Abade antifrankisten oroimena berreskuratzen duen dokumentala aurkeztu dute

  • Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian  aurkeztu dute Apaiz Kartzela, diktadura garaian Zamoran giltzapetutako abade antifrankisten borroka kontatzen duena.


2021eko apirilaren 30an - 16:42
Abadeak Zamorako kartzelara itzultzen dira dokumentalean (arg.: Giza Eskubideen Zinemaldia)

Ostegunean eman zuten lehen aldiz Donostiako Antzoki Zaharrean Apaiz Kartzela ikus-entzunezkoa, Oier Aranzabal, David Pallarès eta Ritxi Lizartzak egina, Giza Eskubideen Zinemaldiaren 18. edizioko egitarauaren barruan. Dokumentalak Zamorako apaiz kartzelan giltzapetutako abadeen historia kontatzen du, euren borroka antifrankistarengatik zigortuak. Prentsaren aurrean egindako aurkezpenean, haietako hainbat abade izan dira, tartean dokumentaleko protagonistetako batzuk, hala nola Xabier Amuriza eta Josu Naberan.

Zamorakoa apaizak kastigatzeko propio sorturiko munduko kartzela bakarra izan zen, Francoren erregimenaren eskutik, eta 1968 eta 1976 artean dozenaka euskal apaiz sartu zituzten bertan urte askotarako, euren sermoietan Eliza Katolikoaren hierarkiak frankismoarekin zuen jarrera salatu zutelako, besteak beste. Espainiak eta Vaticanoak 1953an konkordatua sinatu zuten eta horren ondorioz eraiki zuten, gerora, Zamorako kartzelan pabiloi berri bat, abade antifrankistak giltzapetzeko aukera bakarra hori zelako.

Kartzelaratutako lehen abadea Alberto Gabikagogeaskoa izan zen, 1968ko bere homilia batean euskal herritarrek jasaten zituzten torturak aipatzeagatik: “Gu seminariotik atera ginen pentsaturik politika alde batera utzi behar zela eta otoitz egin behar zela. Baina konturatu ginen frankismoak bi habe nagusi zituela: kapitalismoa eta Eliza”, dio dokumentalaren zati batean.

Abade horietako asko izan ziren, hain justu Gogor taldearekin 1968an Bilboko gotzaindegian eta Derioko seminarioan itxialdi sonatuak egin zituztenak. 60ko hamarkadan horien borroka oso ezaguna izan bazen ere, gerora jendartearen gehiengoak ahaztu egin du. 2013an Maria Servini de Cubría epaileak frankismoko krimenak epaitzeko abiatutako Argentinako kereilarekin bat egin zuten 16 apaizek.

Apaiz kartzela dokumentala Maluta Filmsek ekoitzi du eta aurrerapen bat eskaini zuten 2019ko abenduaren 7an, Durangon. Apaiz horietako lau Zamorara itzultzen dira eta kartzela barrura sartzen dira “ahanzturaren aurkako ez-ohiko bidaia” horretan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frankismoa
Zamorako apaiz kartzelako ihesa Santiago Carrillo buruzagi komunistak zapuztu zuen, lekuko baten arabera

1971n hainbat euskal abadek Zamorako espetxe hartatik ihes egiteko plana bertan behera geratu zen, poliziek tunela deskubritu ondoren. Nicanor Acosta abade-ohi komunistak Apaiz Kartzela dokumentaleko egileei elkarrizketa batean esan zien Santiago Carrillo izan zela salatzailea:... [+]


Frankismoak errepresialatutako emakumeen izenez jantziko dira Txantreako karrikak

Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.


Tefia, homosexualak zigortzeko eremua

Fuerteventura (Kanariar Uharteak), 1954ko otsailaren 11. Tefiako Nekazaritza Kolonia abian jarri zuten uharteko aireportu abandonatuan, basamortuaren erdian. Nekazaritza kolonia eufemismoaren atzean, praktikan, kontzentrazio eremua izan zen Tefia, nagusiki LGBTI komunitateko... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Eguneraketa berriak daude