ARGIA.eus

2021eko irailaren 23a

84 pertsona hil dira Sudanen ekainetik izan diren euriteetan

  • Ekainetik urrira arte, euriteen sasoia izaten da herrialdean. Aurten, 84 hildako eta 67 zauritu eragin dituzte uriolek, eta 102.000 pertsona gehiagori eragin diote; tartean, Hego Sudaneko errefuxiatuei. Hainbat GKEk biztanleak arrisku guneetatik ebakuatzeko deia egin dute.

Iraitz Madariaga Etxebarria
2021eko irailaren 14a
Nilo Zuria eta Nilo Urdina elkartzen diren puntua, Khartum Sudango hiriburutik hurbil. Argazkia: Antisyntagmatarchos

Uriolen eraginez, dozenaka biztanle hil dira elektrokutatuta, eraikinek zapalduta eta itota. “Guztira, 84 pertsona zendu dira eta beste 67 zauritu zenbatu dituzte Sudaneko hamaika estatutan, euriteen sasoia hasi zenetik”, azaldu du Abdel Jalil Abdelreheem herrialdeko defentsa zibileko bozeramaileak. Halere, kasuek gora egin dezakete, euriteak ekainetik urrira arte luzatu ohi baitira Sudanen.

Nazio Batuen Erakundeak argitaratutako datuen arabera, euriteek 102.000 pertsonari eragin diote. Gainera, urak 8.400 etxe suntsitu ditu eta beste 27.000 kaltetu. Bizilekuak eta jabetzak galtzeaz gain, herritarrei epe luzeko eraginak ekarriko dizkie gertaturikoak. Izan ere, gune askotan nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi dira, eta urak uztak galtzea ekarri du.

Nazio Batuen Gai Humanitarioak Koordinatzeko Bulegoak kaleratutako txostenean, iraila hasierako datuak bildu dituzte. Hilaren 4 eta 6 artean, euriteek Nilo Zuria estatuko 53 herriri eragin diete. 61.000 pertsonak (12.000 familia) jasan dituzte bere efektuak: horietatik 35.000 Hego Sudaneko Errepublikako errefuxiatuak izan dira.

Ibaien ur maila 16 eta 17 metro bitartera heldu da. Inguruetako herritar asko lekualdatu egin behar izan dituzte, eta beste hainbat hurbileko eskoletan eta osasun zentroetan sartu dira babes bila. GKEk biztanleak arriskutsuak diren guneetatik ebakuatzeko eskatu dute: Nilo Zuriko estatuko Laguntza Humanitarioko Batzordeak eta Sudango Ilargi Gorriak ontziak erabili nahi dituzte ebakuazioetan laguntzeko. Bereziki Juda, Kilo 8, Kilo 4 eta inguruko herrietan dute jomuga erakundeek.

2020ko datuak

Duela urtebete, Sudanek hiru hilabetez luzatu zen larrialdi egoera ezarri zuen euriteen ondorioz. 2020an, gutxienez 100 pertsona hil ziren. Bestalde, 650.000 lagunek jasan zituzten euriteen eraginak eta 110.000 etxe suntsitu eta kaltetu ziren, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Bulegoaren arabera. Orduan ere, ibaiak 17 metro inguruko ur mailara igo ziren, eta errefuxiatuen kanpamentu ugari urperatu zituen.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Sudan  |  Larrialdi klimatikoa  |  Sudan

Sudan kanaletik interesatuko zaizu...


Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude