65 egun greban eta konponbiderako seinalerik ez

  • Gipuzkoako errepideetan mantenu lanak egiten dituzten langileek luze daramate borrokan azpikontratazioak ekarritako lan baldintza eskasak alda daitezen. Maiatzaren 13rako mobilizazio handia iragarri dute Donostian.


2016ko maiatzaren 04an - 07:00
Errepideetako baldintza prekarioek Gipuzkoako Aldundiak egindako esleipen merkeetan dute jatorria, langileen esanetan (argazkia: ELA)

Martxoaren 1ean ekin zioten grebari eta jadanik 65 egun daramatzate ohiko lanik egin gabe Gipuzkoako errepideen mantenuaz arduratzen diren hiru aldi baterako enpresa-elkartetako (UTE Miramon 2014, UTE Goierrialdea, UTE Urola-Deba) ia ehun langileek.

Azpikontratazioak erasandako sektore honetan –gutxienez dozena erdi bat enpresek osatutako sozietateak dira– 12 orduko lan egunak egiten ari dira, greba deitu duen ELA sindikatuaren esanetan, eta 2009tik soldata izoztuta dute.

Prekarizatze horrek Gipuzkoako Aldundiak egindako esleipen publikoetan du jatorria, langileen esanetan. Kontzesioak gero eta prezio baxuagoan esleitzen ditu eta enpresek galerak ez izateko langileen baldintzak estutu dituzte.

Bestalde, eraikuntzako hitzarmenean daudenez, lan mota horretako berezitasun eta arrisku egoera larriak ez dira kontuan hartzen. Hori guztia erregularizatzeko ere ari dira borrokan.

 

Mugimendurik ez Foru Aldunditik

Aldundiaren jarrera salatu du ELAk: hasieran euren argudioei “arrazoia eman”, baina ondoren greba “ikusezin” egin nahi izan duela dio sindikatuak, esaterako N-1 errepideko gutxieneko zerbitzu-lanak egun argitan eginaraziz.

Denbora tarte honetan zuzenean interpelatua izan den arren, foru erakundea hasierako posiziotik ez da mugitu. Enpresekin hitzarmena aurreko legealdian sinatu zela gogorarazteaz gain, duela hilabete esandakoa berretsi dio astekari honi, hau da, enpresa eta sindikatuei “negoziatzeko” eskatu die.

Aitzitik, ELAk dioenez Bide Azpiegitura saila jakitun da enpresetan “negoziatzeko tarterik ez dutela”, esleipenetako “beherapenak” medio, eta ardura Aldundiaren gain jarri du, enpresok errepide publikoen mantentze lanetan dihardutenez bere menpe baitaude.

Maiatzaren 13an zita Donostian

Gipuzkoako errepideetako langileek bi hilabete baina gehiagoko greba behar izan dute euren aldarrikapenek nolabaiteko oihartzuna izaten has daitezen. Maiatzaren Lehenaren bueltan egin mobilizazioetan nabarmendu dira, esaterako. Apirilaren 29an Gipuzkoako Aldundiaren egoitza aurrean bildu ziren eta ELAk langileen iritzia jaso zuen bideo batez:

 

Langileak egunero ari dira protestan, baina instituzioetatik konponbiderako seinalerik ikusten ez dutenez mobilizazioak bizkortu egingo dituztela jakinarazi dute ELAtik. Hala, maiatzaren 13an ekitaldi handi bat antolatu dute, 11:30etan Donostiako Boulebarrean, euren aldarrikapenak errepide bazterretik kalearen erdira eramateko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
Mutualitateek osasuna negozio bihurtu dutela salatu dute

Gizartea kontzientziatzeko eta informatzeko kanpaina bat abiatu dute LAB, CGT, STEILAS, ESK, CNT eta LSB-USO sindikatuek, Nafarroako Osasun Plataformak eta Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak.


Grebaren eta langile borrokaren balioak aldarrikatu dituzte sindikatuek Maiatzaren Lehenean

Milaka langile elkartu dira Iruñean, Bilbon, Gasteizen, Donostian, Baionan eta Maulen egindako manifestazio eta ekitaldietan. Langile eskubidea defendatu eta lortzeko, greba erreminta ezinbesteko gisa aldarrikatu dute sindikatu guztiek. LAB lehen aldiz... [+]


Manifestazio eta aldarri ugari Maiatzaren Lehenerako

ELA sindikatuak mobilizazioak egingo ditu Bilbon eta Iruñean, eta LABek, berriz, Iruñean.


2024-04-18 | Gedar
Lanuzteei ekin diete berriz Trapagarango Amazonen

Aste honetan egiten ari dira lanuzteak, lan-baldintzetan hobekuntzak exijitzeko. Aurreko hiru hilabeteetan ere izan dituzte grebak.


Eguneraketa berriak daude