta EAErekin loturarik ez duena”, gaineratu dute. Gogora dezagun oraingoz 70 kilometro inguru besterik ez duen trenbidea aurreikusita dagoela Nafarroan, Iruñea eta Castejón artean.

AHTren obretara diru publiko gehiegi bideratzeaz gain, azpiegituraren lanak baldintza txarretan egiten ari direla ere azpimarratu dute. Prekarietatea, istripuak (zazpi hildako dagoeneko), lan baldintza negargarriak… trenbidea eraikitzen diren langile askoren errealitatea direla adierazi dute.

Hori guztia ikusita, Donostiako manifestazioa hiru eskari egiteko baliatuko dute: AHTren lanak gelditzea; proiekturako bideratutako dirua jendartearen premia larrienak asetzeko erabiltzea; eta azpiegiturari buruzko eztabaida parte-hartzailea zabaltzea, alderdi tekniko, sozial eta politikoak kontuan hartuko dituena.

 

 


Abiadura Handiko Trena kanalean gehiago
2026ko apirilaren 1
6850

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.