8 apunte kalitatezko kazetaritzaren etorkizunaz

  • Azken bi egunetan  150 bat lagun bildu omen gara Leioan, ‘Kalitatezko Kazetaritzaren Etorkizuna’ jardunaldietan.  14 hizlari interesgarrik, hainbat ikuspegi eskaini eta ehunka galdera gehitu dizkiote jatorrizko galderari: zein da kazetaritzaren (hedabideen, kazetarien, euskarrien…) etorkizuna? Erantzun bat edo beste ere bai, baina jardunaldiek zerbait eman badute, gogoetarako gaia da hori. Hona mundua konponduko ez duten (eta iruzkinen bidez aberastu ditzakezuen) zortzi apunte.


2013ko azaroaren 06an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Maddalen Iriarte, Bea Zabaldondo eta ARGIAko Lander Arbelaitz Kalitatezko Kazetaritzaren Etorkizuna jardunaldian.

1. #TRAOLLABURRAKMESEDEZ

140 karakteretan idazten ikasi dugula eta, batzuek laburtasuna muturreraino eraman nahi dute.  Jardunaldien antolatzaileek #kalitatezkokazetaritza erabiltzea proposatu bazuten ere, lehenengo hitzaldia hasi orduko  txiolariak matxinatu eta #kalikaz erabiltzeko hautua egin zuten. Azken hau izan da gailendu dena. Karaktereek urrea balio dute.

2. EKIDISTANTZIA EZ DA KAZETARITZA (DUINA)

Kalitate hitza definitzea ez da erraza, baina bada hizlari gehienek errepikatu duten zerbait: kazetariak egia bilatu behar du. Halere, errazagoa da kalitatezkoa ez dena definitzea: ekidistantzia, propaganda, informazio esanguratsua estaltzea… Ezin da eguna batak eta besteak esan duena bere horretan biltzen eman, ez behintzat horretan geratzeko asmoarekin. Mariano Ferreren arabera, hiru faltsutasun mota daude: gezurra, eufemismoa eta neo-hizkuntza. Horietatik ihes egin behar du kazetariak. “Etorkizuneko kazetaritzak informazio hutsa baino gehiago eskaini beharko du”. Filtro-lana, analisia, iritzia, ikerketa…

3. BULEGOKO KAZETARITZA

Inork ez du bigarren puntua zalantzan jartzen. Baina ba al ditu kazetariak horretarako baliabideak? Badu denbora?  Sareak mundua etxera (edo bulegora) ekarri digula dirudi, eta hala da neurri batean. Baina, uste horrek, agendak, eta albisteak sarean zabaltzen lehenengoa izan nahiak ez ote du ikerketa edo analisirako gaitasuna kaltetzen?

4. DOAKOA?

Demagun baietz, egiara ahal beste hurbiltzeko denbora eta aukera duela kazetariak. Baina baliabide ekonomikoak? Lander Arbelaitzek dioen bezala “internetek eskaintzen dituen baliabide guztiak ekonomikoki jasangarria den moduan erabiltzea da erronka”. Zenbait hizlarik edukiak dohainik eskaintzeak kazetaritza debaluatu dutela adierazi dute, kalitatezko kazetaritza egin ahal izateko ordaindutakoa behar duela izan. Bigarren baieztapenarekin, neurri batean, (batik bat euskarri fisikoa, lehenago edo beranduago desagertu egingo bada,) ados nago.  Baliabide teknikoak (sare sozialak, webguneak…) edonoren eskura daude, baina kazetariak jan ere egin behar du. Edukiak doakoak badira, kapitalaren babesa duten hedabide/kazetariek soilik biziraun ahal izango dute.

5. “EUSKALZALETASUNAREN KREDITU TXARTELA EZ DA AGORTEZINA”

Dena ez da txuri edo beltz; doakoa edo ordaindua. Aukera gehiago ere badaude, horrek edukien kalitatea eta biziraupena bermatuko duela esanez  komunitateari babes ekonomikoa eskatzea, edota  borondatezko ordainketa egiteko aukera ematea hala egin nahi duenari, esaterako. Egun oraindik (jatorriz paperekoak diren) euskal hedabide askoren sostengua papera dela esango nuke; harpidedunak , oro har. Baina hori bukatzen bada, nahikoa izango da hartzaileen borondatezko ekarpena? Martxelo Otamendik bota du bosgarren ohar honen izenburua den esaldia, eta aintzat hartzekoa da. Sarean, Berria irakurtzen duenak, Argia, Naiz, Topatu, Ateak Ireki, EiTB eta beste hainbat hedabideren edukiak ere kontsumitzen ditu ziur asko. Zenbat lagunduko ditu?

6. HEDABIDEAK vs KAZETARIAK

Oro har hizlariek hedabidearen garrantzia azpimarratu dute, kazetariarentzat ezinbesteko euskarria dela esanda. Hedabideak zein kazetariak edukiak zabaltzeko baliabide bertsuak ditu sarean, eta beraz, kontrakoa esan gabe, zalantzagarria iruditzen zait. Twitterren intereseko zaizkidan kazetari, aditu eta elkarte guztiak jarraitzen baditut, ez ahal du neurri batean horrek hedabidearen papera betetzen?

7. SAREKO HERRI-HEDABIDEAK

Euskal Herrian asko dira (gero eta gehiago) herri-mugimenduei ahotsa emateko asmoz sortu diren eta edukiak zabaltzeko sarea soilik erabiltzen duten hedabideak (Topatu, Piztu, Ateak Ireki…). Haien ahotsa eta ikuspegia faltan izan dut jardunaldiotan.  Kalitatezko lana ari dira egiten, eta hedabide tradizionalak baino eraginkorrago izan dira zenbait egoerari aurre egiteko. Haiek ere lan horri eusteko oinarri ekonomiko bat beharko dute, ezta? Baieztapenekin ez naiz ausartzen, baina hona beldur pixka bat eragiten duen galdera: Tokiko herri-hedabideen sareak, hainbat gaietako adituen iritzi-blogekin batera,  hedabide tradizionalak ordezka ditzake?

8. HELMUGA NON DAGOEN EZ DAKIZUNEAN, BIDEA DA BIZILEKUA

Galdera asko erantzun gabe geratu dira, eta egiaztatu dugunez, hemengo zalantza berberak dituzte beste herrialde eta nazioetan ere. Baina (berriz ere) Martxelo Otamendik bota duen esaldia azpimarragarria iruditu zait: “helmuga non dagoen ez dakizunean, bidea da bizilekua”. Inork ez daki ziurtasunez datozen urteetako bilakaera zein izango den, baina asmatzeko, ezinbestekoa da jarrera irekia izan, gauzak probatu eta etengabe moldaketak egiteko prest egotea. Hasierarekin asmatu izanak ez du ezer ziurtatzen, baina ezinbestekoa da aurrera egiteko.  Zentzu horretan, gurean aitzindaria izan da Argia, eta ezbairik gabe, jarrera horrek merezitako fruituak eman dizkio.

Asko izango duzue nik botatakoen kontra esateko. Horretarako dituzue iruzkinak.

P.D.: Onartu behar dut ez dudala Maria Gz. Gorosarri, Irati Agirreazkuenaga eta Luistxo Fernandezek osatu duten mahai-ingurua jarraitzerik izan, beraz, bertan esandakoak ez ditut aintzat hartu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hedabideak
ETBk 40 urte
Ardatz bertikala, erabakien adierazle

40 urte bete ditu euskal telebistak, eta 40 urteko ibilian goitik behera aldatu dira gauzak: telebista konbentzionala etxe batzuetan egotetik, guztietan presentzia hartzera pasatu da; baina egun, ikus-entzunezkoak nahieran ikusteko gehiago baliatzen da telebista,... [+]


2024-04-14 | Diana Franco
Teknologia
Desinformazioaren jokoa

Askotan pentsatzen dut informazio larregi jasotzen dugula, eta, zeinen ondo bizi den ezjakintasunean. Hainbeste informaziorekin, pertsona xumeok botere ezberdinen helburuak eta horiei loturiko jokabideak ulertzeko ditugun aukerak inoiz ez bezalakoak direla dirudi. Baina ez da... [+]


2024-04-04 | Ahotsa.info
Ahotsa.info, 10 urte kalean Nafarroa eraldatu nahi dutenei ahotsa ematen

Ahotsa.infok 10 urte egin berri ditu lanean. 2014an jaio zen, Nafarroa maila sozial eta politikoan eraldatu nahi zuten haiei ahotsa emateko asmoz. Intentsitate handiko testuinguru batean, UPNk agintzen zuen eta Nafarroako Gobernuaren aurkako oposizioa kalean mobilizatzen zen,... [+]


2024-04-02 | ARGIA
Arrosa sareak Basaburuan egingo ditu aurtengo topaketak, Esan Erran irratiaren eskutik

Arrosa Irrati Sareak Nafarroan ospatuko du lehen aldiz komunikazio librearen aldeko eguna. Mende laurdena bete berri duen Esan Erran irrati txikian dute hitzordua, apirilaren 13an, Basaburuan. "Guretzat elkartzeko egun bat da, elkar gehiago ezagutu eta elkarlanaz... [+]


Eguneraketa berriak daude