Anjel Oiarbide: "Hau helmuga bat da baina pausoak sendoago emateko abiapuntua"

  • Erabakitzeko eskubidearen aldeko giza kateak sortu dituen erreakzioak eta adierazpenak jasotzen ari gara.


2014ko ekainaren 08an - 00:00
Azken eguneraketa: 21:16

13:16 Laura Mintegi: "Oso gauza pozgarria ari gara ikusten: herritarrek esaten dute-dugu alderdi politikoek ez dutela nahikoa egiten eta bultzaka ari dira. Herritarrak dira hauspoa eta politikook egin behar duguna da herritarren aginduetara jarri. Politikariek eduki behar dituzte hiru edo lau belarri, aho txiki bat eta sudur fina gauzak ondo egiteko. Batzuek kamustua dute usaimena, belarri bakarra daukate eta aho handia. Aurrera begira, inor ez dago soberan. Hemen ez dago bakarrik bi alderdiren botoemailak, hemen badago adskripzio politikorik gabeko pertsonak, alderdi ez-abertzaleei botoa ematen dietenak. Hemen ez da erantzuna ematen aldez aurretik, esaten den bakarra da erabaki dezagun eta ateratzen dena aurrera, bagarela nor erabakitzeko eta gure iritzia eman nahi dugula. Ez da ulertzen Gure Eskuren arrakasta ez balitz egon jendearen nekadura edo asperdura alderdi politikoekiko. Zenbait alderdi desbideratu dira askotxo beren jatorrietatik. Azken finean kalean eskatzen zaigu politikarioi kalearekiko uztardura berreskuratzea".

12:50 Xabier Euskitze, Urretxun: "Batzuek beldur ziren hemen igoal pertsona batek bi metro eta erdi hartu beharko zituela eta abar... hemen metroko bi pertsonako bagaude gutxienez! Munduko beste euskaldunei mezu hau zabaldu nahiko nieke: hemen herri bat dagoela bere etorkizuna erabaki nahi duena ezberdintasunen gainetik eta horren bila ahalegintzeko prest gaudela. Nahasketa eder eta aberasgarria ari gara ikusten gau, ilusio parrasta bat behar zuen herri honek, ilusioa, zerbait eraikitzeko eta elkartzeko gai garela erakustea. Gaurkoa mugarri garrantzitsua izango da, beti gogoratzeko modukoa. Gaur nor garen ari gara erakusten, gure nortasunaren adierazgarria da gaur hemen gertatzen ari dena".

12:45 Kike Amonarriz, Beasainen: "Irakaspen asko atera daitezke gaurko egunetik. Bide berriak, hizkuntza berriak... Gaurkora iristeko eman diren urratsetan sakondu beharko litzateke. Fase berri batean gaudela denok dakigu, baina gaurkoak gauza berrri asko erakutsi ditu. Etorkizuna gure esku dago".

12:25 Angel Oiarbide, Lazkaon: "Gu ikaragarri lasai eta pozik gaude. Gaurkoa poza sentitzeko eguna da, sentitzeko hemengo ilusioa. Hau helmuga bat da baina pausoak sendoago emateko abiapuntua. Bi norabide genituen gaur. Garrantzitsuena zen barrura begirakoa, euskal herritarrentzako hau sentitzea, demostratzea gai garela bildu eta oinarri amankomun baten gainean etorkizuna irudikatu eta pausoak emateko... Hori zoritxarrez gauza ezezaguna izan da orain arte, baina gaur milaka herritar atera dira kalera eskua ematera elkarri. Gizarte bat dago hemen eman beharreko urratsei babesa eskaintzen. Elkarlana izan da garrantzitsua, aurreiritziak gainditzea. Bigarrena kanpora begirako norabidea zen: munduari begira ekintza garrantzitsua izan dau. Aurten milioika lagun daude Europako bi punturi begira, Eskoziara eta Kataluniara. Gaurko helburua zen erakustea gai garela dei egiteko munduari, hemen gaudela eta geuk erabaki nahi dugula erakusteko. Atzerriko hedabide pila bat dago hemen. Katalanak eta eskoziarrak mahai gainean gaude, euskaldunok gai izan behar dugu mahai gainean egoteko. Gizakatearen bihotzetik, mezu sinple bat: euskaldunak nazio ikuspegi ezberdineko jendea gaude baina elkarrekin erabaki nahi dugu zer izan nahi dugun, ez zer garen baizik eta zer izan nahi dugun. Tresna hori gure hartu dugu gaur, herritarrak hasi gara eskubide hori barneratzen. Edozein motor martxan jartzeko gasolina ilusioa da eta orain arte garesti egon da. Baina herritar bakoitzaren iturritik hasi gara elikatzen, gure esku dago ilusio hori elikatzea. Kanpotik zer etorriko den zain egon gabe geure barruan begiratu. (...) Hemendik aurrera zer? Gu guztion esku dago zer izango den. Hemen oinarria jarri da, besterik ez. Oinarriaren inguruan sortu da adostasuna. Baina dena dago egiteko. Hori oso ona da, eraikitzeko lanean denen beharra dagoelako. Hemendik aurrera segi biltzen, ahalik eta anitzena, ahalik eta gehien parte hartzen, nola eraiki aztertu, txoko guztietara zabaldu.... Udazkenera begira fruituak ikusi behar dira. Gai izan behar dugu adosteko ea zer daukagun eskaintzeko euskal gizarteari. (...) Guretzako garrantzitsuena da hau sentitzea, hau bizitzea, sentitzea gai garela elkarrekin aurrera egiteko, txikiegiak gara elkarren kontra aritzeko, elkartu beharrean gaude. Hau hasi baizik ez da egin, aldarrikatzetik gauzatzerako bidea egin behar dugu."

12:20 Maddalen Iriarte, Durangon, 0 kilometroa: "Katea abiatu duena izan da Durangoko bonbaketa nozitu zuen herritar bat eta beharrezkoa zen munduari hau oroitaraztea. (...) Hamaika hilabeteotan lan handia egin da, agenda bat markatu da, adierazi da 'guk hau nahi dugu'. Ez da erraza izango baina erabakitzeko eskubidea daukagu, gero jendeak erabakiko du nahi duen edo guk nahi duguna edo beste aukera bat".

12:15 Xabier Letona: "Sekulakoa da hau bizitzea. Hemengo lagun batzuk harritzen dira ikusita gu lanean, agian ez dira ohartzen zein pozik eta harro ari garen gaur honen guztiaren lekukotza zabaltzen".

11:57 Jon, Lekeitiokoa: "Kataluniako giza-katean parte hartu nuen. Horrelako une historikoak ez dira galdu behar, eta bitan posible baldin bada are hobeto. Garrantzia handia dauka honek, ez da asmo bat bakarrik, ekintza da, parte hartze eredua. Gero eta parte hartzaileagoa egin behar dugu gizartea. Egun-pasa hau gertakari historikoa da eta etorkizunean ondorioak izango ditu, dudarik gabe".

11:40 Estitxu Eizagirre, Iruñean: “Hedabideoi dagokigunez, nik azpimarratuko nuke parte hartzea. Alde batetik nola egin dugun dinamika bat lanean, herrietako lan taldeek egin duten moduan, hedabide sail handi bat ere elkarlean biltzeko. Eta bestetik zenbat bideo, irudi, idatzi, eta abar sortzen ari garen hainbeste jenderen artean".

11:25 Gotzon, oñatiarra, Arrasaten: "Gaur zoriondu nahi dut Euskal Herri osoa. Hau handia da. Dena oso ondo doa. Kanpoko jende asko ikusten dut, katalanak, eta abar. Horiek ere ikusiko dute nortzuk garen euskaldunok".

11:16 Galder Perez, Lazkao, 61. kilometroa: “Gaurkoa denon bihotzetik atera eta eskuetan gauzatuko da. Ekintza sinbolikoa da, eskua ematea herritarrei eta herritarrei hitza ematea aldarrikatzea. (…) Oso polita izan da autobuseko bidaia, gure bidaia, beste autobusak ikustea, gure aurretik lekuetara iritsitako jendea ikustea bidean… Oso hunkigarria izan da”.

11:08 Jesus, Iruñean, Antoniutti parkean, 123. kilometroa: "Sekulako poza dago hemen, ea azkenean uzten diguten gurea adierazten eta zerbait lortzen dugun. Gutxienez entzun gaitzatela".

10:50 Kirmen Uribe: "Guztiz bat nator ekimen honekin eta bere izpirituarekin, horregatik jarri nion hitza Gure Esku Dagoren kantari. Ekimen baikor bat, aurrera begira jendea bilduko duena. Hasieran hiru-lau lagun izatetik ikusi noraino hazi den. (...) Hemendik urte batzuetara gaurkoaz gogoratzean aipatuko ditugu 'hastapena', gero 'indarra' eta 'poza', baina batez ere 'hastapena', bidea hasi egin dugulako eta orain egin egin behar dugu bukatu arte. (...) Gizarteek beti aurrera egiten dute gizarte zibila mugitzen den neurrian. Hori da bidea, behetik hasi, lurretik, eta gauzak aldatzen joan. (...)  1960. hamarkada berri bat ari gara ezagutzen, alor askotan. Gure erabakitzeko eskubideaz, gizarteak hori nahi baldin badu, ezingo diote eragotzi, Interneten aroan bizi gara, oztopoak egongo diren aurren aurrera egingo dugu".

10:45 Amaia, Durangon: "Giza-kate honetan gaude Euskal Herri libre bat nahi dugulako, besterik gabe. Antolaketa aldetik ikusten da normalean ikusten ez duzun jendea, jende ezberdina, eta hori pozgarria da. Haurrarekin etorri naiz: ea berak lehenbiziko pasaportea euskalduna daukan!".

10:25 Gaizka Aranguren: "Etxean seme-alabekin gosaltzean esan diet: 'Gaur egun gogoangarria izanen da'. Gaurko eguna historikoa izanen da, hamarka urte barru ere gogoratuko dugu bertan parte hartu dugunok. Hau ez da ezeren bukaera, hasiera baizik. (...) Beren buruak abertzaletzat ez dauzkaten askok ere bat egin dute gaurko aldarrikapen honekin, erabakitzeko eskubide demokratikoaren alde, hau oinarrizko eskubide bat delako".

10:00 Hainbat hedabidek zuzenean eman behar duten streaminga prest dago. Durangotik Iruñera arteko giza-katean zehar bildutako adierazpenen hautaketa eskainiko dugu hemen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gure Esku
Gure Esku-k ‘Herri libre bat’ dinamika aurkeztu du

Datozen bi urteetako erronken berri eman du erabakitze eskubidearen aldeko ekimenak larunbatean Bilboko Kafe Antzokian. “Herri libre bat nahi dugu, mugimendua sortu nahi dugu, herria martxan jarri eta elkarlana bultzatu nahi dugu”, adierazi dute.


Espainiako Vueltan errepideak euskal ikurrez betetzeko deia egin dute astebururako

Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.


"Popatik hartzera" bidali ditu ertzain batek hiru lagun, euskaraz aritzea eskatzeagatik

Hiru emakume euskaraz zuzendu zitzaizkien ertzain batzuei, jatetxe batengatik galdezka. Polizietako batek erantzun zien euskaraz bazekiela baina ez zuela erabiliko, eta "popatik hartzera" bidali zituen. Ertzainari plaka eskatu zioten orduan, eta poliziak erdiko hatza... [+]


2023-06-20 | Hala Bedi
Trebiñuren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du Gure Eskuk

Trebiñuko herritarrek bizi duten egoera "anakronikoa" salatu zuten igandean.


Eguneraketa berriak daude