Afrikako Kopa, kontinente baten ispilu

  • Afrikan futbola grinaz bizi dela esatea ez da nobedadea. Tangerretik Lurmutur Hirira eta Dakarretik Mogadisciora, kontinentea osatzen duten 54 herrialdeak eta zientoka hizkuntzak aniztasun kultural paregabe baten isla dira. Aniztasun horretan baloia da afrikar guztiak elkartzen dituen gauza bakarrenetakoa, eta Afrikar Herrietako Kopa bertan jokatzen den txapelketarik garrantzitsuena.


2024ko urtarrilaren 25an - 07:30
Azken eguneraketa: 08:59
Bilboko Athleticeko jokalari Iñaki Williams Ghanako selekzioarekin Afrikako Kopan

Txapelketa horrek, zeinaren 34. edizioa Boli Kostan jokatzen ari den (finala otsailaren 11n izango da), Europako talde boteretsuenen haserrea piztu du, beraien afrikar jokalaririk onenak, denboraldi bete-betean, haien selekzioekin joateko libre uztera behartuak izan direlako. Afrikako Futbol Konfederazioa (AFK) eta Europako kluben arteko gatazka bi urtean behin azaleratu ohi da, alegia, Afrikako Kopa jokatzen den bakoitzean.

2019an txapelketa ekaina eta uztaila bitartean jokatu zenean, bazirudien konponbidea aurkitu zutela, eta 2023ko edizioa berriro sasoi bertsuan egitea espero zen. Baina data horietan Boli Kostan eurite handiak izaten direnez, txapelketa aurtengo negura atzeratzea erabaki zuten. “Ezin dugu arriskurik hartu”, adierazi zuen AFKko presidente Patrice Motsepek.

Europak mesfidantzaz begiratzen duen txapelketa 1957an jaio zen, Eurokopa baino hiru urte lehenago, afrikar herrialdeen independentzietako lehenengo garaian eta panafrikanismoaren mugimendua kontinentean zehar zabaltzen ari zen momentuan. Izan ere, Afrikako futbola Afrika librea baino lehenagokoa da, ingelesen eskutik iritsi zen XIX. mendean, eta deskolonizazio prozesua hasi zenean kontinente osora zegoen zabalduta dagoeneko.

Artxiboko argazkia /  Eplange Library

1955ean Asiar-Afrika batzarra egin zen Bandung-en (Indonesia), eta Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduaren jaiotzari bide eman zion. Urtebete geroago, Egiptoko presidente Gamal Nasserrek nazionalizatu egin zuen Suezko Kanala, eta europar potentzia kolonialen gidaritza irrigarri jarri zuen.

Bitartean, Lisboan, FIFAren batzarra ari zen ospatzen, eta hara ere heldu zen panafrikar sentimendu hori. Egipto, Sudan, Etiopia eta Hegoafrikako ordezkariak bertan bilduta, Afrikako Futbol Konfederazioa osatzeaz aritu ziren hizketan. FIFA, Europako federazioek kontrolatua, aurka agertu zen, baina 1957an AFK jaio zen, eta urte horretan bertan jokatu zen Afrikar Herrialdeetako Koparen lehenengo edizioa, Khartum-en (Sudan). Egipto, Sudan, Etiopia eta Hegoafrika ziren jokatzekoak, baina Hegoafrika deskalifikatu egin zuten, jokalari zuri eta beltzez osatutako taldea aurkezteari uko egin ziolako. Apartheid sistema amaitu arte Hegoafrikako selekzioak ez zuen Afrikako Kopan parte hartu.

Negozioaren bidea

Parte-hartzaileen kopurua handitzen joan zen, herrialdeek independentzia lortu ahala. Aldi berean, munduko kirol txapelketa handien ezaugarriak hartzen joan zen. Europa eta Amerikako herrialdeak futbola propaganda-tresna gisa baliatzen zuten moduan, Afrikako Kopa kontinentearen errealitate politikoaren ispilu bilakatu zen. Horrela, 1960ko hamarkadan, Ghanako selekzioa izan zen nagusi, Kwame Nkrumah presidente eta panafrikanismoaren liderretakoak futbolaren alde eginiko apustua medio. Artean, txapelketaren ospea hazten ari zen etengabe.

1980ko hamarkadan sartuta, Muammar al Kadafi, Hosni Mubarak edota Hassan IIak bazekiten Koparen arrakastaz nola baliatu eta Libia, Egipto eta Maroko txapelketaren anfitrioi izatea lortu zuten. Mandelak ere izan zuen bere Afrikako Kopa 1996an; baita irabazi ere, Hegoafrikako selekzioak parte hartu zuen lehenengo aldian.

2013ko edizioko irudia /  GovernmentZA

Gaur egun, futbol profesionalaren bidetik, Afrikako Kopak negozioaren bidea jarraitu du eta AFKren diru-sarreren iturri nagusiena bihurtu da, munduko korporazio handiek praktikatzen duten kolonialismo era berriari jarraituta. Zentzu horretan, 34. edizioak TotalEnergies Frantziako petrolio konpainiaren izena darama, eta txapelketako finala txinatar kapitalarekin ordaindutako Alassane Ouattara estadio dotore berrian jokatuko da.

Edonola ere, Afrikako Kopa da kontinente osoko jendeak ikusten duen txapelketa bakarra, eta txapelketako partida horiek dira bertako jokalaririk onenetako batzuek “etxean” jokatzen dituzten bakarrak. Futbolari batzuek, jatorriz Mozambikekoa zen Eusebiok edota Senegaleko Patrick Vieirak adibidez, beraien harrerako herrialdeekin jokatzea aukeratu zuten. Beste batzuek, ordea, Alemanian jaiotako Kevin-Prince Boateng edota Euskal Herrian jaiotako Iñaki Williamsek, nahiago izan dute euren jatorrizko herrialdeko selekzioarekin jokatzea. Bestalde, izan dira Afrikako Kopan nabarmendu diren jokalari bikainak, Maliko Salik Keita, Egiptoko Mohamed Salah, Boli Kostako Didier Drogba eta Kamerungo Roger Milla, besteak beste.

Europako kluben haserrerako, aurtengo urtarrila eta otsaila bitartean, kontinenteko hiri eta herrialde bakoitzean buru belarri jarraituko dituzte partida guztiak, eta talde irabazleari jendetzak egingo dio harrera, koparekin itzultzerakoan.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Futbola
2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Lesio larriak, talde kriminala izatea eta gorrotozko delituengatik ikertzen dituzte Indar Gorriko kideak

Asteazkenean atxilotutako Indar Gorriko 61 kideak libre utzi ditu Iruñeko Instrukzioko 4. epaitegiak, behin-behineko askatasunean eta kautelazko inongo neurririk gabe.


Eguneraketa berriak daude